Hasiera >GOGOETA >Elkarrizketak

«Historia-liburuetan agertzen ez diren ñabardurak ager daitezke fikzioan»

 

 

Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, 1964) ibilbide luze eta oparoa du euskal letretan, ikerkuntzan, sorkuntzan zein ediziogintzan. Antzerkian, besteak beste, honako obra hauek idatzi ditu: Publikoari gorroto (Euskaltzaindia, 1987), Pernando, bizirik hago oraindio (Euskaltzaindia, 1989), edota Garai(a) da Euskadi (Kutxa Fundazioa, 1993). Horrez gain, zenbait eleberri plazaratu ditu Mendigurenek, tartean Berriro igo nauzu (Elkar, 1995), Elvis hil zen urtean (Elkar, 2007), 1002. gaua (Pamiela, 2010) edota Sakoneta (2) (Elkar, 2011). Ipuingintza ere erruz landu du, Arima enkoniatuak (Elkar, 2005), Vikingoen sorterrira (Elkar, 2010) edota Arantzak barrurantz (Elkar, 2014) bildumak lekuko. Hori guztia nahikoa ez, eta euskal liburugintzako argitaletxerik handieneko arduraduna dugu. Harekin elkartu ginen abuztuko amaieran, Beasainen, euskal literaturaz duen ikuspegi zabala eta poliedrikoa ezagutzeko, baita haren obraren beraren alde batzuez solastatzeko ere.

 

 

Nola ikusten duzu gaur egungo euskal literatura?
Ez da erraza galdera horri erantzutea, edo oso erraza da. Konparatzeko, beste termino bat behar dugu; hori izan daiteke diakronikoa (euskal literatura nola zegoen lehen), edo sinkronikoa (beste literatura batzuk nola dauden). Bigarren ikuspuntua konplikatuegia iruditzen zait, ez dakidalako zerekin konparatu beharko litzatekeen: literatura katalanarekin, galiziarrarekin, espainiarrarekin, edo Galesekoarekin? Beraz, lehenbiziko moldetik egingo dut. Nik orain 51 urte ditut, eta lehenengo liburua atera nuenean, 20 edo 21 urte nituen, eta esan daiteke 30 urtetan ezagutu dudala hurbil samarretik euskal literaturaren bilakaera edo garapena. Esan daiteke bai kuantitatiboki baita kualitatiboki ere jauzi bat egin duela euskal literaturak. Garai batean, ni gaztetxoa nintzela, euskal literaturara hurbildu nintzenean, izaten genuen halako nahi bat, helburu bat, amets bat, eta zen euskal literaturak denera iritsi behar zuela, eta ildo guztiak estali behar genituela. 70eko hamarkadan eta 80ko hasieran ere bazegoen artean ere planteamendu hori, nolabaiteko homologatu beharra, normalizatu beharra. Gaur egun, onerako eta txarrerako, esango nuke euskal literaturak antz handia daukala, neurri txikiagoarekin izanda ere, Europako mendebaldeko beste literaturekin, eta ez dagoela horrelako homologatu beharrik, zuloak estali beharrik; ez da sentitzen, behintzat, horrenbesteko behar existentzial gisa.
Egiten den literaturaren ikuspuntutik, nik uste dut inguruko literaturetan ere gertatu dela: abangoardismoak, esperimentalismoak-eta galdu egin dute zeukaten prestigioa-edo, eta literatura konbentzionalagoa-edo egiten dugu, oro har. Hori ez dakit ona edo txarra den; seguru asko, merkatu bat edukitzeari begira, beharrezkoa da, eta, hala ere, nik esango nuke euskal literaturaren sistemaren hutsunerik handiena dela ez duela lortu merkatu sendo bat, oraindik ere txikiegia dela. Eta hori ez dut esaten editore diru-gosearen ikuspuntutik. Adibidez, euskal liburugintzan, ia ez da publikatzen helduentzako itzulpenik, itzulpenaren kostua ez delako estaltzen gero liburu horrek eduki dezakeen salmentarekin. Eta, beraz, egiten diren itzulpenak, neurri handi batean, itzultzailearen borondateari, eskuzabaltasunari edo militantziari esker egiten dira, ez dira normaltasunez ordaindutako lanak. Merkatu handixeagoa bagenu, posible litzateke.
Askotan, sumatu izan ditut bi kritika-mota euskal literaturari: batzuek diote errazegia, herrikoiegia, xumeegia dela; eta beste batzuek, berriz, euskal literatura zailegia dela, eta egin beharko litzatekeela askoz kontsumokoagoko literatura. Merkatu handixeagoa bagenu, errazagoa litzateke segmentatzea merkatu hori, eta estilo ezberdinetako kolekzioak edukitzea. Gaur egun argitaletxe batek bilduma bat du, enpresa batek ez ditu linea editorial diferenteko bi argitaletxe sortzen (Europako mendebaldean oso normala da hori). Gure tamainak ez du horretarako ematen.
Askotan, sumatu izan ditut bi kritika-mota euskal literaturari: batzuek diote errazegia, herrikoiegia, xumeegia dela; eta beste batzuek, berriz, euskal literatura zailegia dela, eta egin beharko litzatekeela askoz kontsumokoagoko literatura. Merkatu handixeagoa bagenu, errazagoa litzateke segmentatzea merkatu hori, eta estilo ezberdinetako kolekzioak edukitzea.
Bestalde, euskal literaturan gertatu den aldaketarik handiena, kualitatiboki, behintzat, da azkeneko 20, 15 edo 10 urteetan, behingoz, ez dela izan ia esklusiboki gizonezkoen literatura, oso maskulinoa eta androzentrikoa izan delako euskal literatura. Gaur egun, gizonezkoak dira, oraindik, idazle gehienak. Produkzio osoa ikusiko bagenu, liburu gehiago daude gizonezkoek idatziak emakumezkoek idatziak baino, baina adin batetik behera begiratzen baldin badugu, hori aldatu egin da, oso nabarmen. Gaur egun, emakumeen presentzia ez da kuota bat betetzekoa, baizik eta esango nuke ekarpenik berritzaileenak eta interesgarrienak emakumezkoek egindakoak direla. Ez zait iruditzen moda bat denik, baizik eta areagotuz joango den aldaketa da. Horrek badu, hala ere, koska bat, edo nik buruan dudana, behintzat, eta da garai batean gizonezkoek gehiago idazten zutenean emakumezkoek baino arrazoi soziologiko bati zor zitzaiola, emakumezkoek ez daukatelako inteligentzia edo sentsibilitate gutxiago gizonezkoek baino. Baina, gaur egun, adin batetik behera ia idazle gehienak emakumeak izateak ere pentsarazi behar digu zein den arrazoia, gaur egungo gazteen artean mutilak ez dira sentsibilitate, inteligentzia edo talentu gutxiagokoak izango emakumeak baino. Nire beldurra da –baina hipotesia da, ez daukat froga argirik– aldaketa hori ez ote den gertatu literaturak kulturaren barruan, oro har, duen presentziaren eta prestigioaren galtzearekin batera, ez bakarrik euskal literaturan, baizik eta, oro har, Europako mendebaldean. Gizonezkoek ez diote utzi zinea egiteari, ez diote utzi musika egiteari, baina badirudi utzi diotela literatura idazteari.
 
