Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Soziolinguistika

Txerra Rodriguez
Txerra Rodriguez

Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten dut lan. Beraz, soziolinguistika aplikatuan jarduten dut bete-betean, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa (eta jendarteratzea). Jakinek beste aukera bat eman dit horretan aritzeko, aukera nagusia Garaigoikoa bloga izaten jarraitzen duen arren.

Arrakalagintza

2016-11-09

«Zer da artea?» galdetu zenidan serio-demonio taberna ilun hartan barrea eragiten duen zilindro ketsua nire eskuetan pausatuta. Nik burlati «Zuhaitz mota bat?» erantzun nizun. Eta, orduan, eskuarekin antiojoa begietara bultzatuta, hauxe esan zenidan: «Artea da espazio publikoan esku-hartzeko arma, ekintza zuzenerako erreminta». Zeharo harritua utzi ninduzun eta ordutik behin baino gehiagotan gogoratu izan dut erantzun hura.

Izan ere, arteak eraldatu dezake errealitatea? Eraldatu dezake jendartea? (Baina hau ez al zen soziolinguistikari buruzko artikulua?) Ez daukat erantzunik galdera horietarako, jakina. Baina... Lutxo Egiak urratu zuen bide artistikoa badirudi errealitatea eraldatzen hasia dela. Edo, beste metafora bat erabilita, Lutxo Egiaren hazi-bonba ari da fruituak ematen han eta hemen, banakotik eta artetik kolektibora eta egunerokora. Egia auzoan hasi ziren, gero Añorgan, Donostiako Piratak ere aritu dira, Agurainen egingo dute (eta ziur naiz beste hainbat herritan ere buruan dutela). Eta, ahaztu aurretik, Lasarte-Orian ere.

Azken hori berezia izango da. Aldahitz eta TELPen inguruan egiten ari den hizkuntza ohituren didaktizazio prozesuaren barruan beste mugarri bat ezarri nahi dute Lasarte-Oriakoek (ia beti bezala, euskalgintzaren brankan dabiltza herri horretakoak!). 40 egunez 300 ahobizi nahi dituzte, hau da, ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko konpromisoa hartuko duten euskaldunak, izena emanda gainera. Eta 3.000 belarriprest, hau da, euskaraz hitz egin ez arren euskara ulertu eta prest daudenak traba ez izateko, belarria prest dutenak edonori euskaraz egiten uzteko. Euren berbetan esanda, 3.300 pertsona aterarazi nahi dituzte armairutik.

Baina ez hori bakarrik. Esperimentua izango da Lasartekoa. Eta esperimentuetan egiten den bezala, emaitzak neurtuko dira. Parte hartzaile guztien iritziak jasoko dituzte, amaitu eta berehala, eta handik hilabete batera. Eta, ondoren, kale neurketa ere egingo dute esperimentua amaitutakoan. Etorkizuneko mugimenduen eragile eta, era berean, sismografo aritu nahi dute lasartearrek.

Nire ustez, Lutxo Egiak arrakala ñimiño bat ireki (edo hazi-bonba bat bota) zuen bere performancearekin, artearekin, hain zuzen ere. Eta arrakala hori handitzen eta handitzen ari da, nahiz eta oraindik txikia izan. Baina ematen du aurrera begira arrakala horri probetxua aterako diotela bazter askotan. Izan ere, badirudi bizi-eredu aurreratzaileak esperimentatzen hasi behar dugula euskal herrietan.

Arrakala berba aipatu dut gorago, eta ez da debaldekoa terminoa. Izan ere, terminoa John Holloway-k Crack Capitalism liburu famatuan ematen dion esanguran ulertzen eta erabiltzen dut. Eta zer dio ba berak? Arrakala honela definitzen du gutxi-asko:

Arrakala kapitalismoaren logika ezberdin bati kontrajartzen zaio, orain eta hemen matxinatzen dena, ez etorkizun hobe baten esperoan. Hau da, egiteko modu bat baieztatzen dugun une edo gune baten eraikuntza kolektiboa da arrakala. Oraindik existitzen ez den mundu baten esplorazioa da arrakala, guk geuk egiten dugun bidea da arrakala, mendekotasunaren logiketatik aparte.

