⡥⡥⡥⡥
FITO RODRIGUEZ
Sarien ondoeza
Sarriren sariak, aurtengo literatur saiakeragatik Joseba Sarrionandiari aitortu arren ordaindu nahi ez izateak, gure kulturaren ondoeza erakutsi du argi eta garbi. Halere, zinema munduan ez dugu aspaldiko partez izan aurten bezalako uzta, nahiz eta urte honetan Antxon Ezeiza joan zaigun. Eta, Euskaldunon Egunkariaren aldeko epaiak, ene ustez, ekar dezakeen kalte ordainen ebazpenak beste sari berri bat (benetan berria!) suposa lezake, nahiz eta, sari guztiek beren ondoezik badutenez, 18/98 aferan (Egin, Joxemi Zumalabe, Ezpala...) gero eta loteriaren antz handiagoa duen espainiar justiziak ez duen saririk eman, harria berritu baizik. Izan ere, froga berberez, Euskaldunon Egunkariako epaian magistratua izan zenak (Gómez Bermúdez) Arnaldo Otegi absolbitu zuen, aipatu 18/98ko epaimahaiburuak (Angela Murillo) zigortu zuen bitartean. Saria, baina, halaber, ondoeza.
Moroak gara behelaino artean? eta iazko Jakinen bertan aipatu nituen beste saiakerek ederki asko frogatu dute orduan nioena, hau da, saiakera literarioaren gorakada gurean; horrek, euskararen berreskurapenean hainbeste azpimarratu ohi diren hizkuntzaren alde komunikatiboez gain, mintzairaren eremu barnekoiari ekiten dio, euskaraz pentsatu beharrari. Zinez, ez da jauzi makala...
Gogoeta joera hori euskaraz lantzeko sortu dugu aurten Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean Oihenart Aforismoen Lehiaketa eta, irabazleen lanak bilduz, Utriusque Vasconiae argitaletxean Iragana gero eta handiagoa da izeneko liburuxka ere kaleratu dugu.
70
 
FITO RODRIGUEZ EUSKAL KULTURA 2011
Joseba Sarrionandiaren kasuan, aldiz, liburu mardula kaleraturik zegoen jada, eta Euskadi Sarien epaimahaiak bere ekarpena hobetsi du. Gobernuak, berriz, Sarrik irabazi arren ordaindu nahi ez ziola zioen, eta diru-saria bereganatu zuen horretarako inolako ebazpen judizialik izan gabe, Montesquieuk irudikatu zuen botere banaketari muzin eginez, eta, bide batez, beraiek ezarritako sarien araudiari berari iruzur eginez. Eusko Jaurlaritza, kultur arloan ere, lotsagarri geratu da.
Blanca Urgellek diru-saria Sarrionaindiari «bergizarteratu» ondoren emango zaiola adierazi zuen... Beraz, eman ondoren Sarri «bergizarteratu» dela ulertu behar al dugu?... Izan ere, euskal kulturan Joseba Sarrionandia ezezagun bat bailitzan! Nor da, bada, euskal kulturan ezezagunago, Urgell andrea edo Sarrionandia idazlea? Faborez! Hori adierazten ausartzera ere!
Okerrik ezean...
Kultura eta Politika nahastu nahi izan dituzte betidanik Euskadi Sarietan eta, bistan da, orain arte gauzak ez dira inoiz ondo atera. Oraingo honetan, hasiera batean behintzat, saria aitortu da baina diru saria ez ematea erabaki da; aurrekoetan, ostera, alderantziz ere egin izan dute, dirua bidali sariak emateko ekitaldia burutu gabe. Noiz? 1993an, okerrik ezean, Joxe Austin Arrietak Euskadi Itzulpen Saria eskuratu zuen dirutan (Eulien ugazabarengatik), baina urtea ekitaldirik egin gabe pasatu zen... Joseba Arregi zegoen orduan Eusko Jaurlaritzan kultur arduradun, eta ez zion nonbait HBko parlamentaria zen Arrietari bostekoa eman nahi izango, baina hala suertatu zen: dirua bai baina ekitaldi publikorik ez.
Politikak kultura nahi omen du gertu, baina ez edozein kultura, noski. Udalek kultur parte-hartzea lehenetsi nahi omen dute, baina begira Azkunak nola saritu duen Kukutzaren lan kulturala.
71
 
