Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Biografia

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi 1929ko irailaren 27an jaio zen Donostiako burges familia batean. Gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten irakatsi: etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an ikasten. Urtebete beranduago Bilbora joan zen Academia Necoechean ingeniaritza ikasketak jarraitzera. Bertan hasiko zuen bere militantzia politikoa, eta 1952an, ikaskide batzuekin batera, Ekin taldea sortu zuen, gerora ETA izango zenaren aurrekaria. 25 urte zituela hasi zen Txillardegi ezizena erabiltzen, bere jaiotetxearen aldameneko etxearen izena baliatuta.

1956an Ferrolen (Galizia) soldaduska egiten ari zela idatzi zuen Leturiaren egunkari ezkutua, lehen euskal nobela modernotzat jotzen den bere aurreneko eleberria. Soldaduska amaitu eta Donostiara itzuli zen. Motor fabrika batean lanean hasi zen berehala, eta eragiletza bete-betean jarraitu zuen. 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta bi urteren buruan Euskaltzaindiaren Laguntzaileak taldeko idazkari. Ordurako Gipuzkoako Diputazioan euskal literatura eskolak ematen hasia zen. 1959an ere ETA erakundearen sorreran parte hartu zuen.

1961ean, 32 urte zituela eta aurretik atxilotua izana zelarik, frankismotik ihesi joan zen Ipar Euskal Herrira. Paris, Brusela eta Waterloon bizi izan zen ondoren, 16 urtez. Erbestea eta era guztietako jazarpena pairatu zituen. Baina, atzerrian izan arren, ETAn segitu zuen, bai eta kulturgintzan murgilduta ere.

1962an Hazparnera itzuli zen, eta Piarres Xarritonek zuzentzen zuen Saint Joseph kolegioan matematika irakasle hasi zen. Urtebetera Euskal Idazkaritza Elkartea sortu zuen Baionan beste euskaltzale batzuekin batera, eta euskararen alorreko arduradun jarri zuten Txillardegi. Elkartearen asmoetako bat euskara batua bultzatzea zen, eta 1964an, Baionan egindako bilera batean, euskara batua izango zenaren oinarriak adostu zituzten. Urtebete lehenago, Txillardegik dimisioa aurkeztu zuen Euskaltzaindian, Enbata kazetan gutun bat argitaratuta. Euskara batua bultzatzea, eskoletan euskara bultzatzea, ortografia batzea, batzar berezi bat deitzea, apaizei elizan euskaraz egiteko eskatzea... proposatzen zizkion, besteak beste, Euskaltzaindiari, erakundea geldirik zegoela uste baitzuen. Biltzarra laster egingo zela erantzun zioten, eta ez zioten dimisioa onartu.

1967an ETA utzi zuen V. Biltzarraren ondoren, taldeak hartu zuen bide marxista-leninistarekin desados; orduko zuzendaritzaren ildo nagusiaren aurka Branka agerkaria argitaratzen hasi zen Bruselatik. 1969an Belgikako konfinamendua hautsi, eta Ipar Euskal Herrira itzuli zen. Baina, Bordeleko Unibertsitatean irakasle laguntzaile hasi zenez, Bordelen bertan kokatu zen urtebetera. Unibertsitateari loturik izango zen aurrerantzean. Izan ere, 1976an linguistikako lizentzia egin zuen Parisko Sorbonako Unibertsitatean, eta urte horretan bertan, behin Hegoaldera itzulita, euskal fonologia irakasten hasi zen Deustuko Unibertsitateko Donostiako EUTG ikastegian. 1981-1982 ikasturtean unibertsitateko lanak urtebeterako uztea erabaki zuen AEBetako Los Angelesko UCLAn fonetika eta fonologia ikasteko. AEBetako ikasturtea bukatu, eta Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen ondoren soziolinguistikako irakasle lanetan Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Era berean, euskal azentuari buruzko doktore tesia bukatu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. 1989an Bat Soziolinguistika Aldizkaria sortzen lagundu zuen, eta 13 urtez izan zen aldizkariko zuzendaria. 1999an EHUk katedradun emeritu izendatu zuen. Urte berean UEUk ohorezko kide izendatu zuen, eta beste hainbeste egin zuen EIZIEk 2002an. Hainbat omenaldi jasoko zituen ondorengo urteetan; hala nola, Durangoko Azokak Argizaiola saria eman zion 2004an.

Irakasle lanekin batera jarraitu zuen Txillardegik militantzia politikoan. Hegoaldera itzuli bezain pronto sortu zuen ESB alderdia, eta 1986an eta 1989an HBren izenean Espainiako Senaturako aukeratu zuten Gipuzkoatik. 1998an, ordea, ETAk su-etena hautsi zuenean, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuen, baina 2007an alderdi hori uztea erabaki zuen, eta 2008an EAE-ANVren zerrendatan Espainiako Gorteetarako senatari hautagaia izan zen. 2012ko urtarrilaren 14an hil zen Donostian, 82 urterekin.