Arrakalagintza egiten ari dira herri horietan guztietan; noiz burujabetuko zain egon barik, mugitzen ari dira, jarioa bihurtzen ari dira hizkuntza. Baina, tira, ez da berria. Izan ere, euskalgintzaren azken 50 urteotako jarduna ez al da izan arrakalagintza? Ez al da izan iritsiko ote den balizko etorkizun hobe baten bila egon beharrean gaur eta hemen egindako jarduera-multzoa? Hala ere, oraingo honek badu gura dugun hori praktikan jartzetik, probatzetik, bakoitzaren bizitza politizatzetik. Ea zer emaitza dakarren. Orainaren profetak ditugu horiek, etorkizuneko mezu. Adi jarraitu beharrekoa da prozesua, hortaz.

Hemendik kanpo ere arrakalak

Gurean bakarrik ez, kanpoan ere arrakalak sortzen ari dira etengabe, bizi-eredu aurreratzaileak praktikan jartzen ari dira han eta hor. Eta horien guztien lagin txikia izan genuen ekainean gurean, Hitzargiak izeneko topaketetan. Bi egun luze izan ziren Hernanin, Europako hainbat hizkuntza gutxituren praktika onak ezagutzen, Europako hainbat arrakalagile bertatik bertara entzuten eta sentitzen, Europako hainbat arrakalen berri izaten eta ematen. Eta, zergatik ez, leku batean balio izan duten ideiak sanpleatu eta nork bere errealitatera eta egunerokora eramateko eta moldatzeko aukera irekiz.

Izan ere, formatu berezia izan zuen topaketak: laburra, arina, zuzena eta parte hartzea bilatu zuena. Jardunbide inspiratzaile horiek partekatzeko foroa nahi zuen izan. Harreman sarea ehundu nahi izan zuen jardunaldiak, elkar elikatzeko, elkarri argia emateko. Bertaratutakoen artean lasai arraio berba egiteko egitarauan bertan eta kafe baten abaroan parada izan genuen. Beste herrietako jendea eta proiektuak ezagutzeko bide xamur eta probetxuzkoa, hain zuzen ere (Nel Vidal galiziarrak topaketen harira egindako kronikan aipatu bezala, «hizkuntza normalizaziorako gauzarik funtsezkoena pertsonak baitira»).

Europa inguruko arrakala batzuk ikasi genituen, beraz, Hitzargiak topaketetan. 120 esperientziatik gora batu dituzte euren webgunean (merezi du ibilbidetxo digital bat egitea), 25 hizkuntzetakoak. Eta Hernanin horietatik 40 bat aurkeztu zituzten jendaurrean esperientzia horietan parte hartzen duen hainbatek. Gainera, esperientzien berri emateko horma-irudi batzuk paratu zituzten kafea hartzeko gunean.

Bi egun luze izan ziren, esperientziez blai, sentipenak eta laguntasunak mozkortuta. Baina nik ondorio argi bat atera nuen (beste hainbat konturen artean, jakina): prosa behar dugu, bai, baina, batez ere, poesia behar dugu, gure irudimena piztuko duen argia, gure irudimena mugiaraziko duen indar katalizatzailea, gure jarduna biziaraziko duen izarren izpia. Izan ere, han eta hemen asko gara oin-oharra izateari utzi nahi diogunak, baina askotan katramilatzen gara diskurtso megaprosaikoetan, eta ahazten dugu erraiak direla benetan zerbait egitera bultzatzen gaituztenak.

(Azken esaldi hori zalantzan jartzen dutenei ohar mental bi: baga, nik bihar ere zalantzan jarriko dut esaldia, galdera asko ditut, baina erantzun gutxi; biga, galdetu zuen inguruan euskalgintzan aritzen direnei eta zuen buruei zergatik hasi ziren-zineten bide estu eta malkartsu horretan oinez, mesedez).

Arrakalagileak harremanetan jartzeak indar biderkatzailea izan dezake (edo ez). Arrakalatzen eta pitzatzen jarraitzeko indarra eta gogoa piztu badu norbaitengan, ondo etorri. Eta espero dezagun topaketa horrek hurrengo urteetan ere egiteko modua bilatzea, arrakalagileek elkarri argia ematen jarraitu ahal izateko. Kanpokoari beti adi ibili behar dugulako, ikasteko, ikusteko, erne.

