Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Pasilloetan galduta

2016-07-18

Jaime Altunak ikerketa plazaratu du azken Hausnartu sarietan eta bigarren geratu da. Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntza mudantzak nerabezaroan du izenburua bere lanak. Nerabeek zer esaten duten euskarari buruz asko interesatzen zaidan gaia da. Izan ere, nerabeek ez dute gezurrik esaten (gezur sozialak, behinik behin). Nerabeek beste inork baino hobeto usaintzen dute jendartean nagusi diren joerak, jendartean nagusi diren lurrazpiko bidezidorrak. Jendartera moldatzea dute langintza potoloena nerabeek, nabarmenduz eta transgresore jokatuz, baina gehiegi nabarmendu barik, beti ere. Horregatik, hain zuzen ere, interesatzen zait zer duten esateko.

Gurean behin baino gehiagotan jo izan da eurengana iritzi eske. Eta nerabeek oso ondo dute barneratuta nagusiagook zer gura dugun entzun. Politikoki oso zuzen jokatu ohi dute, horrenbeste urtetan doktrinamendua jaso ostean. Horregatik iruditzen zait orain dela gutxi Jaime Altunak plazaratutako ikerketak balio handia duela. Izan ere, ikerketa ‘nagusi’ batek egin beharrean, gaztetxoak eurak izan dira ikerketa-gai eta ikerketaren subjektu. Eta horrek balio erantsia ematen dio delako ikerketari.

Hainbat puntutatik oratu diezaiokegu ikerketari. Baina, tira, hemen labur beharrez, zatitxo batzuei baino ez diet kasurik egingo. Hauek dira Jaime Altunaren lanetik nabarmendu ditudan zati batzuk, zein baino zein iradokitzaileagoa, eta zein baino zein pentsarazleagoa (neure iritziz, behintzat).

Euskara, beraz, ikastolako nerabeen identitate ezaugarria da baina ez dute harrotasunez bizi. Nolabait, besteek ezartzen dieten ezaugarria da eta prestigiorik ez duena.
Gaztetxoek gaztelaniaz hitz egitea talde identitatearekin baino heldu sentitzearekin lotu dute.
Hizkuntzak berak gizartean orokorragoak diren beste aurreiritzi batzuk ekarri ohi dituela esan genezakeen.
Zurriolako ikastolak euskararen erabilera handitzeko lan handia egiten du eta gazteek irakasleen presioa nabaritzen dute. Dena den, euskararen erabilera handitzeko garatzen diren jarduerak baloratzerakoan nerabeen artean eszeptizismoa nabaritzen da.
Gaztetxoen arabera, ikaskide batzuekin erdaraz egitea ateratzen zaizu eta besteekin euskaraz.

Horiek guztiak irakurri ostean, Hausnartu sarietara aurkeztu den beste lan bat etorri zait burura (Hausnartu saria irabazi du, gainera). Xabi Aizpuruak arnasguneetako gaztetxoek eskoletan euskarari buruz zer lantzen duten izan du ikerketa-gai (horrez gain, dauden hutsuneak gainditzeko proposamena egin du, baina hori beste baterako lagako dugu). Hau da, ikasleek zer informazio duten euskararen egoerari buruz, zer informazio euskararen arnasguneei buruz eta abar.

Ondorioetako bat da ikasleek ez dutela jasotzen soziolinguistika gaiei buruzko bateratutako ikasgairik. Hau da, ikastetxe eta irakasle bakoitzaren esku geratzen da soziolinguistikari buruzko gaiak lantzea (eta, noski, gai horiek zelan landu). Aspaldiko kezka batekin egin du tupust horrek neure barnean: zein izan beharko lirateke ikasle batek soziolinguistikari buruz jakin beharko lituzkeenak derrigorrezko irakaskuntza aldia amaituta? (Inoiz horri buruz ere egin beharko genuke berba eta, ahal den neurrian, minimo batzuk ere adostu.)

Baina... aspaldiko kezka batekin ez ezik, oraintsu ikasi dudan kontzeptu batekin ere egin dute tupust Xabi Aizpuruaren ikerketaren ondorioek: ezkutuko curriculumarekin, hain zuzen ere. Eta zer da ezkutuko curriculum delako hori? Ba, ikasleek bereganatzen dituzten jakintzak, nahiz eta horiek curriculum ofizialean jasota egon ez. Jakintza horiek ‘irakatsi’ daitezke berariaz edo ez. Edozein ingurunek, ekintza sozialek eta abarrek eman dezakete jakintza hori, eskolan zein eskolatik kanpora. Hori da ezkutukoa, hori da benetakoa (hori da nerabeek inork baino hobeto usaintzen dutena).

Galdera sinplea bezain korapilatsua da, beraz: zein da ikasleek euskararen inguruan eta bereziki euskararen erabileraren inguruan jasotzen duten ezkutuko curriculuma? Zein? Eta zer egin beharko lukete euskalgintzek ezkutuko curriculum horretan eragiteko?