Hasiera >Blogak >Telepolis >Euskara eta teknologia uztartzen dituzten bederatzi proposamen eta ohar bat

Euskara eta teknologia uztartzen dituzten bederatzi proposamen eta ohar bat

Gorka JULIO | 2015-05-07

Jende gehiena ados dago teknologiak duen garrantziaz, baita hizkuntzen bizirauterako ere. Hori horrela izanik ere, gutxi dira hori sustatzeko hartzen diren erabakiak. Hartzen direnean ere, eragin murritzekoak dira edota itxiak, etorkizunari ateak ixten dizkiotenak.

Euskarak, etorkizuna izateko, teknologiaren eta hizkuntzen inguruan erabaki sendoak behar ditu. Sendoak bezala, baita irekiak ere, horrela bakarrik ziurtatuko baitu etorkizuna. Hiztun gutxiko hizkuntza batean, erabilera eta berrerabilera ez sustatzea hizkuntzaren etorkizuna zalantzan jartzea da. Hurrengo lerroetan, hiru ataletan banaturik, teknologia eta euskara uztatzen dituzten bederatzi proposamen labur.

 

Ahalduntzea

Teknologiaren ezagutzaz gain, horrek ematen dituen aukerak eta euskararekiko inplikazioak ulertzeko proposamenak.

Teknologia berrikuntza eta esperimentazioa euskararekin lotu. Laborategi teknologikoak edota Kzguneak bezalako azpiegituretan euskara berrikuntza eta esperimentazioarekin lotzea lortu behar dugu. Bereziki gazteek, baina baita beste adinetako jendeak ere, era naturalean leku horiek euskararen erabilerarekin lotzea garrantzitsua da. Horretarako, euskara hegemonikoa izango den guneak sortu beharko dira arlo honetan, gai hauek plano soziologikotik aztertuko dituen ikerketa gune batetik hasita, Katalunian egin bezala.

Hezkuntza berrikuntza. Berebiziko garrantzia dauka hezkuntza alorrean euskara teknologia berrikuntzari lotutako diskurtso batekin lerratzea. Ez teknologiaren erabilera soilagatik, baizik eta ezagutzara sartzeko ematen dituen aukerengatik. Arlo honetan, programazioa, beste zientziek duten trataera izatea oso garrantzitsua da. Ez gazteekin bakarrik, baina gazteekin hasierako mailetatik hasita.

Bizi osorako formazioa euskaraz. Eredu itxien aurrean, eredu irekiago batzuen aldeko apustua ere egin beharko litzateke. Egindako lana gutxi izanik ere, ahalik eta jende gehienarengana iristeko helburu argiarekin. Helburu hori lortzeko, argi dago online irakaskuntzak bere formatu ezberdinetan erabateko garrantzia hartzen duela. Garrantzitsua litzateke, beraz, lan honetan jada ari diren erakundeen artean kolaborazio estrategikoak garatzea, egitura publiko-pribatu-sozial berriak sortuz hala behar balitz.

 

Erabilera

Erabilera sustatzeko teknologiaren alorrean garrantzitsuak izan daitezkeen zenbait ideia eta proposamen.

Mugikorrak eduki kontsumorako gailu bihurtu. Gailu mugikor, eramangarri eta jantzigarriak dira eta izango dira, etorkizuneko eduki euskarri baino, kontsumorako bide nagusia. Gailu horietan kontsumituak izateko eduki eta aplikazio berezituak lantzea, beraz, estrategikoa da. Sakelako, eskuko eta eramangarriak diren gailuetarako espezifikoki sortutako edukietan arreta jarri behar da eta sustatu.

Ikus-entzunezko edukien garrantzia. Edukiei begira, ikus-entzunezko edukiak euskaraz izatea behar-beharrezkoa da. Ez bere formatu handietan (horiek ere), baizik eta aipatutako gailu mugikorretan adibidez kontsumituko diren formatuetan ere. Horretarako oso garrantzitsua da eduki sortzaile izan behar dutenak laguntzea. Dauden zentro (Andoain), unibertsitate (MU, UPV/EHU), espazio (Tabakalera, Alhondiga) eta sortzaile taldeekin harreman estua izatea behar-beharrezkoa izango da horretarako.

Zerbitzu global erabilienen kontrol gunea. Asko erabiltzen diren zenbait zerbitzu globaletan (Google, Twitter, Facebook...) euskarazko bertsioa bermatu eta zuzeneko harremanak landuko dituen ekinbide bat osatu beharko litzateke. Komunikazio kanal soil bat izatetik haratago, bertako enpresa eta erakundeekin harreman etengabean eta kolaborazio proaktiboan lanean jardun beharko duena, hain zuzen ere.

 

Elikatzea

Etorkizunean ere, teknologietan euskarak garapena izaten jarraitzeko proposamenak.

Euskaraz arlo teknologikoan lanean ari diren komunitateak indartu. Euskaraz era naturalean sortu eta lanean ari diren komunitateei beharrezko sostengua eskaini behar zaie. Batzuetan errekonozimendua, beste batzuetan baliabideak, beharbada sostengu ekonomikoa ere, baina lanketa bat egin behar da horiekin guztiekin. Softwarea itzultzen duten taldeak, itzulpengintza boluntarioan ari direnak, azpitituluak sortzen dituztenak, edukia sortzen duten komunitateak, softwarearen munduan euskarazko ekimenak aurrera ateratzen dituztenak...

Software librea, apustu estrategikoa eta atzeraezina. Software librea da euskarazko softwarea izateko apusturik hoberena. Inbertsioen errentagarritasuna ziurtatzen du, baina baita komertzialki errrentagarriak ez diren lekuetara iristeko gaitasuna ere. Atzeraezina da, beraz, ekinbide publikoek software librearen aldeko apustu garbia egitea eta arlo ekonomikoan ere horrekin lotutako bertako enpresa, elkarte eta norbanakoekin harremanak estutzea. Oso garrantzitsua da aurreko legegintzaldietan abiatutako zenbait proiektu indartu eta horietan euskararen lan lerroa txertatzea.

Berrikuntza teknologikoetan eta etorkizuneko teknologia estrategikoetan euskararen presentzia bermatu. Berrikuntza teknologikoa eta etorkizuneko zenbait teknologia estrategiko definitu ondoren, horietan euskararen presentzia bermatu beharko litzateke. Hizkuntzarekin berarekin lotutako teknologiak –hizkuntzaren prozesamendurako teknologiak, adimen artifiziala, ahots teknologiak...– eta sektore ekonomiko estrategikoekin lotutakoak –garraioa, ingurumena, osasuna, hezkuntza, industria, ikerketa...– euskaraz egotea bermatu beharko litzateke, eta horretarako mota guztietako beharrezko laguntzak eman.

Diruz lagundua:

JAKIN FUNDAZIOA

Tolosa hiribidea 103 - 1C

20018 DONOSTIA

943 218 092

jakin@jakin.eus