Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Elefantea(k)

2015-12-10

Jakinen aurreko zenbakian esaten nuen sarri gogoratzen garela etorkizunaz. Eta hala da. Horren seinale Patxi Saez Belokik www.erabili.eus agerkarian argitaratu duen artikulua: ‘Euskararen elefantea ikusi’. Patxik hurrengo 30 urteetako euskalgintzaren zikloa zeharkatu behar duen estrategia marraztu eta zirriborratu gura izan du.

Izan ere, Joshua Fishman soziolinguistaren berba batzuetatik abiatu du bere analisia: «Problema txikiez ardura zaitezke, problema nagusia ikusi gabe. Hori izango litzateke zoologikora joan eta bakarrik zorriak ikustea, elefantea ikusi gabe». Eta Patxik euskararen elefantea hemen ikusten du:

Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia.

Patxi Saezek artikulu nagusia prestatu eta hainbat euskaltzaleri eskatu dio haren gaineko iritzia. Momentuz 50 pertsonatik gorak eman dio erantzuna eta aspaldiko iritzi truke errespetuzko bezain dibergentea piztu da euskalgintzan. Eta, gainera, aldeak alde, ia erantzun dugun guztiok bat gatoz kontu batekin: ziklo bat amaitu da euskalgintzan eta euskararen biziberritzean. Eta ziklo berria amesten, zirriborratzen eta egiten hasi beharrean gaude. Astiro, baina tinko.

Hala ere, euskararen elefantearen diagnostikoan ez datoz bat erantzun dutenak. Gehienek ñabardura ohargarriak egin dizkiote Patxi Saezen planteamenduari. Iritziak iritzi, eta laburtzeko (eta, beraz, orokortzeko eta, beraz, hein batean, gezurra esateko) elefantea barik, elefanteak ikusi dituzte guztiek, edo Mikel Zalbideren berbetan esanda, arazoa multifaktoriala dela konturatu dira.

Diagnostikoan bat ez etortzeaz aparte, etorkizunean segitu beharreko lehentasunak (eta bigarrentasunak eta, seguruenik, azkentasunak) zehazten ere ez dira bat etorri artikuluaren jira-biran dantzan ibilitakoak. Etorkizuneko hariekin sokasaltoan estropezu ez egiteko proposatutako irtenbideak askotarikoak (eta, kasu batzuetan, kontrajarriak) dira. Hala ere, gehienak ari dira, nire ustez, dekretuen (edo legeen, edo behartzearen) eta kapital emozionalaren (edo sedukzioaren, edo erraztearen, edo motibazioaren) arteko dialektikan: batzuk batetik gertuago eta bestetzuk bestetik. Ana Urkizak, kasurako, honako hau dio: «Baina, nago, hizkuntzak ez direla legez irabazten. Bai, zalantza gabe, zaintzen eta babesten. Baina ez, irabazten».

Eskertzekoa da, benetan, Patxi Saezek egin duen ahalegina, batez ere hainbat eta hainbat adituren iritziak batu eta txirikordatzeko egin duen ahalegina. Etorkizuneko sintesia oraindik egiteke dugu. Saiakera batzuk egin izan dira, kasurako, Jon Sarasuak Hiztunpolisa liburuan, Argia-ren Larrun hilabetekariaren 197. zenbakian (Euskalgintza. Berritu ala hil) edo Patxi Baztarrikak Babeli gorazarre liburuan (sokaren alde bietan egon daitezkeen iritziak plazaratuz). Eta Patxi Saezena bide horretan beste ekarpen bat izan da. Mamitsua, gainera.