Liburu garrantzitsu bat Euskal Herriaren historiaz Joseba Agirreazkuenagaren saiakera baten iruzkina
P RU D E N G A RT Z IA Euskaltzain urgazlea
Agirreazkuenaga, Joseba: Euskal herritarren burujabetza. Euskal herritarren autogobernu auziaren bilakaeraz (1793-1919). Foruen bidezko erakundetzetik Autonomia Estatutura, Irun: Alberdania, 2012, 324 or.
Euskarazko literaturak izugarrizko garapena lortu duen bitartean, zientzia historikoetan oinarriturikoa aldiz ez da nabarmendu. Horra gure erronka nagusi bat. (Joseba Agirreazkuenaga, 2009-10-01, «Etorkizuneko historialariak geroari begira», www.geronimouztariz.com/node/90; kontsulta eguna, 2012-08-01)
Liburu garrantzitsu baten iruzkina egitera noalarik, zergatik garrantzitsu, galde lezake edozeinek. Eta lehen oharra, gurean ohikoa denez, hizkuntzari berari buruzkoa da.
Euskaraz egotea dudarik gabe aldeko argudio bat da, euskarazko produkzioa hain urria delarik mota bateko liburuei dagokienez, baina ez da argudio bakarra. Alegia, euskaldu
191
uztaila-abuztua 2012
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
nak ohituta gaude gai garrantzitsuei buruz (Politika, Ekonomia, Zuzenbidea, Administrazioa...) erdaraz aritzera, eta euskara, aldiz, etxeko kontuetarako izaten da. Azken urteotan, euskara administrazioan eta, batez ere, irakaskuntza-sisteman sartu delarik, egoera ederki aldatu da: baina beldur naiz mendez mende iraun duten inertzia batzuek bere horretan irauten dutela egun ere. Erran nahi baita, euskaldun bati burutik pasatzen zaion unetik liburu garrantzitsu bat idatzi behar duela (gaia edozein delarik ere), automatikoki erdaraz idatzi behar duela bururatzen zaio aldi berean. Izan ere, azaldu behar dituen ideiak garrantzitsuak direnez gero, gaztelaniaz azalduak behar dute izan, halabeharrez. Iparraldean, jakina, frantsesa da jaun eta jabe.
Beraz, euskaldun zintzoak ez du gaztelaniaz/frantsesez idatzi behar? Galdera ez dago ondo paratua. Jakina denez, arrazoi ugari ailega daiteke erdaraz (ingelesa barne) idazteko, horietako hainbatek jite pragmatikoa dutelarik ororen buru. Baina, argudiobidea zehaztuz, orain ez naiz pragmatismoaz ari, hots, dena delako arrazoimen praktikoari buruz (horretaz luze eta sakon beharko dugu beti ere eztabaidatu, baina ez orain), horien atzean sarri ezkutatzen den euskararentzako mespretxuaz baizik. Bai, mespretxua diot, zeren Moreno Cabrera espainiar hizkuntzalari ohoragarriak berriki azpimarratu duen bezala, «Kolonialismo mentala, hiztunei beren hizkuntzak ezertarako balio ez duela sinestaraztea da» (Zuzeu albistarian jasotako elkarrizketa: http://zuzeu. com/2012/07/23/juan-carlos-moreno-cabrera-blablabla; kontsulta eguna, 2012-08-01]. Bada, aipagarria da Joseba Agirreazkuenagak liburu hau idaztean hain juxtu ere kontrako prozesua gauzatzea: bi hamarkadako ikerketak sintetizatzen dituen liburu garrantzitsu bat idaztera zihoala kontziente izanik, euskaraz idaztea deliberatu du, hain juxtu ere liburu horretako ideiak eta planteamenduak euskaraz zabalduak, hausnartuak eta eztabaidatuak izan daitezen.
Hortik abiatzen gara liburu hau iruzkintzean, kontu seinalagarria baita nire uste apalean, nahiz eta, zorionez, ez
66
 
PRUDEN GARTZIA
den liburu honen garrantziaren arrazoi bakarra, ezta nagusia ere. Bi arrazoi nagusi aurkitzen baitizkiot neuk liburu honi bere garrantzia justifikatzeko: batetik, Euskal Herriko historiaren ikuskera desberdin bat paratzen digula begien aurrean, desberdina diskurtso historiografiko hegemonikoaren aurrean; eta, bestetik, zehaztasun nabarmenez idatzitako ikerketa dela, baieztapen orokorrak (asko dira testuan) beti datu zehatz ugariz lagunduta baitatoz. Nire iruzkina bi ildo horietatik garatuko da.
