Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan
Menua
Udako ikastaroak

'Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua' Jakin jardunaldia

Hamabi aditu eta aritu elkartu dira, eta kultura programazioarekin osatu da jardunaldia

2017-05-31

Elkargunetik elkarguneaz aritzeko asmoz, 12 hizlari eta 100 entzule baino gehiago elkartu dira uztailaren 13 eta 14an Usurbilen Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua izeneko jardunaldian. UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolatu du jardunaldia Jakinek, eta UEUren udako ikastaroen baitan kokatzen da. Arrakastaz antolatu ere, iragarri eta berehala bete baitziren lekuak, eta Usurbilgo ikastolan areto handiago bat egokitu arren, itxaron zerrenda zabaldu zuen UEUk.

 

Bizikidetzaren korapiloetan

“Gure eguneroko bizitza eta besteekiko bizikidetza hizkuntza, genero, klase sozial eta jatorriaren arteko harremanetan josten da”, Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren hitzetan. Horregatik, diskurtsotik eta praktikatik jardun zuten jardunaldian parte hartu zuten hamabi hizlariek. Lehen egunean, diskurtsoari helduko zion Mari Luz Esteban EHUko irakasle eta antropologoak, Ignazio Aiestaran EHUko irakasle eta filosofoak, Maria Reimondez Galiziako idazle eta itzultzaileak eta Itziar Gandarias psikologia sozialeko Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Arratsaldean, gainera, elkarrekin aritu ziren  mahai-inguruan. Bigarren egunean, berriz, bizi-ibilbideen errepasoa baliatu zuen ikastaroak bidegurutzea zeharkatzeko: Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko zuzendariak, Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasle eta kulturartekotasunean adituak eta Tarana Karim SOS Arrazakeria elkarteko kideak hartu zuten hitza. Ondoren, mahai-inguruan elkartu ziren, eta Jessica Chalampuente kitxua eta Aminata Diop Seck senegaldarra batu zitzaizkien, norbere hitzaldiak eskaini ondoren, norbere bizipenekin eta hizkuntzarekin eztabaida aberasteko. Jardunaldiei akabaila emateko, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina bertsolariek entzundakoa laburbilduko dute bertsotan.

 

Zumetari bisita, eta Joseba B. Lenoir, Miren Narbaiza eta La Basuren kontzertuak

Jardunaldiek jarraipena izan zuten ikastaro orduetatik kanpo. Uztailaren 13an, ostegunean, Harria-Hitz Usurbilgo herriaren eta euskal kultura garaikidearen arteko loturari buruzko bisita gidatua egin zen, eta bisitariek Jose Luis Zumeta margolariaren Arte Estudioa ezagutzeko aukera izan zuten. Gauean, berriz, Joseba B. Lenoir, Miren Narbaiza eta La Basuk hartu zieten lekukoa.

 

HITZALDI GUZTIAK HEMEN DITUZUE:

  • MARI LUZ ESTEBAN eta IGNAZIO AIESTARAN: https://www.jakin.eus/bideoak/bestelakoak/'euskara-generoa-jatorria-eta-klasea-gurutzatzen-diren-lekua'-i-mari-luz-esteban-eta-ignazio-aiestaran/183
  • MARIA REIMONDEZ eta ITZIAR GANDARIAS: https://www.jakin.eus/bideoak/bestelakoak/'euskara-generoa-jatorria-eta-klasea-gurutzatzen-diren-lekua'-ii-maria-reimondez-eta-itziar-gandarias/184
  • MAHAI-INGURUA Mari Luz Esteban, Ignazio Aiestaran, Itziar Gandarias eta Maria Reimondez: https://www.jakin.eus/bideoak/bestelakoak/'euskara-generoa-jatorria-eta-klasea-gurutzatzen-diren-lekua'-iii-mahai-ingurua-mari-luz-esteban--ignazio-aiestaran-eta-maria-reimondez/185
  • AMELIA BARQUIN, PETRA ELSER eta TARANA KARIM: https://www.jakin.eus/bideoak/bestelakoak/'euskara-generoa-jatorria-eta-klasea-gurutzatzen-diren-lekua'-iv-amelia-barquin-petra-elser-eta-tanara-karimen-hitzaldiak-/186
  • MAHAI-INGURUA Jessica Chalampuente, Aminata Diop Seck, Amelia Barquin, Tarana Karim eta Petra Elser: https://www.jakin.eus/bideoak/bestelakoak/'euskara-generoa-jatorria-eta-klasea-gurutzatzen-diren-lekua'-jardunaldia-v/187