Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan

Telepolis

Gorka Julio
 Gorka Julio

Ikastolan lehenik, EHUko informatika ingeniaritza fakultatean eta UOCen Software Libreko masterrean ikasia; gradu eta graduondoko irakasle ere banaiz. Orain, Talaios kooperatibako partaidea eta bertan bereziki web garapenaz, informazio analisiaz eta estrategia teknologikoen diseinuaz arduratzen naiz. Jendartea eta teknologia uztartzea da nire pasioa, horregatik aspalditik hainbat hedabidetan parte hartzen dut.

Tronu Dema etengabea

2014-07-21

P2P fitxategi elkartrukea munduan gehien erabiltzen den elkartruke moduetako bat da. P2P elkartruke modua, azken finean bakoitzak bere gailuetan dituen baliabideei esker, gailuen arteko fitxategi elkartrukea da. Alegia, tartean ez dugu zerbitzaririk behar, fitxategiak ordenagailutik ordenagailura pasatzen direlako zuzenean.

BitTorrent (bittorrent.com) protokoloa erabiltzen duten Vuze, Transmision edota uTorrent programak dira ezagunenak. Beste asko daude, baina denen funtzionatzeko era oso antzekoa da. Torrent izeneko fitxategiak jaitsiz edo magnet linketan klik eginez programa martxan jarri eta bera arduratzen da fitxategia behar den ordenagailuetatik jaisten.

Elkartrukatzen diren fitxategiak mota askotakoak dira: irudiak, audioak, bideoak, dokumentuak, datu multzo handiak... Azken horiek garrantzi berezia dute, adibidez ikerkuntzan. Kontrakoa uste bada ere, sare horietan dabilen eduki askok ez du inongo copyright legerik apurtzen.

Jakina da, halere, sare horietan berez copyright-a duten filmak, telesailak, musika eta abar zabaltzen direla. Ezinezkoa da, aipatu dugun P2P banaketa ereduaren ondorioz, jaitsitako edukiak zehazki zenbat izan diren jakitea. Datu fidagarriren bat lortzeko saiakerak egiten dira, horietako bat Tru Optik (truoptik.com) enpresak egindakoak.

Ikerketa horietan ikus daiteke 300 milioi pertsonek munduan era horretako tresnak erabiltzen dituztela fitxategiak elkartrukatzeko. Pentsa daiteke beharbada baliabide horietara beste era batera atzipenik ez duten pertsonek erabiltzen dituztela, baina herrialde sailkapen gehienetan (filmak, telesailak, musika, jokoak eta softwarea) AEBak agertzen dira lehen postuan. Bakarrean, jokoen kategorian, Brasil eta Errusiaren ondoren agertzen da hirugarren postuan.

P2P trafikoa ohiko zerbitzuekin alderatuz gero, Facebook eta YouTuberen ondoren hurrengoa litzateke, Twitter, SoundCloud, Instagram, Spotify... zerbitzu ezagunak baino garrantzitsuagoa. Hori gutxi balitz, jaisten diren telesail eta filmak bakarrik kontuan hartuz gero, horiek Amazon, iTunes eta Google Playen batera jaitsitakoak baino gehiago dira.

Azken finean, jendeak berarentzako eskuragarrien dituen bideak erabiltzen ditu nahi duen edukira iristeko. Prezioa, erraztasuna, erosotasuna..., faktore askoren konbinazioa izan ohi da erabaki horren atzean dagoena.

Azken aldian industriak Spotify (musika entzuteko zerbitzua) edota Netflix (film eta telesailak ikusteko zerbitzua) bidez jendeari esperientzia hobe bat eskaini eta kontsumoa hortik bideratu nahi izan du. Bi kasuak arrakastatsuak direla esan daiteke, bakoitza bere alorrean. Bada, P2Pari dagokionez, badirudi Spotifyk eragina izan duela eta era horretan musika gutxiago elkartrukatzen dela orain. Aldiz, Netflixek ez du eragin handirik sortu P2P sareetan trukatzen diren bideo kopuruan.

Tronu Dema bat balitz bezala, Popcorn Time (get-popcorn.com) bezalako tresnak jaiotzen hasi dira testuinguru honetan: atzetik P2P elkartrukea erabili arren, erabiltzailearentzako edozein bideo zerbitzu bezain errazak diren tresna ikusgarriak. Bi munduen gauza hoberenak biltzen ditu Popcorn Timek adibidez, eta gainera mugikorrentzako bertsioak ere atera ditu orain.

Ereduen arteko etengabeko tronu dema horretan, seguru zuetako askok entzun duela Tronu Dema dela historian gehien jaitsitako telesaila. Bada, inork ezin du hori ziurtatu, P2P trafikoa neurtzeko zailtasunak direla eta. Tru Optik enpresaren datuei so egiten badiegu, aldiz, datu hori egiazkotzat jo dezakegu.

BitTorrent protokoloaren sortzaileek afera hau aztertu zutenean (http://blog.bittorrent.com/2013/06/25/the-real-king-of-bittorrent), adierazi zuten, beraiek zituzten datuak aztertuz, egileak bere kasa igotako Epic Meal Time saioa zela jaitsiena, Tronu Dema-ren deskarga bikoitzekin. Titular handietan aurkeztu zigutena telesail enpresa handien saioen arteko tronu dema zen, ez beste ezer. Errealitatea bestelakoa da, askoz ere anitzagoa.