Bi Ilustrazio, bi konstituzio
Ezaguna da Espainiako Historiografia progresistak Argien Aroko mito batean duela orpoa eta erroa, erran nahi baita, gizartearen ordezkariak elkarrengana bildurik une jakin eta berezi batean (kairos), ordura arteko lege eta ohitura guztiekin tabula rasa egitea deliberatzen dute, eta Arrazoimenaren argi hutsak gidaturik, konstituzio berri bat idazteari ekiten diote. Gertakari hori Parisen agitu zen 1789an, eta berez prozesu luze eta korapilatsua izan bazen ere, zenbait data aipatzen dira beti ororen buru, adibidez ekainaren 20a, Pilotalekuko Zin ospetsua (Serment du Jeu de Paume), edo Bastillaren Hartzea (uztailak 14), feudalismoaren abolizioa (abuztuak 4), Gizakiaren eta Hiritarren Eskubideen Adierazpena onartzea (abuztuak 26) edo Frantziako lehen konstituzioa onartzea (1791ko irailaren 3an). Data enblematikotzat horietako edozein hartzeak ez du funtsezko ideia aldatzen, alegia, Iraultzaren mitoa, edo beste hitz batzuekin esanda, hasiera berri baten ideia, zeinetan gizarte berri baten oinarriak ezarri baitziren aurreko zentzugabekeria eta ilunkeria guztiak porrokatuz; horien artean, jakina, probintzietako lege, ohitura eta mintzaira bereziak, den-denak zabortegira kasatuak.
Jakina denez ere, jakobinoak dira ideia horren aldezle gogorrenak eta une erabakigarri batean botereaz jabetu zirenak, Iraultzari jite berezi bat ezarri ziotelarik: estatu zentra
67
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
lizatu eta uniformearen erabateko nagusitza, alternatiba moderatuagoak (federalismoa) zuzen-zuzenean erasotuz. Ordutik aurrera Iraultzatik sortzen den konstituzioa, hots, ordenamendu juridiko berria eta haren neurriko estatua, zentralista izango da beti.
Iraultzaren kritika (edo jakobinismoarena, nahiago bada) goiztiarra izan zen eta izen handiak biltzen ditu, batzuk aipatzearren, Edmund Burke (1729-1797), Wilhelm von Humboldt (1767-1835) edo Alexis de Tocqueville (1805-1859). Ez ditugu orain iruzkinduko, baina bai pentsamendu progresistarekiko duten desberdintasun bat nabarmenduko dugu: hasiera berriaren ideia osorik ukatzen zuten, zentzugabekeriatzat zuten. Dena dela, kritika intelektualak baino Erresuma Batuaren eta haren kolonia ohien konstituzionalismoaren historia da jakobinismo naif baten ukaziorik biribilena: ez ote du, bada, Erresuma Batuak idatzi gabeko konstituzio historiko bat, mendez mende garatuz eta egokituz joan dena inoiz formalki promulgatua izan gabe? Ez ote da razionala eta liberala, Frantziako edo Espainiako edozein bezainbeste?
Joseba Agirreazkuenagaren liburua zehatz-mehatz hortik abiatzen da. Alegia, Espainiako pentsamendu progresistak aspaldi dekretatu zuen Euskal Herriaren inexistentzia, gutxi gorabehera Frantziako jakobinoek duela berrehun urte egin zuten —eta egun ere egiten duten— gisan. Bereziki, 1978ko Konstituzioaren aurrean belaunikatzen ikusten dituzularik, hantxe bertan aipatzen diren eskubide historikoak nardatuz eta euskaldun abertzaleen eskabideak eldarnio etnikotzat hastanduz, ez da erraz erabakitzea beren baieztapenen oinarria zertan den: kalkulu politiko tranpatia, axolagabekeria olinpikoa edo, besterik gabe, ezjakintasun hutsa.
Agirreazkuenagaren bidea, ordea, ez da polemika edo salaketarena. Horren ordez, lehen kapitulutik mahai gainean jartzen du Erresuma Batuaren kasua, bereziki Eskoziaren aginte publikoen berreskurapena (devolution) aipatuz (19. or.), aldi berean baieztatzen duelarik Euskal Herriko histo
68
 
PRUDEN GARTZIA
ria konstituzionalak zerikusi handiagoa duela horrekin, molde jakobinoko konstituzioekin baino. Zeren Foruak baitira euskal konstituzio historikoa, eta XVIII. mendeko Ilustrazioaren pentsamenduak konstituzio liberalak idazteko bidea zabaldu zuen bezala, bai Ingalaterran, bai Frantzian, Euskal Herrian ere pentsamendu ilustratuak Foruen garapen liberal baterako bidea eskaini zuen:
Beraz, Euskal herrialdeetan, argien garaiko ilustrazioko printzipioetatik abiatuz eta tokian tokiko ohiko foru-erakundetzearen ondorio ziren herrialdeetako Batzar Nagusietan, kultura konstituzionala garatuz zihoan. XVIII. mendean, Batzar Nagusien eta herrialdeko legelari izendapen iraunkorrek foru konstituzioaren bidezko garapena ekarri zuten (26. or.).