Euskal literatura inguruko literaturekin parekatu egin dela esan duzu. Uxue Apaolazak, baina, euskal literaturaren aniztasuna «klase ertain zuri-zuriarenera» mugatzen dela ohartarazi du.
Normalean, literatura da gizarte baten erretratua, neurri batean; are gehiago, idazten dutenen erretratua, eta, baita, ikuspuntu marxista batetik, gizarte horretan nagusi den klasearen ikuspuntuaren islatze bat ere. Egia da gure literaturan gehiago ikusten direla pertsonen arteko harremanak, eta horien inguruko kezkak eta arazoak-eta, arazo kolektiboak baino. Hau da, normalagoa da gure literaturan agertzea bikote baten gorabeherak lantoki bateko gorabeherak baino. Alde horretatik, murriztailea izan daiteke. Horrek hainbat arrazoi izan ditzake; horietako bat da, oro har, gure zibilizazioan, ez zineman, ez telebistan, ez musikan-eta gai sozialak ez direla asko lantzen edo jorratzen. Beste arrazoi bat izan daiteke idazle-jendea ez dela, bereziki, gizartean okerren dagoen gizarte-sektorekoa. Beraz, migratzaileen buruhausteak, kezkak-eta gutxitan agertzen dira gure literaturan. Ez dut esaten agertzen ez direnik; agertzen dira, Pablo Sastreren obretan behin baino gehiagotan. Asko agertzea ere ez dakit izango litzatekeen ona edo ez ote litzatekeen izango asmo oneko ekintza ez oso sinesgarria. Nik nahiago dut, oro har, idazleak idaztea berak ezagutzen duen munduaz, barruan dauzkan dilemez, nahitaezinez, kezkez eta abarrez. Eta horiek izan daitezke pertsonalak edo izan daitezke sozialak, eta bien arteko muga ez dago garbi, hau da, pertsonala dena politikoa da delako leloa gure artean ere aplika daiteke.
 
