Astelehena, 2017ko Martxoak 27
Gora joan
Menua

DOSSIERRAK

Euskara naziogintzaren eta estatugintzaren erdian

Ekainaren 25 eta 26ko jardunaldiko saio guztien bideoak ikusgai

2015-10-08

Dokumentala

'Euskara naziogintza eta estatugintzaren erdian' gaiaren inguruan dokumentala ondu du Aitor Baztarrika Oca kazetariak, Jakinek, Iruñean, UEUrekin batera, gai beraren inguruan ekainean antolatutako ikastaroaren eta Jakinen 208. zenbakiaren osagarri. Joxe Azurmendi, Idurre Eskisabel, Unai Apaolaza eta Eduardo Apodakaren pentsamendua elkarrizketara ekarria.
 

Jardunaldiak

'Herria, nazioa, estatua... eta euskararekin zer?' jardunaldiak mamitsu eta bizi joan ziren, ekainaren 25 eta 26an, Iruñeko Katakrak liburu dendan. 130 bat lagun bildu zen bertara, eta ez zen eztabaidarik eta ideia berririk falta izan. Bertan mahaigaineratu ziren proposamen eta diskurtsoen segidak ekar diezaizkioke galdera zahar-berri honi beharrezko dituen erantzunak eta bideak.

Joxe Azurmendi, Alaitz Aizpuru, Mario Zubiaga, Koldo Izagirre, Xan Aire, Jule Goikoetxea, Joxe Manuel Odriozola, Julen Arexolaleiba, Gaizka Aranguren, Idurre Eskisabel, Eduardo Apodaka, Andoni Olariaga eta Iñaki Martinez de Luna hizlari izan ziren hitzaldi, ponentzia eta mahai-inguru guztien bideoak dituzu hemen bilduak. Baita jardunaldietako argazkiak eta hedabidetan agertutakoaren bilduma bat ere.

Jardunaldi ondorengo gogoetak

Luistxo Fernandez
Andoni Eizagirre
Joxe Manuel Odriozola
Joseba Barriola

Hedabideetan jasoa

Berria
Argia
Diario Vasco
Diario Vasco
Info 7
Xorroxin irratia
Euskal Herria irratia

Blogak

Garabide

Bideoak eta argazkiak

Unamuno 1864-2014. Euskararen eta abertzaletasunaren kontrako antidotoa

2014-11-11

2014ko irailaren 29an bete ziren 150 urte Miguel Unamuno pentsalari eta idazlea (Bilbo, 1864 - Salamanca, 1936) jaio zela. Euskararen pizkundearen eta euskal abertzaletasunaren etsai gogorra izanagatik, itzal handia izan zuen Unamunok frankismoaren urteetan euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna biziberritzen aritu ziren idazle eta intelektualen artean. Salbatore Mitxelena, Txillardegi, Jorge Oteiza, Koldo Mitxelena, Joxe Azurmendi...

Ezagunak dira oso euskararen gainean esan zituenak 1901ean, Bilbon egindako Lore Jokoen ospakizuneko presidente zela. Unamunok hautsak harrotu zituen euskarari hileta duina egin behar zitzaiola esan zuenean:

Zuk egiten duzun hizkuntza hori, jende euskalduna, euskara hori zurekin batera galtzen ari da: ez du ardura, zure antzera, hark ere galdu beharra duelako; beraz, hil ezazu bera lehenbailehen eta ehortz ezazu ohorez; mintza zaitez espainieraz!

Etika, fedea eta sinesmen erlijiosoaren krisia; Schopenhauer, Kierkegaard eta Bergsonen pentsamendua; herrien ‘intrahistoriaren’ kontzeptuaren defentsa, tradizionalismo huts eta arruntaren aurrean; gizabanakoaren eta gizartearen arteko tentsioa eta ideia existententzialistak; espainiar arraza eta nazioa, Errepublika eta 1936ko altxamendua... Izan ere, argilunez eta paradoxaz jositako ibilbide eta pentsamendua da Unamunorena; horrexek galarazi zion sistema filosofiko koherente bat osatzea, eta literaturaren bitartez kanporatu zituen bere barne gatazkak.