Arrakalak desazkundea dakar

Hizkuntza ekologia terminoa azken urteotan behin baino gehiagotan ekarria izan da soziolinguistikara, baita gurera ere. Bereziki gogoan dut Bat aldizkariaren 81. zenbakian honi buruz egindako monografikoa. Lan zehatzetara ere eraman izan da (horren erakusle, esate baterako, aurten hirugarrenez antolatu dituzten Lurraldea eta Hizkuntza izeneko jardunaldiak, eragin linguistikoaren ebaluazioaren inguruan egiten ari den lana, Ekolingua solas-jokoa edo gutxi barru gai horien inguruan abiatuko den graduondokoa), baina nago oraindik lantzeko asko daukagula gai horren inguruan.

Eta ez nator ni argi gehiago ematera, ezpada, agian, iluntasun apur bat gehiago ekartzera. Nire ustez, azken urteotan ekologismoaren inguruan sortutako mugimendurik (eta horri lotutako teoriarik eta praktikarik) interesgarriena desazkundearena da. Eta nago hori ere hizkuntza alorrera ekartzeko moduko kontzeptua dela. Ea azaltzen dudan.

Desazkundeak aldarrikatzen du garapena eta hazkundea moteldu behar ditugula, etorkizuna izan nahi badugu. Aldarrikatzen du ondo bizitzeko gutxiago kontsumitu behar dugula. Eta alternatiba eraiki nahi du erakundeek aldarrikatzen duten garapen jasangarriaren aurrean. Horretarako, haren teorikorik entzutetsuenak (Serge Latouche frantziarrak) zortzi ‘R’-ak aipatzen ditu: birtestuinguratu, birkontzeptualizatu, berregituratu, birlokalizatu, birbanatu, murriztu, berrerabili eta birziklatu (zeharo iradokitzaileak zortziak, nire ustez).

Izan ere, desazkundeak ez du bakarrik garapena eta hazkundea moteltzea aldarrikatzen eta praktikatzen. Horrez gain, iparrorratza aldatzea ere eskatzen du: jendartea berriro pentsatu, berriro egituratu, kontsumoa murriztu eta tokikoari garrantzia eman, besteak beste eta labur zurrean. Gerruntzea estutzen digun hori beste modu batera hausnartzeko, pentsatzeko eta jarduteko deia dakar, hain zuzen ere.

Tira, ba, eta hori gurera zelan ekarri? Iruditzen zait tokikoari garrantzia ematea erraz asko ekartzeko modukoa dela, ez ala? Tokiko hori euskarak zeharkatzeko aukera gehiago duen heinean. Baina... batez ere, iruditzen zait erdaren desazkundea dela aldarrikatu beharrekoa.

Izan ere, erdarak hazten ari badira, euskara desazi egiten da, eta alderantziz. Hau da, euskarak tokia hartzen duen heinean, erdarek ere tokia galdu behar dute ezinbestean. Esate baterako: nik pertsona batekin ohitura aldatzen badut gaztelaniatik euskarara, erdarak desazi egiten ditut, erdarei lekua kendu egiten diet. Alderantziz egiten badut, ostera, euskara desazi egiten dut eta erdarak hazi. Sinple bezain gordin. (Jarri dudan adibidea norbanakoena da, baina balio lezake arlo kolektibo edo sozialean ere: enpresa batek, eskola batek, elkarte batek edo erakunde batek euskarari tokia egiten dion heinean, erdarei tokia kentzen die.)

Ai, baina arrakaletatik hasi eta desazkunderaino heldu zara, txiribuelta bi eman ostean. Bai, baina arrakalek eta desazkundeak zerikusia badute izan. Edo, beste modu batera esanda, desazkundeak arrakala dakar (edo arrakalak desazkundea). Irekitzen dugun arrakala edo pitzadura bakoitzak erdaren desazkundea dakar, edo ekarri beharko luke arrakala deitu ahal izateko. Arrakala barik, ezinezkoa baita erdarak desaztea eta, beraz, ezinezkoa baita euskara haztea. Hortaz, zuok atera irakasbideak (irakasbiderik balego, beti ere).