EUSKAL KULTURA 2011 FITO RODRIGUEZ
Zinema munduan, OK
Nahiz eta Antxon Ezeiza, euskal zinemaren aitzindari eta aldarrikatzailea, aurten hil, urtetako lehortearen ondoren bere ametsa zena ari da ikusten zinema arloan.
Zinemaldian, Bertsolari, Bi anai, Urte berri on, amona!, Arriya... eta azaroan, Gartxot irudi animatuetan... Aurtengo urtabea ederra izan da, sari garrantzitsurik gabe pasatu arren, baina euskal ikus-entzuleriaren ikusmina asez behintzat.
53. Zinebi jaialdian, berriz, hamaika euskal film labur lehiatu dira. Euskal Herriko zuzendariak honakoak izan dira: Ivan Caso, Roberto Caston, Javier Etxaniz, Gregorio Muro, Galder Gaztelu-Urrutia, Jose Muniain, Roberto San Sebastian, Jon Aitz Urrutxi, Niko Vazquez, Haritz Zubillaga eta Jon Garaño.
«Inork ez zidan esan euskalduna izatea zein nekeza dan», idatzi zuen poetak eta kantatu zuen abeslariak. Baina nik, euskal kultur ondoeza honetan, ezagutzen ditut euskaldunak, batzuk behintzat, pentsamenduak sortzeko eta ideiak adierazteko hizkuntzatzat euskara hautatu dutenak; kultur esparruaren mugak, zerbitzuak, hedabide zein hezibideak, olgetarako nahiz aisialdirako joeretan, euskaraz liburuak idazten, marrazten eta argazkiak edo filmak egiten dituztenak.
Kulturaren ondoeza
Gure euskal kultur eremuaren funtsezko ezaugarria menpekotasuna izan da. Unescok euskararen zerraldoa aurreikusi omen du XXI. menderako, nahiz eta, Koldo Izagirre parafraseatuz, jakin badakigun denok hilko garela... Baina, hil arte bizi!, arrapostu egiten dugu hilerri ondoan hazitakook. Izan ere, marka da gero! Berezko hizkuntzaren erabilera arazotzat jo izan da aberastasuntzat baino gehiago menpekotzan; badakigu jakin kultur edukien erabakiguneak hemendik kanpo daudela eta sormenaren nahiz kontsumoaren artean desoreka handia dagoela euskarari buruz, goian aipatutako men
72
 
FITO RODRIGUEZ EUSKAL KULTURA 2011
pekotasuna areagotuz. Horren ondorioz, Moroak gara behelaino artean? liburuan Sarrionandiak dio, adibidez, euskal idazle gehiago dagoela euskal irakurleria baino gurean...
Eta zer?, Islandian ere bai, nonbait, aurtengo Frankfurteko liburu azokan esan dutenaren arabera, zeren eta, ohiko parametroetan neurtuta behinik behin, euskaldunon kultur jarduera ona bezain aberatsa da (Raquel Gallego, Ricard Gomà, Joan Subirats (koord.) (2003): Estado de bienestar y comunidades autónomas: la descentralización de las políticas sociales en España, Tecnos, Madril). Prentsaren irakurketa inguruko lurraldeetan baino handiagoa izaten da eta era anitzean gauzatu ohi da (egunkaria gehiago irakurtzen da eta, halaber, irakurle bakoitzak egunkari bat baino gehiago ere irakurtzen ditu...). Era bertsuan, euskaldunok irratia gehiago entzuten dugu telebista ikusten ohi duguna baino. Euskal Herriko Interneten erabilera tasak espainiar estatuko handienak omen dira, euskararen ezaguerak ez du parekorik aurreko garaiekin alderatuz gero, eta Iparraldea horren gertu izatearen edota zenbait ikuskizunen ondorioz (musika hamabostaldia, Donostiako zinemaldia...), euskara hizkuntzaren erabilera eta euskal kulturaren hedakuntza handituz joan dira gure arteko hartu-emanetan, kultura frantsesaren edota gazteleraren kaltetan. Esan daiteke, oro har, europar herri garatuenekin erkaturik, gurean bertoko joera kulturalak oso finkatuta daudela folkloreaz harago (bertsolaritza, trikitixa...), kosmopolitismoa galdu gabe.
Irakurketa tasak (oro har) handiak dira euskaldunon artean, eta, gainera, euskarazko irakurleria gora doa. Horrenbestean, hemengo kultur kontsumitzailea hedabide handienek daramaten merkatu borrokatik at dago. Ikusi besterik ez dago Susa argitaletxeak euskarri digitalean komertzializatzeko aurten egin duen salmenta eskaintza. Zinema ekoizle nahiz banatzaileez aparte, bertako kultur industriak baditu, eduki, aski azpiegitura sorkuntza eta salmentarako prentsa idatzian, irratietan, argitaletxeetan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan...
73
 
