Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan
Menua

Jakin talde historikoa

Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai Jakinkideen lanari batasun izaera eman zaio. Izan ere, talde gisa funtzionatu dute beti, fenomeno bakarra agian euskal kulturaren historian, elkarrekiko lotura ez dute sekula galdu. Abiapuntutik beretik, idatzi gabeko hitzarmen baten gisakoa egon da euren artean, kanpoan ikasi eta intelektualki aberastekoa, ikas-esparru eta unibertsitate desberdinetan gainera, eta aire berri horiekin Euskal Herrira itzultzekoa. Horrela, Joseba Intxaustik historia ikasi zuen, Katalunian; Joxe Azurmendik filosofia, Alemanian; Paulo Agirrebaltzategik teologia, Italian; eta Joan Mari Torrealdaik soziologia, Frantzian.

Euskal Herrira itzulita, Jokin Zaitegi batek hainbeste amestu zuen Euskal Idazleen Etxea gauzatu zuten 1977tik aurrera Donostiako Ategorrietan.

Talde horixe izango da, hain zuzen ere, beste batzuekin batera, noski, aldizkariak 1956an sortu zenetik zituen xedeak berresteaz gain, Jakin-en modernizazio prozesua bururaino eramango duena ia 60 urtez.

Baina Jakin Taldea ez da aldizkaria zuzendu eta kudeatzera mugatu. Talde horretako kideek azken bost hamarkada hauetan euskararen eta euskal kulturaren esparruetan egindako lana ez da arbuiatzekoa. Jakinez kanpoko plataforma ugaritan esku hartu dute, modu askotan (sortzaile, eragile, bideratzaile, bultzatzaile, partaide), besteak beste, honako hauetan: UZEI, EUSENOR, EKB, Kontseilua, Euskaldunon Egunkaria, Euskaltzaindia, Elkar fundazioa eta argitaletxea, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa, Euskal Unibertsitatea.

Euskalgintza ulertzeko, bizitzeko eta aldarrikatzeko modu jakin bat garatu du Jakin Taldeak: militantzia eta profesionaltasunaren uztarketa natural eta eraginkorra, euskaltzaletasunaren hobespena, kulturaren autonomia proiektu ideologiko eta politikoekiko, taldearen independentzia, euskararen zeharkakotasunaren defentsa praktikoa...

Lau Jakinkideon obra idatzia zabala da: ia 100 liburu, ia 400 liburu zati eta ehunka artikulu asko idatzi dituzte lauren artean. Obra biltzeaz gainera, testigantza zuzena jaso dugu elkarrizketa bio-bibliografikoaren bidez. Bakoitzaren ibilbide bitala eta bereziki intelektuala azaltzea, bakoitzaren obraren eta konpromisoaren nondik norakoak argitzea, Lorea Agirreren ardura izan da hori. Solasaldi luzeetan landu du eta bideoan grabatu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz ari gara lanak oro bildu, sistematizatu eta digitalizatzen. Oraingoz guztiz egina Joxe Azurmendirena dugu. Gainerakoena ere bidean da.