Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Hizkuntza politika ausarta ala hizkuntza komunitate indartsua?

2016-03-02

Galdera-tranpa bat da hori, ezer izatekotan. Gehienok erantzungo genuke hizkuntza politika ausarta eta komunitate indartsua. Biak. Biak direlako beharrezko eta ezinbesteko. Biak zaizkigulako orain eta hemen gutxi. Biak behar(ko) ditugulako gure zuhaitzaren barne-izerdia elikatzeko. Biak.

Baina horrelako egoera idealik izango bagenu, ziur naiz horren tankerako galderarik ez genukeela egingo, inola ere ez. Beraz, galderaren muinera bueltatuta: zein izan beharko litzateke lehentasun ikuspuntu soziolinguistiko huts batetik (horrelakorik balego, jakina)? Edo, beste era batera adierazita, zein da beharrezkoago gure biziberritze kultural zein linguistikorako? Non jarri behar da indar gehien bi esparru horien artean?

Hizkuntza legeei (edo arauei) egin beharko genieke jaramon lehenik. Joshua Fishmanen aipu batekin oratuko diot gaiari:

Legeak alferrik daude, haiek sustengatuko duten sustapen sozialik ez badago. Izan ere, sustapen hori gabe, ezin dituzte bete ezarritako helburuak. Era berean, legeen bidez lortu nahi diren helburuak lor daitezke, baldin eta horiek lortzeko indar sozialik nahikoa bada, lege espliziturik behar gabe.

William Mackeyk ere antzeko zerbait esaten zuen:

Hizkuntza-legeak eraginkorrak dira sustatu nahi den hizkuntzari atxikita dauden beste alorretako nagusitasunak gertatzen direnean: nagusitasun kulturala, ekonomikoa, demografikoa, eta abar.

(Bide batez, 2015ean zendutako bi egile horiei omenalditxo txikia egin nahi izan diet).

Hala ere, nire ustez, gurean bada, legeen eraginari dagokionez, muturretara jotzeko joera argia. Nekez beteko du bere helburua ezelako babes sozialik ez duen legeak. Hala ere, gutxieneko sustapen soziala duen legeak bere helburuak bete ditzake sakon-sakon (tabakoaren kontrako legeen kasuan, adibidez). Muturrik mutur ibiltzera ohitu gara askotan, baina kasu honetan ere grisak eta ñabardurak behar-beharrezkoak direlakoan nago. Kasu honetan ere.

Ematen du, gainera, maila sozialean hizkuntzak duen bizitasunaren araberakoa dela sarritan hizkuntza politika. Edo, behintzat, hori ondorioztatu dezakegu Kontseiluak udalerrietan egin dituen hiru azterketak aintzat hartuta (azkena 2014koa izan da). Azterketa horietan udalerriak sailkatu egiten dira hizkuntza politikaren arabera. Puntuazioa ematen da hainbat gai eta kontu aintzat hartuta, eta, horrela, hizkuntza politikaren ranking bat egiten da.

Hortaz, zerrendaren goiko aldean agertzen direnak, gobernatzen duen alderdia edozein izanda ere, euskaldunen proportzio altua duten herriak dira, eta, ostera, beheko aldekoak euskaldunen proportzio txikia dutenak (kasu horretan ere, boterean dagoen alderdia edozein dela). Azterketa horrek iradokitzen du hizkuntza komunitateak duen indarraren araberakoak izaten direla herrietako hizkuntza politikak.

Itzul nadin hasierako galderak dakarren dilematxora. Hizkuntza komunitate indartsua, indar soziala duena, lehenetsi behar al da? Orduan, zergatik egin dute gure moduko mugimendu sozial guztiek (langileak, feministak, antimilitaristak...) indarra euren aldarrikapen eta eskakizunek lege-geriza izan dezaten? Horiek ere itsutu dira botere eta legearen fokuen eraginez ala?

Argi dago alde guzti-guztien (soziala, politikoa, ekonomikoa, juridikoa edo akademikoa izan) indarra beharrezko dugula, hanka guztiak behar ditugula. Eta, horietako batek huts eginez gero, hankamotz ibiliko garela. Baina, nire ustez, alde soziala etengabe eta indar handiz elikatu, biderkatu eta birsortu behar dugu, berritu eta indarberritu eta biziberritu.

Menderakuntzetatik askatzeko prozesuak (euskararena barne) aldi berean dira pertsonalak eta kolektiboak, egunerokoak eta egiturazkoak. Hori dela eta, ez da nahikoa ‘boterea eskuratzea’ (hizkuntza-politikaren ‘boterea’, gure kasuan), baizik eta jendarteko ‘botere-harremanak eraldatzea’, eta hori ez da bakarrik dekretuz lortzen.

Adibide batekin azalduko dut. Porto Alegren Partido dos Trabalhadores boterera iritsi zenean 1988an, argi ikusi zuten euren programa bete ahal izateko ez zela nahikoa hauteskundeak irabaztea. Presio soziala beharrezkoa, ezinbestekoa zela ikusi zuten. Eta, horregatik, saiatu ziren presio sozial hori administraziotik ere antolatzen eta, horrela, aurrekontu parte-hartzaileak asmatu zituzten (beste eztabaida bat da ea lortu duten bilatzen ari ziren hori, baina tira).

Hortaz, hasieran egin dudan galdera horrek dakarren dilematxoa beste modu batera uler daiteke. Zelan indartuko dute hizkuntza komunitatea gaur eta hemen erabiltzen ari diren politikek? Eta etorkizunean zelan indartu beharko lukete? Agian, hori izan daiteke hizkuntza politika guztien eragina neurtzeko beharrezkoen dugun adierazlea. Horrek komunitatea sortzen du? Indartzen ote gaitu? Trinkotzeko balio dezake? Euskaldunak boteretsuago egiten laguntzen du?