Literatur hizkeraren arazoa are korapilatsuago agertu da tradizio urriko euskal literaturan. «Irakurketa arin eta errazeko literatura» idatzi nahi duzula esan izan duzu, «irakurlea esaldia bi aldiz irakurtzera» behartzen ez duena. Alde horretatik, zera gerta liteke: hizkera literario estandarizatu moduko bat sortzea, gainerako hizkuntza-erregistroetatik bereizten duen alde artifiziala eta literatur lanari ematen dion ‘aura’ lausotuz.
Ni ez naiz prezeptibazalea. Beraz, garbi eduki dezaket nik nola idatzi nahi dudan neure literatura, baina ez dut esango horrek izan behar duenik errezeta beste inorentzat, besteak beste, literaturan aniztasuna eskertzekoa delako, alde batetik, eta, bestetik, estiloa kontatu nahi duzunari lotua dagoelako. Hau da, askotan, egin nahi duzun obrak berak eskatzen dizu tonu bat, estilo bat, doinu bat, idazteko modu bat. Beharbada, nire irakurketak idazle iparramerikar errealisten bidetik joan direlako, eta haiek daukaten estiloa beti ondo korritzen duen testua egitearen aldekoa delako, nik ere estetika hori dudala esan daiteke. Ni saiatzen naiz irakurleari oztoporik ez jartzen, edo oztopo izatekotan nik nahi dudan oztopoa izan dadila, ez nik nahi ez dudana. Baina konturatzen naiz, noski, modu asko daudela idazteko, estilo guztiak direla zilegi, eta bakoitzak erakutsi behar duela estilo hori ona eta egokia dela kontatu nahi duen hori kontatzeko.
Nik nahiago dut, oro har, idazleak idaztea berak ezagutzen duen munduaz, barruan dauzkan dilemez, nahitaezinez, kezkez eta abarrez. Eta horiek izan daitezke pertsonalak edo izan daitezke sozialak, eta bien arteko muga ez dago garbi, hau da, pertsonala dena politikoa da delako leloa gure artean ere aplika daiteke.
Euskararen beraren aldetik, 1986ko euskal kondagintzaren antologia bateko hitzaurrean, ondokoa ohartarazi zuen J. M. Lasagabasterrek: euskal literaturaren modernizazio-prozesu azkartu horretan, narratzaile tradizionalek erabiltzen zituzten esamolde kolokial eta jator franko, kontaerari bat-batekotasun eta bizitasun handia ematen zizkiotenak, galduz joan direla. Galerarik antzeman al duzu euskararen kalitatean azken hamarkadetako euskal literaturan?
Jatortasunaren eta halako aberastasun linguistikoaren aldetik, dudarik gabe beherantz goaz, galduan goaz, baina horrek ez nau kezkatzen zipitzik ere. Esan nahi dut euskara biziko bada, izango da unean uneko euskaldunek euskaraz egiten segitzen dutelako. Gaur egungo euskaldunek egiten duten euskarak ez du zerikusirik orain dela 80 urteko euskaldunek egiten zutenarekin. Askoz ere esamolde jator gutxiago dago, askoz ere esaera eta modismo gutxiago erabiltzen dira, askoz ere kalko gehiago erdaratik, eta maileguak, erdarakadak, erdaratik zuzenean sartutako esaldiak euskararen barruan, baina hori, berez, gure egoera soziolinguistikoan, saihestezina da. Idatziko bagenu euskara superjator, aberats, eta distiratsu bat, horrek ez luke lagunduko euskara biziagoa egiten kalean. Nire ustez, kontrakoa izango litzateke efektua, hau da, dibortzioa are handiagoa izango litzateke euskara idatziaren eta benetako euskararen artean.
 