Dosier honetan, Joxe Azurmendik eta Txillardegik Unamunori buruz idatzitako testu ugarietatik esanguratsuenak ekarri ditugu. Txillardegiren hiru artikuluak 50 eta 60ko hamarkadetan idatzitakoak dira; Azurmendiren artikulu, liburu eta liburu zatiak, aldiz, azken 30 urteetakoak dira guztiak.

Azkenik, Imanol Unzurrunzaga, Juan San Martin eta Xabier Kintanak Jakinen idatzitako artikulu bana erantsi ditugu.

Zergatik eta zertarako euskaldun?

2014-11-10

1967ko urtarrilean, Zeruko Argia astekarian, Joxe Azurmendik galdera hauxe planteatu zuen Alemaniatik idatzitako artikulu batean: «Zergatik eta zertarako euskaldun?». Istilu galanta sortu zuen, erantzun andana ere bai hurrengo hilabeteetan. Unamuniano, barojiano, españolista, traidore, erreazionario, burjes... denetik irakurri behar izan zuen Azurmendik.

1967ko Jakin 27/28 zenbaki bikoitzean dator Azurmendiren erantzun nagusia, Joseba Intxaustik 25. zenbakian argitaratutako gutun ireki bat aitzakia hartuta. Azurmendik, erantzun horretan, hasierako artikuluari buruz idatzi zutenei (Juan San Martin, Mikel A. Yntxausti, Julen Kalzada, Egile ezezaguna, Iritzira, Imanol Laspiur, Paulo Iztueta, Gabriel Aresti, Xabier Lete, Joseba Intxausti) erantzutearekin batera, bere ideiak argitzen eta azaltzen saiatzen da.

Azken buruan, Azurmendiren ustez, euskaldun izateko ez da nahikoa euskaldun jaiotzea. Ekintza, ahalegina, lana, ezinbestekoak dira. Kontzientzia. Eta justizia gosea.

Bestalde, Txillardegik eta Rikardo Arregik ere zeresan handia eman zuten artikulu bana argitaratu zuten 1967an bertan Jakinen orrialdeetan: ‘Gure eginkizuna’ Txillardegik (Jakin 24) eta ‘Euskaltzaleen Jainkoa ill bear dugu’ Rikardo Arregik (Jakin 27-28). Euskara, euskaltasuna, euskal kultura, tradizioa eta modernitatea... Nabarmena da eztabaida eta aldaketa ideologiko sakonen aroa bizi zutela urte horietan.

Eztabaida horrek bizirik jarraitzen du gaur ere. Egun, antzeko galderen bueltan gabiltza, zer den euskaldun izatea, hizkuntzaren erabilera nola motibatu, eta, azken finean, zer leku hartu behar duen euskarak. Azken hilabeteetan, gainera, azkartu egin da Euskal Herriaren independentzia prozesuan euskal identitatearen eta zentraltasunaren gaineko eztabaida.

2014ko otsailaren 6an, Jon Benito idazleak ‘Euskal izatearen zaila’ (http://zuzeu.eus/2014/02/06/euskal-izatearen-zaila) izenburupean egindako artikuluak eztabaida bizia eragin zuen. Benitok berak, erantzun batean, gogora ekartzen zuen 1967an sortu zen eztabaidaren oihartzuna, eta orduko artikuluak eskura jartzea iradokitzen zuen. Honatx hemen, beraz, eztabaida zahar-berri honen orduko testigantza guztiak, Jakinen eta Zeruko Argia-n argitaratu zirenak.

Katalunia bidean

2014-05-15

Funtsezko agiriak independentziarako bidean

Kataluniako prozesu politiko subiranista hobeto ulertzen lagundu dezaketen hainbat agiri esanguratsu aipatzen dira jarraian.

Hainbat erakunde esanguratsu