Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan
Artikuluak KULTURA

Euskal mitologiaz eta identitateaz. Mariren eduki sinbolikoaz

 

Sarrera

XXI. mendearen bigarren hamarkadaren erdian, euskal kultur identitatearen inguruan arakatuz gero, zazpi probintzietako gizartearentzat aitortutako egitasmo kulturalaren berri galde daiteke. Baina hori baino lehen, kultura, eta bere oinarri-oinarrietan dagoena ezagutu behar da. Dena den, zerbait argi dago: talde batek era berean darabil kultura, eta, horregatik, zerbait publikoa, politikoa, da. Ikuspegi, pentsamendu eta ekimenaz gain, zeresan handia daukanez, kulturak taldearen kohesioa sortzen du, eta bere identitatearen iturri bilakatzen da. Badirudi Eusko Jaurlaritzan horrelako gogoetaren bat egin dela, eta zerbait gehiago atxiki ere:

Lehenik, posible da herritartasun kolektibotik eta oinarrizko kultur proiektu partekatu batetik abiatuta kultur identitate komuna eta gizarte politikoa eraikitzea, sentimendu kultural edo politikoetan norberaren joera edozein delarik ere. Bigarrenik, euskal kultura edo euskaltasuna (euskal identitate orokorra) eraiki behar da oraintxe bertan hasita, baina kontzeptu kultural soil gisa ulertuta, hau da, kultura jarauntsiaren eta gaur egungoaren emaitza gisa; nahitasunarekin eta kultura proiektuekin (euskaltzaletasuna) edo identitate politikoarekin (euskal nortasun nazionala...) lotzen diren kontzeptuetatik bereizirik, alegia (2004: 17).

Lan hau euskal kultur identitatearen eremuari ekarpen bat egiteko gogoz hasi zen, kulturaren oinarrizko arlo bati erreparatuz: mitologia. Erabakia arrazoi biren eskutik etorri zen. Alde batetik, filosofiak berriki uztartu eta sakondutako diziplina bilakatu izana, eta, bestetik, euskal mitologia eremu publikoan erabiltzen jarraitzea. Kaleko hormaren batean «amalurraren alde» irakurtzearen arrazoiak eta esanahia aztertu beharraren usteak bultzatu zuten lan hau. Testu honetan azalduko den ikerketa, hortaz, euskal mitologiak erakusten duen kultur identitatearen azterketan datza.

Euskal mitologiaren –edota erlijiosotasunaren– inguruko literatura luzea da, eta gai horretan azalpenik eman nahi duena aurretik egindako lana ezagutu beharrean dago. Are gehiago, bere testuinguruan ulertu behar du. Hori dela eta, lan honek, oro har, lau atal nagusi izango ditu: 1) filosofia sinboliko eta mitologiaren berreskuratze semantikoaren azalpena, egun gaiak izan behar duen ikuspegi eta trataera ulertzeko; 2) euskal mitologiaren inguruko bibliografiaren, eta horrek garaian-garaian izan duen erabileraren berrazterketa; 3) egun indarrean dagoen teoria ikertzea; eta, 4) horrekin elkarrizketan, irakurketa berri bat argudiatzea. Lan teorikoa da hau, hausnarketa filosofikoak gidatua, eta euskal gizartean beste gizarte batzuetan egin dena lortu nahi du: kultura eta identitatea sendotzen dituen iruditegi sinbolikoa aztertzea, hizkuntza publikotik at ez dagoelako.

Asmoa aurrera eramateko, ezinbestean, konparazioari heldu behar zaio. Euskal mitologiaren aurreko azterketetan erkaketak ez du leku esanguratsurik izan, eta arlo horretan nahitaezkotzat jotzen dute adituek. Horregatik, lan honetako ekarpenik handienetakoa euskal iruditegiko Mari greziar Pertsefonerekin erkatzea izango da. Oinarrizko bibliografia eta lan berritsuenak kontuan izango dira, noski, eta oraintsu garatutako mitologia konparatuaren derrigorrezko baldintza bati jarraituko zaio: irudi bat-bedera bere testuinguruan aditzera ematea, ezaugarriak garbi azalduz, alderatu baino lehen. Erronkari aurre egiteko, atzerriko nahiz bertako lan asko kontsultatu behar izan dira.

Esandako guztiaren ondoren, lanaren gogoa da euskal mitologiaren historiaren berri izatea, horrek kultur identitatearen eraikuntzan izan duen garrantziaz ohartaraztea eta egun duen esatekoa ulertzea. Horrez gain, mitologiaren esatekoa gizarte zientzietara hurbiltzea.