Egoera soziolinguistikoaren harira, zera dio Joxe Berriro igo nauzu eleberriko protagonistak: «euskaraz egin diezazuten, edo zaharra izan behar duzu, edo umea, edo txakurra, edo bestela preso politikoa» (149. or.). Pasarte berean Joxeren senideek euskara eta erdara tartekatzea solasaldi berean nabarmentzeko modukoa iruditzen zaio narratzaileari. Gaur egun, ohiko fenomenoa dugu hori, gazte euskaldunon hizkeran batik bat. Joxe espetxeratu aurreko garaietan osoko kode moduan funtzionatzen al zuen euskarak?
Joxeren familia historikoki oso euskalduna izan den inguru batekoa da. Hor euskara izan da familiako hizkuntza. Une batetik aurrera, euskara bihurtu da zaharren hizkuntza, edo umeen hizkuntza, eta ez hainbeste umeek beren artean erabiltzen dutena, baizik eta umeak hezteko hizkuntza, soziolinguistikoki oso egoera kezkagarria dena. Nire liburu horretan egoera horren erretratu gaizto samarra egiten da. Baina, zorionez, Gasteizen zaharrek ez dute euskaraz hitz egin, eta haien bilobak euskaraz egiteko gai dira. Normalean, ez dute erabiliko, baina, beharbada, batzuek, bai; guraso batzuk saiatuko dira beren seme-alabekin euskaraz egiten, eta seme-alaba horiek, beharbada, beren artean edo beren lagunekin egingo dute. Beraz, euskararen kaleidoskopia oso konplexua da; lupa non ipintzen duzun, ikus ditzakezu beherantz goazen zantzuak, eta beste zantzu batzuk, berriz, baikorrak izan daitezkeenak.
 
70eko hamarkadan, arnasguneetako egoera soziolinguistikoa gaur egungoa baino hobea al zen?
Ez dakit, batzuetan, beharbada, Joxek bere gazte-garaiko egoera idealizatu egiten du, zeren eta gazteen artean erdarara jotzeko joera ez da ez oraingoa, ez orain dela 20 urtekoa. Ez nuke esango orain, derrigorrez, okerrago gaudenik.
 
Kritikariren batek Vikingoen sorterrira kontakizun-bilduman elipsia faltan sumatu du, horrek irakurleak bere interpretazioa egiteko aukera murriztu egiten duelakoan.
Niri, idazle bezala, jasotako kritikak onartzea dagokit, onak direnean, eta hain onak ez direnean ere bai. Ipuinaren ikusmolde desberdinak daude; ipuin batzuk laburrak dira, eta kontatzen ez dena imajinatu behar duzu. Nire bilakaeran konturatu naiz egin ditudan ipuin gehienak luzeak izan direla, ipuinaren eta nobela laburraren artean dauden lanak. Halaxe atera zaizkit, eta horixe izan da nire ekarpena. Nik ahalik eta txukunen eta ondoen idatzi ditut ipuinak, eta, gero, irakurleak esan beharko du. Ipuinak halakoak dira nik nahi izan dudalako, ez gabezia batengatik.
 
Mamian ez bada, forman, bederen, umorea darie zure literatur lanei.
Batzuei, ez denei. Adibidez, Normalak bagina bezala ipuinean, badago umorea, umore beltz samarra. Baina, noski, ipuinaren helburua ez da umorea egitea; bestelako gauzak kontatu nahi ditu. Nire ipuinak, gainera, askotan ez dira une bateko erretratua, baizik eta pertsonaien urte batzuetako bilakaera erakusten dute, eta horrek badu garai baten zera. Ipuin hori doa GALen garaitik Miguel Ángel Blancoren hilketa bitartera. Neurri batean da gure historia hurbila idazteko ahalegin bat, fikzioaren bitartez. Fikzioak erakusten ditu Historiak ez dituen tresnak, txikikeriak kontatzen dituzu, inportanteak ez diren gauzak, baina, batzuetan, historia-liburuetan agertzen ez diren ñabardurak ere ager daitezke fikzioan.
 
