Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan
Menua
Uztailaren 11n eta 12an Usurbilen

'Maitasuna politikoa da' Jakin Jardunaldiko lekuak beteta

Mari Luz Esteban, Lorea Agirre, Oihane Ruiz, Leire Milikua, Jone Arrazola Maiztegi, Nora Salbotx, Ula Iruretagoiena eta Jone Minerrek hartuko dute parte, besteak beste.

2019-05-15

Maitasunaren ideologiak gure buruak, gure harremanak eta gure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertuko du aurtengo Jakin Jardunaldiak. Horretarako, antropologoak, arkitektoak eta hezkuntza arloko adituak elkartuko ditu Usurbilen, uztailaren 11n eta 12an. Jakin, UEU eta Usurbilgo Udalaren elkarlanari esker antolatu da jardunaldia hirugarrenez, eta  lekuak bete dira, 60 lagunek baino gehiagok eman baitute izena.

 

Maitasuna deseraiki eraikitzeko

«Maitasuna politikoa da ideologia bat delako eta bizikera eta bizileku eredu jakin batzuk eraikitzen dituelako», ziurtatu du Lorea Agirre Dorronsoro Jakineko zuzendariak eta jardunaldiko hizlariak. «Maitasuna ulertzeko dugun moduak gizarte harreman eta gizarte antolamendu jakin batzuk eratzen ditu eta horiek berekin dituzte botere harremanak eta menderakuntza moduak. Harremanen arkitektura horrek guztiak bere hirigintza eta bere arkitektura ditu». Horregatik, proposamena: «Ikus dezagun nolakoa den maitasunaren ideologiaren eraikuntza eta sortzen duen arkitektura. Eta saia gaitezen ikusten ea maitasuna beste modu batez ulertzeak bizikera eta bizileku bizigarriagoak eta berdinzaleagoak eraikitzea ekar lezakeen».

Hain zuzen ere, Lorea Agirre Dorronsoro arduratuko da jardunaldiari sarrera orokorra egiteaz. Ikuspegi antropologiko batetik, maitasunaren ideologiaren oinarriak aletuko ditu, horiek sortzen dituzten gizarte egiturak agerian uzteko. Mari Luz Esteban Galarzak, maitasunaren ideologian aditu nagusietakoa den antropologoak, berriz, maitasunaren ideologia deseraiki eta erdigunetik ateratzea planteatzen du, bestelako balioak erdigunera ekartzeko, adiskidetasuna edo justizia nola, eta horien baitan gizartea berrantolatzea proposatuko du. Honekin batera, Jone Arrazola Maiztegi antropologoak urbanismo habitatuaz hitz egingo du, emakumeak espazio publikoan nola harremantzen diren azaltzeko.

Oihane Ruiz Menéndez eta Leire Milikua Larramendi arkitektoek espazioari lotuago jardungo dute. Lehenik, maitasuna ulertzeko modu jakin batek hiria nola antolarazten duen utziko du agerian Ruiz Menéndezek, hiritarren mendekotasuna ere errotzen duela oroitarazteko. Bigarrenik, desiraren eta sexuaren ertzetik begiratuko dio espazioari Milikua Larramendik. Gorputzaren eta espazioaren harremanaz jardungo du, desira eta sexualitatea espazioan nola baimendu eta ezkutatzen den hausnartuz.

Ideia horiek praktikara eraman dituzten ekintzaileen lekukotzak jasoko ditu ondoren jardunaldiak. Herri hezitzaileen Elizondoko esperientzia ezagutzera emango du Nora Salbotx Alegria NUPeko hezkuntza irakasleak. Ula Iruretagoiena Busturia EHUko irakasle eta arkitektoa, bestalde, Bakioko udal plangintza parte hartzaileaz arituko da, kolektiboan eta afektibitatean oinarritutako hirigintza azaltzeko. Jone Miner Aginaga Usurbilgo Udaleko arkitektoak herriko Txirikorda belaunaldien arteko bizikidetza sustatzeko etxebizitza proiektua aurkeztuko du. Azkenik, Donostiako Abaraska kolektiboak tailerra eskainiko du etxebizitzaren eredua ezbaian jartzeko.

Elkarlanaren emaitza

Jardunaldi hauek hirugarrenez antolatu dira UEUren, Usurbilgo Udalaren eta Jakinen elkarlanari esker. Xabier Arregi Usurbilgo alkateak  ekimenaren garrantzia azpimarratu du: «Usurbil hitzaren eta gogoeta pausatuaren topalekua izan dadin nahi dugu». Bat dator Kepa Sarasola UEUko zuzendaria, Udako Ikastaroak horretarako abagune ezin egokiagoak direla gogoraraziz: «UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara zabaltzeko, hausnartzeko eta eztabaidarako. Udako Ikastaroak helburu horiek guztiak bideratzeko toki ezin aproposagoak dira, bai eta elkarlana sustatzeko ere».

 

PROGRAMAZIOA

UZTAILAREN 11, OSTEGUNA

09:15-09:30 Ongietorria

09:30-10:15 Lorea Agirre Dorronsoro (Jakineko zuzendaria): Maitasunaren ideologiaren eraikuntzak eta deseraikuntzak

10:15-11:00 Jone Arrazola Maiztegi (antropologoa): Habitatzen ditugun eta gaituzten kaleak

11:00-11:30 Kafe tartea

11:30 Oihane Ruiz Menéndez (arkitektura feministako ekintzailea): Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak

12:15-13:00 Leire Milikua Larramendi (arkitektoa): Arkitektura, desira eta sexualitatea

13:00-13:30 Saio irekia

13:30-15:00 Bazkaria

15:00-17:00 Esperientzien plaza: Elizondo, Bakio, Usurbil

  • Nora Salbotx Alegria (NUPeko hezkuntza saileko irakaslea): Umeak herriak eraikitzen (Elizondo)
  • Ula Iruretagoiena Busturia (hirigilea eta EHUko irakaslea): Transbertsalitatea eta afektuak udalerri plangintzan (Bakio)
  • Jone Miner Aginaga (Usurbilgo udal arkitektoa): Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa (Usurbil)

 

UZTAILAREN 12a, OSTIRALA

09:00-09:45 Mari Luz Esteban Galarza (antropologoa): Maitasuna erdigunetik kanpo

09:45-10:30 Abaraska kolektiboa: Etxebizitza eredua auzitan jartzen (Donostia)

10:30-12:00 Tailerra eta kafea: Etxebizitza parekidea eta kooperatiboa nola eta nondik?

12:00-13:00 Partekatzeko saioa

13:00-13:30 Bea Egizabal Ollokiegi: Klownklusioak