Beste hitz batzuekin esanda, Agirreazkuenaga espainiar pentsamendu progresistaren premisa nagusia inplizituki ukatuz abiatzen da: ez da egia Ilustrazioak molde jakobinoko konstituzioa dakarrenik halabeharrez; hori da Frantzian gertatu zena, baina Ingalaterran bada beste Ilustrazio bat eta beste konstituzio-molde bat, agian euskaldunenekin zerikusi handiagoa dutenak. Beraz, Ingalaterran razionala eta demokratikoa dena, zergatik ez hemen? Frantziako kasua eredu bakartzat hartzea ez baita zuzena. Baina arrazoibide horren azpian bada ukazio sakonago bat ere: hasiera berriaren ideia mito hutsa da, konstituzio berri baten onartzeak (1812an edo 1978an, berdin dio) ezin du, razionalki, tabula rasa egin aurreko historia guztiarekin, eta horrelakorik egiten badu normala da kaltetuek protestatzea eta aldaketak proposatzea. Protesta horiek eta proposamen horiek irrazionaltzat jotzea mistifikazio hutsa da. Horiek dira liburu honen premisa inplizituak.
Beraz, Euskal Herriko historiaren ikuskera berri baten aurrean gaude, paradigma hegemonikoa uzkailtzen duena. Berria ote da? Paradigma aldaketa bat ote dakar? Ez naiz gai bi galdera horiei taxuzko erantzun bat emateko; bereziki, badut uste paradigma aldaketa kontzeptua oso alegeraki
69
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
eta zorroztasun gehiegirik gabe erabiltzen dela gure artean aspaldi honetan. Bai esan daiteke, ordea, eta okertzeko beldurrik gabe, liburu hau gaur egun Espainian eta Euskal Herrian hegemonikoa den historiografiatik at kokatzen dela, azken bi mendeetako arazo politikoak ulertzeko ematen dizkigun gako nagusiek ez baitute zerikusirik Emiliano Fernández de Pinedok, Manu Monterok, Antonio Elorzak, Fernando García de Cortázarrek edo María Cruz Minak (izen batzuk aipatzearren) ematen dizkigutenekin. Ikuspegi orokorraz ari naiz, jakina, ez kontu zehatz honetaz edo hartaz.
Liberalismo foruzalea
Oinarri inplizituak zehaztu ondoren, liburuaren beraren garapena da iruzkindu beharrekoa. Baina ez dugu hemen liburu osoa laburbilduko. Guretzat interes berezia duten puntu batzuk jaso eta kritikatzera mugatuko gara.
Hasteko, ez gaude Historia Sozialaren barruan koka daitekeen lan baten aurrean. Aitzitik, elite politikoen gaineko ikerketa bat egitea da helburua eta, ondorioz, ez du Euskal Herriko errealitate osoaren argazki bat eskaini nahi; areago, funtsean XIX. mende luzean (1793-1919) garatzen den gatazka politikoa xehe-xehe arakatzen duelarik, elite politikoaren asmoak eta ekintzak dira aipatzen diren bakarrak, ia salbuespenik gabe. Gizartea bere osotasunean gutxitan aipatzen da, baina behin baino gehiagotan azpimarratzen da elite horiek gizartearen legezko ordezkariak zirela, orduko prozedura politikoen arabera hautatuak.
Horrek lehenengo arazoa mahaigaineratzen digu: jakina denez, 1793tik 1876ra Hego Euskal Herrian ia etengabea da gerra egoera, besteak beste bost gerra formal ditugularik (1793-1795, 1808-1813, 1821-1823, 1833-1839 eta 1872-1876). Ez da zalantzarik gerra horiek guztiek oinarri zabala zutela herritar xeheen artean, bereziki azken biek (karlistadak), baina gutxitan aipatzen dira horrelako kontuak. Aldiz, gerra bakoitzak elite politikoaren barruan sortutako tirabirak eta
70
 
PRUDEN GARTZIA
zatiketak sarri nabarmentzen dira. Adibidez, autoreak 1808an abiatzen den gerra iruzkintzen duelarik, Baionako Konstituzioaren eztabaidan euskal eliteen artean zegoen adostasuna berehala pitzatu zela erakusten du (68. or.). Arazoa ez zen berria eta iraunkorra suertatu zen, bai Konbentzio Gerra piztean (1793-1795) zein beste guztietan; berbarako, ederki nabarmentzen da Getariako Batzar Nagusi independentisten episodioa, eta hari erantzunez berehala Arrasaten sortu zen «Gerrarako Aldundi» berria (46-57 or.), baina gertakaria ondorio orokorragoak ateratzeko baliatzen da: «XIX. mendean zehar, behin eta berriz gerra zibiletan bi Diputazio edo Aldundi sortzen ziren» (49. or.).
Beraz, badirudi euskal gizartea barnetik sakonki zatitua eta hautsia egotearen ideia transmititu nahi zaigula. Hori da, hain justu ere, azken hamarkadatako ikuspegi historiografiko hegemonikoa: euskal gizartea zatituta, polarizatuta eta birrinduta, gerra zibil etengabean murgilduta. Baina oker gabiltza guztiz: Agirreazkuenagaren ideia nagusia da euskal elite politikoen artean sakoneko adostasun bat egon zela Foruen defentsan Madrileko asmo uniformizatzaileen aurrean. Alegia, unean-unean etengabe errepikatu ziren zatiketen azpitik, gure autoreak elite trinko eta koherente bat ikusten du, bere funtsezko interesen alde bat egiteko gai izan zena, fronte foruzalea behin eta berriro berreraikiz. Eta elite horren ezaugarri ideologiko nagusia nolabaiteko liberalismo foruzalea da, XVIII. mendeko pentsamendu ilustratutik abiatzen dena eta XX. mendeko autonomismo demokratikora arte luzatzen dena. Elite horren ezaugarri nagusia da Foruen defentsa indartsua, iraunkorra, sakona, programa politiko horretan, finean, bat egiten dutelarik Euskal Herriarekiko konpromiso abertzale agerikoak (zentzu foruzalean ulertuta, jakina, ez independentismo gisa) eta beraien interes ekonomiko partikularren aldezpen irmoak. Beste hitz batzuetan esanda, elite hori, Foruen defentsa irmoa egitean, bere interes ekonomikoen alde ari zen, baina aldi berean programa politiko alternatibo bat planteatzen
71
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
zien Madrileko asmo uniformizatzaleei, Euskal Herriaren masa sozial zabal-zabalekin bat eginez.