Ipuin horretan, narratzailearen bikotekidea «apolitikoa» omen da, baina Miguel Ángel Blanco bahitutakoan, orduan bakarrik, deskubritzen du konpromisoa. Hau da, teknokraten antzerako apolitikoa dugu, ezarrita dagoen ordena soziala politikotzat ez, baizik eta sen arruntatzat duten horietako bat. Joan Fusterren aforismo ezaguna ekarri zidan horrek gogora: «tota política que no fem nosaltres serà feta contra nosaltres», alegia, «geuk egiten ez dugun politika oro gure aurka egindako politika izango da».
Ni gogoratzen naiz Blanco hil zuteneko garaiaz, eta egun haietan, gogoan dut Donostian arropa-dendaren batean-eta ibilita (Mango edo Zara edo horrelako dendaren batean), saltzaile guztiek zeramatela Blancoren aldeko txingola. Eta, normalean, horrelako lekuetan ez da inoiz sinbolo politikorik agertzen, baina une horretan, bai. Nik ez dakit enpresak aginduta izango zen, edo saltzaileei beraiei bururatu zitzaien. Berdin zait. Esan nahi dut une hartan apolitikoa izan ohi den gizarteko sektore asko eta asko asaldatu egin zirela, eta asaldatze-giro horren berri eman nahi nuen.
Fikzioak erakusten ditu Historiak ez dituen tresnak, txikikeriak kontatzen dituzu, inportanteak ez diren gauzak, baina, batzuetan, historia-liburuetan agertzen ez diren ñabardurak ere ager daitezke fikzioan.
Berriro igo nauzu eleberrian, ezker abertzaleko tokiko arduradunak nahiko arlote agertzen zaizkigu.
Ez nuke hainbesteraino esango. Neurri batean, helburua da erretratatzea politikari ortodoxoa, diskurtsotik ateratzen ez dena. Askotan, bere diskurtsoetan ortodoxiatik ateratzen ez dena ez da gaitasun analitikorik ez duelako –noski, horregatik ere izan daiteke–, baizik eta egoerak ez diolako uzten beste era bateko diskurtsorik egiten. Beraz, batzuetan, zurrunak ez dira pertsonak, egoerak dira zurrunak, eta egoera zurrunak zurrundu egiten ditu pertsonak.
 
Arestian aipatu kritika gorabehera, hainbat interpretazio izan ditzake eleberri horrek.
Nik badakit, politikoki, modu oso ezberdinetan interpretatua izan dela nobela hori. Eta, niretzat, hori ez da seinale txarra. Nik ez nuke izan nahi Esoporen fabulak bezain didaktikoa eta aurreikusgarria.
 
Idazlearen ‘konpromisoaren’ gaia dela-eta, literatura ez dela «eraginkorra» esana duzu. Literaturaz, oro har, ari zara, ala dimentsio txikiko literaturez bakarrik, hala nola euskaldunaz?
Oro har, literaturak gutxi egin dezake. Badira salbuespenak, historian; literaturak kontzientziak alda ditzake, batzuk, behintzat, eta kontzientziak aldatuz, pertsonak aldatzen dira, eta pertsonek alda dezakete mundua. Baina, oro har, poema sutsu bat egin baduzu Nazioarteko Diru Funtsaren kontra, edo Europar Batasunaren immigrazio-politikaren kontra, ezer gutxi aldatuko da mundua. Baina horrek ez du esan nahi literaturak ez duenik hori egin behar; norberak erabakiko du zer literatura-mota egin duen, zertaz idatzi nahi duen, eta zer kontatu nahi duen.
 
Vikingoen sorterrira bilduman, narratzaile batek kanpaia jotzen dio agureari (Arrautza frijituak kontakizunean); Galeperrak ipuinean, kaka, oka, intzestua eta anai-arreben arteko sexua agertzen dira. Ikonoklastiarako, epataziorako edota boutade-rako pretentsioa duzula ematen du...
Ez dakit zer esan; ez dira boutade-ak. Saiatzen naiz gertaera harrigarriak direnak narrazioaren barruan sinesgarri izan daitezen. Kontatu nahi nuen zerbait, oso harrigarria dena eta sinesgarria izango ez litzatekeena, narrazioaren barruan lortzen baldin badut funtzionatzea eta sinesgarri egitea, seinale ona da.
 
Euskal literaturari buruzko ikerkuntzan, Euskal Herriko gatazka politikoak nolako trataera jaso duen literaturan gai nagusi bilakatu bide da, Euskal Herriko unibertsitateetan eta, zer esanik ez, atzerrikoetan (non itzulitako idazleen obrak baizik ez ohi dituzten landu). Kostunbrismo berri bat eta gai bakarreko literaturaren irudia ekar ditzakeela horrek ohartarazi du Koldo Izagirrek. Euskal literaturaren mugarri askok, aldiz, ez dute ikerlarien arreta jaso. Nola ikusten duzu euskal literaturari buruzko ikerkuntza?
Ikerketa akademikoak egiten dira karrera akademikoa egiteko, eta horretarako, Euskal Herria ez da eremu autonomoa; Espainia izaten da eremua. Beraz, iruditzen zait kolega espainiarren aurrean sinpatikoarena egin nahi dela, edo, nahi gabe ere, haiek irakurri diezaguketela-eta zer esango dutenari begira ote gabiltzan kritika akademikoa egiten dugunean; nagusi diren ikuspuntuetatik, bibliografiatik, eta abarretik.
2016-03-10
Diruz lagundua:

JAKIN FUNDAZIOA

Tolosa hiribidea 103 - 1C

20018 DONOSTIA

943 218 092

jakin@jakin.eus