Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Itxaron genuen

2016-03-08
Iraganari buruz pentsatzen ari ginen, etorkizuna irudikatzen. Triste jarri ginen, beldurtu ginen, amorratu ginen, mina borborka genuen. Protesta egin genuen, kalera atera ginen. Aldarrikatu genuen, eskatu genuen.
Itxaron genuen.
Eta ezer ez.
Ondoren etorri ziren galderak, jendea, haserrea, amets bat, ideia bat, beste amets bat, haserrea borborka, ideia gehiago, esperantza apur bat.
Goazen!!
Eta joan ginen.
Itxaroteari utzi eta bakarrik abiatu ginen, inori baimena eskatu barik. Eta errealitate gara, txikia baina sendoa, larria baina esperantzaz betea.

Goian agertzen den testu hori Galiziako Semente eskolek banatutako esku-orri batetik hartu eta itzuli dut. Adierazgarria iruditzen zaidalako, bete-betean asmatzen duelako eta, gure egoerarako ere, gako batzuk ematen dituelako. Ez ala?

Autoeratzea izan da gure komunitate linguistikoak aurrera egiteko aukeratu izan duen bide nagusia (aukeratu diodan arren, hainbat eta hainbat kasutan beste aukerarik ez zegoela argi dut): ikastolak, gau-eskolak eta euskaltegiak, komunikabideak, zerbitzu-enpresak... eta euskara elkarteak (edo, orain, horietako batzuek nahiago duten bezala, euskaltzaleen topaguneak).

Galiziara itzulita, han izan naizenetan, euskara elkarteen mugimenduak sortu du harridura gehien. Autoeratze prozesua izan delako, bai, baina, batez ere, elkarte horietako askok lortu duelako ezberdinen arteko lana egitea helburu komun baten alde. Hau da, elkarteetatik kanpora utzi direlako, salbuespenak salbuespen, bakoitzaren alderdikeriak, eta batzen gaituenari begiratu izan zaiolako eta ez banatzen gaituenari.

Nago gurean (eta, agian, horregatik Galizia aldeko lagunen harridura, guztiz ezezaguna baitzaie) ez zaiola behar besteko merezimendua aitortu euskara elkarteen mugimenduari. Txepetx eta haren teoriak ezagutzen dituzte galiziarrek, baina haren eraginez (aldez edo moldez) sortutako aplikazio praktikoen inguruan ezer gutxi dakite. Eta zer pentsatua ematen du. Gure kanpoko proiekzioaren inguruan hausnartzera bultzatzen nau horrek (baina hori ez da gaurko gaia).

Autoeratzeaz ari nintzen. Jon Sarasuak dioen moduan, autoeraketaren kontzeptuak bere baitan bil ditzake autodeterminazioa, autogobernua, autoantolaketa eta autokudeaketa edo autogestioa. Autonomiaz sortu eta jardutearen mailakatze edo une desberdinak batu ditzake, multzo handiago batean.

Mila bider praktikatu dugu gurean autoeratzea, gauza askotarako (gaztetxeak, kooperatibak, euskara elkarteak, musika argitaletxeak, komunikabideak, kafe antzokiak...). Gure azken 50 urteko historia (eta ez nabil bakarrik soziolinguistikaz) ezin da ulertu autoeratzea kontuan hartu barik. Eta, aurrera begira ere, jarraitu beharko dugu autoeratzearen bidea praktikatzen, jarraitu beharko dugu horretan denbora eta energia jartzen. Kosta ahala kosta. Berariazko zein bide batezko euskalgintza moldeetan. Hizkuntza komunitate indartsu batek behar-beharrezkoak dituelako autoeratze bideak.