Programa hori da Hegoaldeko lau herrialdeetako ordezkari legezko eta legitimoek Baionako bilkurara eraman zutena 1808an, eta zehatz-mehatz hori da hurrengo ehun (berrehun?) urteetan gerra, zatiketa eta eztabaida guztien azpitik azaleratuko dena. Konpara ditzagun, adibidez, Espainiako bi konstituzio, 1808koa eta 1878koa:
Los fueros particulares de las provincias de Navarra, Vizcaya, Guipúzcoa y Álava se examinarán en las primeras Cortes, para determinar lo que se juzque más conveniente al interés de las mismas provincias y de la Nación (Espainiako Konstituzioa, 1808an Baionan promulgatua, 144. artikulua) (68-69. or.) La Constitución ampara y respeta los derechos históricos de los territorios forales. La actualización general de dicho régimen foral se llevará a cabo, en su caso, en el marco de la Constitución y de los Estatutos de Autonomía (Espainiako Konstituzioa, 1978, Disposiciones adicionales. Primera)
Uste dut nabari-nabaria dela bi testuen arteko jarraikortasuna. Aldiz, zein da paralelismo horretaz egin behar dugun interpretazioa? Hor hasten dira lanak. Egia esanda, tranpa txiki bat egin dut hemen, Agirreazkuenagak zeharka baino ez baitu aipatzen 1978ko Konstituzioa, bere analisia bakarrik 1919raino heltzen delarik; baina, interpretazioak interpretazio, esango nuke bere lanaren berritasun nagusietakoa dela 1808ko Baionako Bilkuraren azterketa xehe-xehea egitea, historiografia espainolean (eta gurean ere) klasikoki hain isildua edota gutxietsia. Aski da gero Baionako gertakariak eta testuak kontuan hartzea ikuspuntu berri bat erdiesteko. Adibidez, euskal ordezkarien biografiak eta proposamen zehatzak aurkezten dizkigularik, hona Arabako ordezkari zen Ortuño Maria Agirre (1767-1811) Montehermosoko markesaren profila: Arabako handiki-familia bateko kide, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko giroan hazia eta hezia, euskal ilustratu prototipikoa izan zen; era berean, elite politikoaren kide nabarmena, Arabako Ahaldun Na
72
 
PRUDEN GARTZIA
gusi izan zen (1797-1800) eta Arabaren legezko ordezkari Baionan, non aurkeztu zuen txostenean, ondorio orokor gisa, hauxe aldarrikatzen zuen:
Que la provincia de Álava no sea comprendida en la Constitución que se va a dar a España y que se conserve la que actualmente goza por fuero, [...] sería inevitable su ruina con la falta de la Constitución foral que goza (64. or.).
Agirreazkuenagaren luman Agirreren figura ez da kasu isolatu edo bitxi bat; aitzitik, hori da XIX. mendean zehar euskal diputazioetan agintzen eta Madrilekin negoziatzen arituko den elite liberal foruzalearen ADNaren erakusgarri argi bat. Horren argitan askoz ere hobeto ulertzen da ondoren Blas Lopez (1781-1861), Pedro Egaña (1803-1885), Mateo Moraza (1817-1878) edo Ramon Ortiz de Zarate (1817-1883) bezalako politikarien traiektoria liberal foruzalea. Arabar batzuk baino ez ditugu aipatu, baina askoz ere gehiago, eta lau herrialdeetakoak, dira Agirreazkuenagak aipatzen eta aztertzen dituenak. Eta, kasu guztietan, sakoneko tesi bat: beraien arteko diferentziak gorabehera (adibidez, Pedro Egaña beti izan zitzaion fidel Isabel II.ari eta, aldiz, Ramon Ortiz de Zaratek bat egin zuen Don Karlosen aldeko kausarekin), gai izan ziren behin eta berriro beren diferentziak gainditzeko eta Foruen aldeko defentsan bat egiteko.
