Asteazkena, 2017ko Martxoak 29
Gora joan
Menua

Gogoeta

1977an hasi zen Jakin-en bigarren aldia, debekualdi luze baten ondoren. Aro berri bat zen aldizkariarentzat, eta Euskal Herriarentzat ere bai diktaduraren ostean. Aro berriko lehen zenbakiko editorialak honela definitzen du aldizkariaren egitekoa:

Kultur aldizkaria da Jakin. Kulturaz, herri baten biziera, lana, sentiera, pentsaera, jakitatea, jokaera, sentikortasuna ulertzen dugu. Ez du Jakin sail, eremu edo ikuspegi batek soilik bereizten. Sailak eta eremuak oro (soziologia, ekonomia, deretxoa, filosofia, erlijioa, zientzia, literatura, etc.) erabil genitzake; eta ikuspegi desberdinetatik begiraturik erabiliko ditugu. Kultur-, pentsamendu- eta saio-aldizkari kritikoa izanen da Jakin.

Aho batez onartzen da gaur ere aro berri batean sartuta dagoela Euskal Herria, Jakin bera ere badagoen bezala. Ziklo batetik bestera igarotzean errealitate asko dago birpentsatu, birplanteatu, gogoetatu, birsortu eta aldatu beharreko, nola munduan hala Euskal Herrian, eta gurean bereziki: herrigintza, kulturgintza, euskalgintza.

Jakinek lehengo lepotik du burua. Jakinentzat leku naturala behar du langintza horrek, bere tradiziotik datorkiolako eta batez ere bere herriari zor diolako. Jakinek gogoetarako, kritikarako edota azterketetarako espazio bat eskaintzen du. Gure ildoak egokitu eta berrasmatzea dagokigun garai honetan, ezinbesteko laguntza eman dezake: formazio eta transmisioan; barne zein kanpoko informazio eta esperientzia baliagarriak jaso, iragazi eta eskainiz; azterketak eginez; gai zehatzen inguruko jardunaldiak antolatuz... gogoeta egin eta eragiten beste kultur eragileekin batera elkarlanean.