Astelehena, 2017ko Martxoak 27
Gora joan

Partaidetza eta teknologia

2015-03-06

Posta sareak sare zentralizatuen garaia ekarri zigun. Telegrafoak (eta ondoren telefonoak) XIX.-XX. mendeei forma eman diete. Internetek, aldiz, sare banatuen garaia ekarri du, eta mundua ere forma horretara egokitzen ari da. Sare banatuen ezaugarria hauxe da: puntu batetik bestera igarotzeko milaka bide izatea. Hau da, informazioa pasatzen utzi edo bideratu behar duen gune zentral bat edo batzuk egon beharrean, mila bidetatik irits daiteke informazioa.

Paradoxikoa bada ere, aldi berean komunikazio tresna ugari eta zuzenagoak ditugun garaian, jendarte eta erakunde gehienen artean urruntasun handia nabaritzen da oraindik. Aldiz, nolabaiteko irudipen orokorra da teknologiak, beste arlo batzuetan egin bezala, partaidetza sustatzeko politiketan nolabaiteko garrantzia izan behar duela, paper hori zein den argi eduki gabe oraindik.

Testuinguru honetan, parte-hartzea era eraginkor batean egituratzeko tresnak sortzen ari dira, eta batzuk erakundearen interpelaziotik harago doaz. Horietako batzuk ez dira soilik erakundeentzako baliagarriak, talde erabakiak hartzen laguntzeko ere baliagarriak izan daitezke.

Orain arteko galderak, eztabaidak edo erabakiak hartzen laguntzeko, adibidez, Appgree.com zerbitzua dago. Sakelakoetarako (iOS eta Android) aplikazio eta webgune horren bidez, ideia edo galdera asko proposatu eta bozka daitezke aldi berean. Horretarako algoritmo estatistiko bat darabil, non ideia bakoitzarentzat jende multzo handi batetik ausaz zenbait aukeratzen dituen; horrela, bakoitzak galdera gutxi batzuk bozkatzen ditu. Ausaz aukeratutako lagin horretatik ateratako emaitza oso gertu egongo da multzo osoak pentsatzen duenetik. Hala ere, hainbat errondatan emaitza zehatzago egin liteke.

Bigarrena Saretuzz.com da, gure herrietako gaiei buruz mintzatu ahal izateko sare soziala, herritarren partaidetza sustatzera bideraturiko tresna. Herritarren eta udalen arteko zubi bat da. Prozesua honako hau da: herritarrak ekarpena egiten du, ondoren Saretuzzek ekarpenak jasotzen ditu eta dagokion udalera bideratzeaz arduratzen da. Gero, udal teknikariek ekarpena aztertzen dute eta, bukatzeko, herritarrei erantzuna ematen zaie. Horretaz gain, herritarrek beraien artean elkarreragin dezakete une oro, elkarrenganako errespetuz jokatzen duten bitartean.

Azkena Democracyos.org da, prozesu demokratikoak Internet bidez gauzatzeko aukera ematen duen tresna. Maila ezberdinetako konpromisoa zehazteko aukera ere ematen du, informatuta mantenduz, eztabaidan parte hartuz edota bozkatuz. Erakunde edo talde arduradunek jada martxan diren ekimenen inguruko iritziak jasotzeko ere balia daiteke.

Loomio.com plataformak, aldiz, talde baten baitan erabakiak zerotik hartzeko balio du. Ideia eztabaidatzen da, adostasuna bilatzen da bozkatzeko aukera ere emanez eta, amaitzeko, hartutako erabakien jarraipena egiteko aukera ere ematen du.

Aipatutako tresna gehienak libreak dira, beraien kodea askatzeko konpromisoa erakutsi dute edo oso gertuko zerbitzuak dira; beraz, ikuskatzen errazak dira. Ezinbesteko ezaugarriak, fidagarritasuna ziurtatu nahi bada.

Plataforma horien erronka nagusia, aldiz, jendarte osoari begira ari bagara, zeinek eta zein mailatan parte har dezakeen zehaztea izango da. Benetako aldaketak garatzeko, erabiltzaileek ere kultura parte hartzailea beharko dute. Oraindik ere jendartean plano fisikoan zaila dena, arlo digitalean eskatzea ideia ona da?

Interesgarria dirudi, halere, eztabaidak, iritziak eta bozak jasotzeko bide berriak edukitzea. Beharrezkoa demokrazia prozedura hutsetatik harago eraman nahi duenarentzat, bereziki horiek gurean lau urteko epeetan gauzatzen direnean. Identifikazio sistema bati lotuta (anonimoa beharko du kasu batzuetan), erabakietan parte hartzea asko erraztuko luke. NANarekin (edo beste edozein dokumentu baliagarri alternatiborekin) bozkatu eta, zeinek daki, ekarpenak ere egiteko aukera laster ikusiko dugulakoan nago.