Agian gehiegi esaten ari naiz, Agirreazkuenaga ez baita hain kategorikoa. Beharbada zuzenagoa da esatea guztiek konpartitzen zutela Foruen defentsa programa politiko gisa, baina estrategia mailan zatiketa handiak izan zituztela: adibidez, karlistek behin eta berriro bide armatua jarri zuten mahai gainean, eta aurrez aurre izan zituzten beren kide eta lagun ugari; halaber, negoziazioak abiaturik, behin eta berriro estrategia posibilistak eta intrantsigenteak talka egin zuten (jakina denez, Nafarroan estrategia posibilista nagusitu zen 1839ko egoeraren ondoren, eta aldiz mendebaldeko probintzietan intrantsigenteak nagusitu ziren, batez ere bizkaitarren eraginez, baina euskal erakunde guztietan zegoen denetarik). Ñabardura kontua da, beharbada, baina nire be
73
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
gietan Agirreazkuenagak Foruen aldeko ibai zabal bakar bat irudikatzen digu, korronte desberdinekin, baina korronte nagusia liberal foruzaleek osatzen zutela aldezten du, ñabardurak ñabardura, 1793tik 1919ra arte.
Areago, gorago esan dugun legez, liberal foruzale horiek gai izan ziren antzinako Lege Zaharra konstituzio moderno baten abiapuntu bihurtzeko, historia eta doktrina konstituzional propio bat sortuz eta garatuz. Konstituzio esan dugu, baina agian zehatzagoa da Autonomia-estatutu aipatzea, hori baita, funtsean, Agirreazkuenagak liburu honetan deskribatzen duen bidea: Antzinako Erregimeneko (Lege Zaharreko) Foruetatik Autonomia-estatutu moderno eta demokratikoen aldarrikapenera, etenik gabe. Horra liberal foruzaleen legatu politikoa.
Eta karlistak?
Eta puntu honetara heldurik, berriz ere karlismoaren arazoa mahaigaineratzen zaigu. Izan ere, liburu honen akats nagusia, nire iritziz, karlismoari dedikatzen dion espazio txikia da. Ulergarria da: Madrilgo gobernuaren eta euskaldunen arteko negoziazio politikoak direlarik liburuaren gaia, jakina da negoziazioak beti indar tradizionalistak (1833tik aurrera karlista deituko zaie) zapaldu ondoren gertatu zirela. Ondorioz, Madrileko gobernu zentralak euskal ordezkariekin negoziatzen zuelarik, ordezkari horien artean ez zen egoten karlistarik, gerran beren bandoan ibilitako beste euskaldun batzuk baizik: liberal foruzaleak. Logikoa da, beraz, karlistei gutxi erreparatzea. Baina galderak bere horretan dirau: zein ziren elite karlisten eta liberal foruzaleen arteko harremanak? Edo, antzeko galdera beste alderdi batetik hartuta: zer paper jokatzen zuen Foruen defentsak karlismoaren programa politikoan?
Bai bata zein bestea, baina bereziki bigarrena, kontu oso eztabaidatuak izan dira beti. Bigarrenari dagokionez, batzuetan badirudi Agirreazkuenagaren iritziak gutxi gorabehera
74
 
PRUDEN GARTZIA
bat egiten duela historiografia hegemonikoarekin: karlistentzat Foruak bigarren mailako kontu bat ziren, erabat instrumentala eta herritar xeheen atxikimendua lortzera bideratua, baina beren benetako helburuak erreakzionarioak ziren guztiz: errege absolutuaren eta erlijio tradizionalaren arteko aliantza, gizarte izoztu baten baitan. Baina, aldi berean, planteamendu hori ez dator bat liburuaren tonu orokorrarekin: ez dirudi oso bateragarria aldeztea Foruak guztiz garrantzitsuak zirela euskaldun liberalentzat eta, aldiz, estakuru hutsa karlistentzat; logikoagoa dirudi esatea, elite bereko kideak izanik, bat egiten zutela puntu horretan, beste batzuetan desberdintasun sakonak zituzten arren (finean, batzuk liberalak ziren eta besteak tradizionalistak). Beste esplikazio posible bat da karlisten artean korronte desberdinak bereiztea, edota garai desberdinak (adibidez, XIX. mendeko lehen erdiko karlismoa, bigarren erdikoa, XX. mendekoa, etab.). Desiragarria litzateke gure autoreak puntu hori argitzeko ahalegin bat egitea.
Dena den, bada puntu bat zeinetan Agirreazkuenaga guztiz urruntzen den mota eta aldi guztietako abertzaleen irizpideetatik: 1839ko urriaren 25eko legearen balioespena. Jakina denez, Sabino Aranarentzat lege hilgarria, euskaldunon jatorrizko independentzia lurperatu zuena; ondorioz, ñabardurak ñabardura, EAJrentzat helburu historikoa izan da beti hura derogatzea (1978ko Konstituzioak derogatu zuen). Ezkerreko abertzaleentzat, berriz, lege hori Bergarako Besarkada doilorraren ondorio zuzena da, hots, zitalkeria espainolista guztien laburbilduma. Agirreazkuenagak, aldiz, oso iritzi positiboa du lege horretaz: «foruzaletasunaren eraberritzea eta etorkizuna bideratzeko aukera bat zen» (121. or.). Gaiak euskaldunon artean betidanik izan duen garrantzia kontuan hartuz, ez da alferrikakoa izango legea osorik kopiatzea:
Artículo 1º.- Se confirman los fueros de las provincias Vascongadas y de Navarra, sin perjuicio de la unidad constitucional de la Monarquía.