EUSKAL KULTURA 2011 FITO RODRIGUEZ
Inguruko estatuetako lurraldeekin konparaturik, bertako kultur bezero ohikoak irizpide askeagoak ditu jarduerak edota gustuko ekitaldiak hautatzerakoan.
Baina erakunde publikoen laguntza, ordea, aipatutako joera horiek indartu beharrean, espainiarren (gaztelaniadunen) homologazioaren bila doa beren kultur politikak sustatzerakoan.
Erakunde politikoen kultur planen ahulezia
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Planak, Etxepare Institutuak edo kultur ohiturez egin ohi diren inkestek ez dute egoera euskarazko ekoizpenetatik aztertu, eta are gutxiago proposamenik egin; aitzitik, indarrean dagoen elebitasun diglosikoan oinarritu izan ohi dira (Fito Rodriguez: «Euskal literaturaren sustapenerako proposamenak», Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea/Koldo Mitxelena hitzaldiak, 2011-05-19; hitzaldia KMk jasoa du). Euskararen garapena ezin da pertsonen atxikimendu soilaren esku utzi. Honez gero, Artzeren aforismoak ez du balio, ene ustez behintzat. Inoiz egon den euskaldunon kultur indar handiena baitago egun... Asko, aski ez bada ere.
Eta ez da nahikoa, trabatuta dagoelako. Hor dago euskaldunon ahulezia. Espainiar nahiz frantziar estatuen erakundeen menpekotasuna nabarmena baita oraindik ere. Honetaz gain, merkatuaren liberalizazioak, alde batetik, eta, aisialdiaren jendartearen eraginez, kulturak eskuratu duen balio erantsiak, bestetik, kultur portaera kanpotik moldatua izatea ekarri du. Merkatuak agintzen dituen ikuskizun erraldoiak izaten dira eskaintza ohikoenak eta, horretan, herri kultura gero eta zokoratuagoa geratzen da.
Bertako kultur industria ere, aukerazkoa izan arren, desegituratuta dago: prentsa idatzia, irratiak, argitaletxeak, telebista lokalak, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta abar ez dabiltza elkarren artean adosturiko plangintzaren arabera, merkatuak ezarritako lege-faltaren ildotik baizik.
74
 
FITO RODRIGUEZ EUSKAL KULTURA 2011
Kanpotik eragindako menpekotasunaren aurrean (dela merkatua, direla eremuko transnazionalak edota estatuaren aginduak...), erakunde publikoak ez dira gauza izan arloa behar bezala gobernatzeko, eta morrontza handituz joan da. Euskaldungoa, inoiz baino indartsuagoa izanik ere, inoiz baino ahulagoa dugu bere jardun kulturala garatzeko aukeran.
Aipatu menpekotasunetik irteteko eta gure kultur premiei erantzuna eman ahal izateko, euskal esparruak behar du, alde batetik, benetako demokratizazioa. Erakunde politikoek eragile bihurtu direnez, aurrekontuen zati handiena beraien egitasmoak garatzeko bideratzen dute, herri ekimenetik sortutako proposamenak etsaitzat hartuz eta elkarlana zailduz. Bestetik, gaurkotzearen premia. Kultur teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera berriez baliatzeko, biztanleria birziklatu beharra dago, eta azpiegiturak horren mesederako egokitu. Euskara, zorionez eta behingoz, garaiz eta prestu iritsi da kultur egokitzapen sasoi horietara.
Ildo beretik, hizkuntza nahiz kultur sormenerako baliabideak hedatzea premiazkoa da. Kultur jardueretan sortzen nahiz zabaltzen den guztian asimetria handia baitago euskara eta erdararen artean. Halaber, erakunde politikoen programazio erreferentziak kanpoko proposamenetan oinarrituta egon ohi dira bertako sorkuntzan baino.
Horretarako, egituraketa berria ant olatu behar da. Kultur esparruan dauden desoreka horiei aurre egiteko, erakunde politikoek kultur kontseilu berri baten bidez jarduera kulturalerako egiaztagiriak erabaki beharko lituzkete, bertako ekoizpenen aldeko diskriminazio positiboa erabiliz.
Era berean, ekoizpen zentro-uneak (prentsa idatzian, irratietan, argitaletxeetan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan...) eta banaketa sistemak partekatzeko aukerak eskainiko lituzkeen euskal sarea antolatzea ezinbestekotzat jo beharko lukeen eraketa beren beregikoa litzateke burujabetasunaren bidean. Euskal kulturak, ez irauteko, baizik eta bizitzeko, behar dituen baliabideak, eskubideak eta irtenbideak bermatzeko.
75
 
EUSKAL KULTURA 2011 FITO RODRIGUEZ
Arazoa ez baita norbanakoarena, egiturazkoa baizik; eta, bide horretan, egoera politiko berriak kultur arloan lagundu duelakoan nago, Euskaldunon Egunkariaren auziagatik kalte ordainak behar bezala ordainduta batik bat (gertatuko ote da?!)...¶
76
Page: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7