75
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
Artículo 2º.- El Gobierno, tan pronto como la oportunidad lo permita, y oyendo antes a las Provincias Vascongadas y a Navarra, propondrá [a] las Cortes la modificación indispensable que en los mencionados fueros reclama el interés de las mismas, conciliando con el general de la Nación y de la Constitución de la Monarquía, resolviendo entre tanto provisionalmente y en la forma y sentido expresados, las dudas y dificultades que puedan ofrecerse, dando de ella cuenta a las Cortes (113. or.).
Zer zen lege hori, beraz, Foruen hilobia ala haiek berritzeko aukera? Ez gara orain hasiko puntu gaitz hori argitu nahian. Hori bai, guztiz laudagarria da gure autoreak lege horren aurretik eta ondoren eman ziren negoziazio luze eta korapilatsuez ematen digun berri zehatza: puntuz puntu eta urratsez urrats aztertzen ditu, Baionako kasuan bezala protagonisten biografia eta ideologian labur baina argi sakonduz. Hori ere ez dugu hemen laburbilduko, baina agian iruzkin honen irakurlearentzat garrantzi berezia izan dezakeen kontu bat apur bat komentatuko dugu: Nafarroa eta beste hiru probintzien arteko urruntzea.
Urruntze horrek, jakina denez, inflexio-puntu jakin bat du: 1841eko abuztuaren 16ko Legea, gerora Lege Hitzartua bezala ezagutzen duguna (Ley Paccionada). Negoziazioen trama konplikatuaren azterketan bada puntu bat Agirreazkuenagak pasadan bezala tratatzen duena baina, nire ustez, garrantzi berezia izan dezakeena: abagune horretan,
Mendebaldeko hiru euskal herrialdeen ordezkariek adostasuna berehala lortu zuten: Filosofia politiko berbera izan zuten [...] Nafarroako ordezkariek, aldiz, bestelako bidea nahi zuten: indarrean zegoen Aldundi probintziala egonkortu (132. or.).
Zein da zatiketa horren arrazoia? Gure autoreak, labur, hau seinalatzen du:
[Nafarroako ordezkariak] Desamortizazioaren eraginez Estatuak salmentan jarritako lurren erosle edo aberats berriak ziren. Beraz, egoera berria nola edo hala egonkortzeko ahalegina eta helburua zuten buruan (133. or.).
76
 
PRUDEN GARTZIA
Diferentzia, beraz, ekonomiko-soziala zen funtsean, ez politikoa: hiru probintzietan elite politiko tradizionala agintzen zegoen bitartean, Nafarroan «aberats berriak» ziren negoziazioak kontrolatzen zituztenak, eta beren posizio ekonomiko eta sozial berria egonkortzea zuten helburu nagusitzat; beraz, Foruak bigarren mailako kontua ziren beraientzat. Horra gaur egungo foralismo nafarzalearen kintaesentziaren genealogia ez bereziki foruzalea. Agian, gaineratzen dut neuk, horrek esplikatuko luke karlismoak Nafarroan duen indar berezia: hiru probintzietako elite liberal foruzaleek Foruen defentsaren bidez herritar xeheen masa zabalen asmoekin bat egiteko erakutsi zuten delibero irmoa ez zen Nafarroan suertatu eta, ondorioz, herritarren sektore oso zabalek, mendebaldean baino zabalagoek, karlismoaren bide tinkoan ikusi zuten irtenbide bakarra.
Eta berriz ere karlismoa. Hori da, nire uste apalean, Euskal Herriko azken bi mendeetako historiaren giltza nagusia: zer pentsatu behar dugu karlismoari buruz? Ezaguna denez, molde eta garai guztietako abertzale denak antikarlista sutsuak izan dira beti (Sabino Arana, Arturo Campion, Txillardegi...), baina lilura berezi bat sentitu dute beti, halaber, beren bidea armak eskuan defenditzeko erabakia behin eta berriro hartu zuten haiekiko. Bego.
Gerrak eta negoziazioak
Liburuaren muina Espainiako gobernu zentraleko eta euskal lurraldeetako ordezkarien artean izandako negoziazio luze eta korapilatsuen azterketak hartzen du. Hori dela eta, zaila da benetan lerro gutxi batzuetan sintetizatzea. Hala ere, badira puntu bereziki aipagarri batzuk, nire ustez.
Foruak desegiteko presioa, edo gutxien-gutxienik haien ahala murriztekoa, Madriletik etorri da beti eta liberalismoaren sorrera baino lehenagokoa da, 1700etik aurrera konstante bat izan baita beti. Bestalde, Espainiako liberal mota guztiak saiatu dira Foruak suntsitzen, batzuk negoziatzeko pres
77
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
tuago agertu badira ere. Eta, simetrikoki, euskal erakundeetako ordezkari guztiak, beti, Foruak defenditzen saiatu dira, defentsa hori beste hainbat konturekin nahastuta agertu bada ere eta, hortaz gain, beraien artean mota askotako ikuspegiak eta zatiketa estrategikoak gertatu badira ere. Baina oinarrizko bi posizioak, Madrileko gobernuarena eta euskal erakundeen ordezkariena, funtsean beti egon dira oso garbi. Ondorioa begi bistakoa da: arazo nazional baten aurrean gaude, ez, inola ere ez, arazo ideologiko baten parametroetan (ezker-eskuin terminotan) uler daitekeen arazo baten aurrean. Euskaldunak hemen, espainolak han, horiexek izan dira oinarrizko posizioak beti, 1793-1919 bitartean bederen.
Horrela, esanguratsuki, Agirreazkuenagaren kontakizuna 1793an abiatzen da, urte horretako urrian egiten baitute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariek lehen bilkura bat Bilbon «Herrialdeko Konstituzioaz» (Constitución del País) hitz egiteko. Ezaguna da, bestalde, Borbondarrak Espainiako tronura iristen diren unetik Foruak murrizteko edo kentzeko saioak etengabeak izan zirela; 1812tik aurrera sortzen den espainiar liberalismoak joera hori indartu besterik ez zuen egin. Halaber, 1814-1833 bitartean absolutistak boterean egon ziren aldietan ere, joera berberari eutsi zioten funtsean: Foruak egokitzea, hots, murriztea. Azpimarratu behar da, dena den, Euskal Herrian bertan liberal ugari egon dela, eta horietako hainbat sutsuen ildokoak zirela, hau da, Foruen ezabaketaren aldekoak (Espainiako liberalak bi taldetan banatzen ziren, epelak eta sutsuak, hots, moderatuak eta asaldatuak; lehenak ulerberagoak ziren Foruekiko). Mota horretako euskal liberal sutsuak minoritarioak izan ziren beti, baina indar berezia zuten Bilboko eta Donostiako merkatari aberatsen artean. Dena den, 1839tik aurrera lehengo sutsuak foruzaleen lerroetan militatzen ikusten ditugu: Agirreazkuenagak hainbat kasu esanguratsu aipatzen ditu.
Zeren 1839 urte giltzarria da prozesu honetan: lau hamarkadatan lau gerra pairatu ondoren, lehen karlistada nolabaiteko akordio baten bidez bukatzen da (Bergarako Besarka
78
 
PRUDEN GARTZIA
da), eta horren ondorioz onartzen den legeak (1839ko urriaren 25ekoa) bidea ematen dio akordio politiko iraunkor bat negoziatzeko. Baina ez zen akordiorik erdietsi: gure autoreak zehatz-mehatz erakusten digu beste hamahiru urtean (1852ra arte) luzatu zen negoziazio-prozesu benetan kiribilduak ez zuela akordio osorik ekarri. Nabarmendu beharrekoa da gobernu zentralaren aldetik aldaketa handiak izan zirela eta, pronunciamientoak tarteko, gobernua sarri aldatu zela epelen eta sutsuen artean; euskaldunen artean ere beste horrenbesteko zatiketak baziren eta, gorago aipatu dugun bezala, lurraldetik lurraldera ere baziren zatiketak. Emaitzarik osoena Nafarroak izan zuen, 1841eko legea onartzean; hortik aurrera ez zen inolako akordiorik izan. Gure autorearen arabera, arrazoiak bi motatakoak dira: batetik, Madril prest zegoen arazo administratiboak negoziatzeko (zergak, udalen kontrola, zor publikoa...), baina inola ere ez botere politikoaren banaketa onartzeko; euskaldunek, aldiz, foru politikoak nahi zituzten, alegia, ez soilik eskumen administratiboak, baita botere politikoa ere. Hain justu ere Nafarroak legea erdietsi zuen une horretan foru politikoei uko egitea ontzat eman zuelako (gerorako historia besterik da), baina gainetiko lurraldeek ez zuten horrelakorik onartu eta negoziazioa geroko geroan galdu zen behin eta berriro. Baina bi arrazoi aipatu ditugu, eta horra bigarrena: Bizkaiko Batzar Nagusien eraginez bereziki, gainetiko euskal ordezkariek negoziazioen xehetasunetan ez sartzeko estrategia segitu zuten, alegia, aurrena errestaurazio foral osoa lortu behar zen, eta gero posizio horretatik negoziatzen hasi; jakina, horrelakorik inoiz lortu ez zenez gero, ez zen benetako negoziaziorik izan, eta Madrilek behin eta berriro, unilateralki, neurri berriak ezarri zituen, eta euskal erakundeek ahal zuten moduan erantzunez joan ziren, sokatira etengabe baten jokoan; 1852tik aurrera egokitzapenaren kontua geroko geroan utzi zen, biltzeko aipamenik ere egin gabe.
Beraz, 1839tik 1868ra ekintza burutuen segida bat dugu funtsean, parte bakoitzak bere estrategiari eusten diolarik
79
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
amore eman gabe. Eta, de facto, euskal erakundeek eskumen asko mantendu eta handitu zituzten, beste hainbat Madrileko saskira joan ziren arren. Estrategia egokia izan ote zen? Ez ote zen hobea izango lege zehatz bat negoziatzera sartzea, nafarrak bezala? Gure autoreak ez digu iritzi argirik ematen, baina mingostasun apur bat nabaritu diogu osoa ala ezer ez estrategia nola eta noiz sortu zen azaltzen digunean. Historia kontrafaktualean sartzea litzateke eta ez dakit horrelako kontuetan aritzeak ezertarako balio ote duen, baina neure aldetik esan dezaket kontu horrek (dena ala ezer ez hautu estrategikoak) azkura handia sortuko diola lerro hauek irakurtzeko lana hartzen duen euskaldun orori: ez ote da hori, aldeak alde, finean Ezker Abertzaleak azken hiru hamarkadatan segitu duen bidea?
Baina mota horretako hausnarketa presentistetan galdu beharrean, gure egileak nahiago du kontu historikoetan sakontzea. Badira bi azpimarratzeko modukoak: bata, 1850etik aurrera euskal liberalen arteko zatiketak gaindituak dirudite eta jarrera foruzalea inoiz baino gotorrago ageri da, bai elite politikoen artean zein gizarte maila guztietan; eta bestea, hiru lurraldeen arteko batasunean urrats erabakigarriak etengabe egiten diren bitartean, Nafarroa ez da dinamika berean sartzen. Kasu guztietan, dena den, foruzaletasuna da jaun eta jabe euskal lurralde guztietan, bi hamarkada horietan (1852tik 1876ra) urrezko aro moduko bat bizi duelarik; gure egilearen arabera «abertzaletasun bikoitzaren garaia (euskalduna eta espainiarra)» da (245. or.). Zeren liberal foruzaleek ez zuten inolako eragozpenik Foruen defentsa irmoarekin batera beraien espainiartasuna harro aldarrikatzeko. Ez dezagun ahantz.
Ezer ez da betiko, ordea, eta 1864tik aurrera zatiketa berriak agertzen dira: batetik, katolizismo politiko integristaren agerpena, bestetik foruzaletasun demokratiko eta errepublikarrarena. Baina gehiegi luzatzen ari gara eta ez dugu astirik xehetasunetarako. Eten berria gerrak ekarri zuen, eta ondoren 1876ko abolizioak, gerra bera baino garrantzitsuagoa Agi
80
 
PRUDEN GARTZIA
rreazkuenagaren begietan. Oraingoan dena ala ezer ez estrategiak (Fidel Sagarminagak defenditu zuen) askoz ere emaitza murritzagoak ekarri zituen, foru politikoak osorik lurperatu baitzituzten. Baina Batzar Nagusiak desegiten badira ere, Aldundiak administratiboki indartzen dira eta emaitza, azken buruan, ez zen izan hutsala (Kontzertu Ekonomikoa).
Liburuaren azken atalean foralismotik autonomismora egiten den igarobidea aztertzen da, 1919an agertzen baitira lehen autonomia-estatutu proposamenak. Gure autorearen begietan garbi dago bi errebindikazio-moten arteko jarraikortasuna, autonomismoa, finean, liberalismo foruzalearen oinordeko gisa aurkezten baitu. Baina garbi dago, halaber, 1919ko abagunean XIX. mendean foruzaletasunak erdietsi zuen ahobatekotasuna galdua dela: besteak beste, sektore karlista eta eskuindar batzuk foruzaletasuna autonomismoari kontrajartzen hasiko dira eta, bestetik, sozialistak, poliki-poliki autonomismoaren ildora biltzen hasiko badira ere, inoiz ez dira foruzaleak izan. Beraz, garai bateko ibai zabala galdua da XX. mendean, eta gizartean banaketa berriak nagusitzen dira. Beste aro batean sartzen gara.
Azken hitza
Berak esplizituki horrelako ezer esaten ez badu ere, neuk esango nuke Agirreazkuenagaren ondorio nagusia horrela ere formulatu daitekeela: euskaldunak nazio bat gara, eta hori argi eta garbi frogatzen da XIX. mendean zehar; gure zatiketa eta gerra ugarien artean, bada ibai zabal bat, gure naziotasuna forjatuz doana. Foruen defentsa dinamikoa (hura euskal konstituzio bihurtuz lehenengo, eta autonomia-estatutuera bideratuz ondoren) da naziotasun horren giltza. Eta egia bada nazioak ez direla bat-batean agertzen, poliki-poliki sortzen baizik, prozesu historiko batean zehar, Foruen defentsa izan da gure nazioaren ingudea.
Esango nuke tesi hori berez ez dela oso berria, baina bai, ziur aski, liberalismo foruzaleaz egiten den aipamen berezia,
81
 
LIBURU GARRANTZITSU BAT EUSKAL HERRIAREN HISTORIAZ
ibai zabal horren korronte nagusi gisa aurkeztuz. Horretan datza liburuaren berritasun nagusia. Horretan, eta tesi horren defentsan hedatzen den azterketaren aberastasun eta zehaztasun nabarmenean: ez da baieztapen hutsa, zehatz-mehatz dokumentatutako azterketa baten emaitza baizik.
Laburbilduz, dudarik gabe liburu garrantzitsu bat da, ikuskera berri bat zabaltzen diguna, azterketa zehatz batek lagunduta. Seinale ona litzateke planteatzen dituen gaiei buruzko debate bat piztea, eta euskaraz balitz, hobe.¶
82
Page: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18