Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan

Kultura

Nagore Amondarain
Nagore Amondarain

Ikastolen Elkartean egiten dut lan. Bestelako lantegietan ere aritzen naiz, euskal hedabide desberdinetan kolaborazioak egiten, adibidez, eta oraingoan, Jakinen arituko naiz. Egunak zein gauak uzten didan tartean, begi bat kulturari zabalik izaten dut, eta, Egunen gurpilean atalean, kulturari erreparatuko diot.

Orain da, orain

2015-10-20

Zaborra jasotzeko kontainerren alboetan gero eta sarriago ikusten ditut liburu zaharrak, besaulki zahar eta antigoaleko mesanotxeen alboan. Ikusi eta gogoan hartu dudan azken liburukotea Bailarak. Guía de ríos, valles y comarcas de Euskal Herria izan da, Etor argitaletxeko azal gogorreko liburu potoloa, bazterrean botata. Zertarako eduki etxean tokia pilatzen, bertaraino eraman baitzaitzake Internetek egun. Eta horrela jarraitu dezakegu hainbat gauza sinplifikatzen teknologia berrien aurrerabideei esker. Botatzea erabaki den liburu horien azalaren kolorea eta usaina du mitologiaren gaiak, naftalinarena, alegia. Zaharkitua eta birziklatzera botatzeko ongarri moduko zerbait litzateke hori ere. Kontainerren alboetan, pilatutako liburuen artean topatzea posible den gaia da: euskal kondairena, mitoena edo ohitura zaharrena. Mespretxatzera heldu garen gai bat, guk geuk, ustezko modernook. Istorio harrigarri horiei bizkarra emanda bizi gara, eta, aldiz, dena zaigu sinesgarri pantailei begira. Joseba Sarrionandiak ‘Euskal Kulturaren Transmisioa’ graduondokorako prestatu duen hitzaldian esaten duen bezala: «Aldaketa eta progreso teknologikoa hain laster eta hain larria da ze, edozein fantasia ere sinetsi daiteke». Garaiotan bizkarra eman diogu iraganeko mundu harrigarri hari eta gainera ez dugu jakin orainera ekarri eta berritzen.

Rurala da gizakiaren kultura, munduaren sorrera ulertzeko modua baitzen horixe, bizitza antolatzeko modu bat. Baina guk geuk, hirirako saltoa eman genuenetik, ukazio batean bizi dugu kultura hori, eten bat gertatu da, eta hortik zabortegian pilatzen zaigun letra eta liburu sorta andana hori. Sekula ez diot erreparatu mitologiaren gaiari, ez bada umetan. Orduan kontatzen zizkiguten kondairak ere lauso antzera ditut gogoan, eta, harrez gero, gutxi izan dira gai horretara hurbiltzera eraman nauten bideak, ezjakinak bihurtu gara gai honen bueltan.

Mitologiak adibidez herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboa biltzen du, inoiz gertatu ez den baina kontzientziaren barruan beti presente dagoenari buruz hitz egiten digu. Mito eta kondairen batuketa bat litzateke beraz mitologia, kultura ruralean bizitza antolatzeko modu bat. Ez da geurea bakarrik, kulturkidetza asko izan ditzake, beraz ez da bakarra eta ez luke monolitikoa ere izan beharrik.

Gorbeia menditik begiratu izan diogu inguruari, gure txikitasunean baina tontorrera igota, artean hamar urte genituela. Handik, tontor hartatik, irudikatzen genuen Mariren irudia aurrez aurre ikusten den Anboto mendiaren harkaitzean. Etzanda zegoela, aurpegia alde batean eta hankak bestean, hori esaten ziguten, horrela hezi gintuzten eta horixe ikusi nahi genuen eta horixe sinetsi. Irudi horiei hegalak eman zizkieten kondairek, ipuin harrigarriek. Euskal-elizkoien ahotik jaso genituen sineste horiek guztiak, horixe baitzen gure aitite-amamen errealitatea edo sistema, erlijioa eta mitologia batzen zirenekoa. Anuntxi Aranak Euskal mitologiaz. Jentilak eta kristauak (Elkar, 2008) liburuan dioen moduan, erlijiorik gabeko mitologiarik ez omen dago. Ezin omen dira antonimotzat hartu bi terminoak, eta ezin omen da ontzat hartu mitologiako pertsonaiak kristautasunak egin zituela gaizto iritzia ere.

Talde batek sinetsiak zituen mitoak kontatu izan zaizkigu taldean, kontatu izan dira sinesten ez zirenean ere. Eta oraindik zalantza dut gure amamak ere sinesten zituen, esango nuke baietz, «ez zirenik» ere ez baitzuen esaten. Eta Igor Estankonak ere Tundra (Susa, 2002) poema liburuan zalantza antzekoa darabil:

Luisa Bilbaok Mari ikusi du
 
[...]
Zerua ireki eta Baltzolatik Gorbeiarantz
Mari dator txatarra dariola,
galdutako mundu bati
maitasunezko azken mehatxu bat jaurtiz.
Begiek ikus ditzaketen muinoetan
egia ikustea ezinezkoa bihurtu da.
Ez da berriro gertatu baina badakit hala izan zela,
bestela zelan da posible haren uhinez
ura ere gogoratzea?,
zelan da posible iluntze batzuetan
azunbre bat burdinazko elai ibiltzea teilatupean
joan-etorri perfektuak eginez, eta halako batean,
itzuli horietako bat egin gabe geratzea
lore batek haginka egin dielako?
Etorriko da espantua espantuaren gain
baina halakorik beharbada ez.
Orain ez dago.
Amaren gainetik eta nire jaiotzaren gainetik joan zen.
Hala ere San Migeletik gora datorrela
iruditzen zait batzuetan,
eta Marirena bezain erraza da sinesten
argizko trentza bat dela
zera esanez altxatzen dena:
«Ezer bota baino lehen,
errekan behera bizi direnez
gogora zaitez».

Kontzienteki pentsatutako ezer ez da eraikitzen zimendurik gabe, inkontzienterik gabe, eta inkontziente horretan dago gure mundu sinbolikoa. Desmuntatu dugun munduko elementuak hartzen ditugu nahigabe eta horiekin beste mundu bat eraiki. Zer diren gauzak, abuztuko lagunartean ezagutu dut lagun arratiar baten azken artelana. Aurretik esan dudan moduan, mitologiari ez diot beren-beregi sekula erreparatu, baina Bartzelonan argazkilari gisa dabilen Gartzen Martinezen argazki serie batek eraman nau gaiaren bueltara. Basanderearen mitoan inspiratu da bere argazkietarako, etxetik kilometro batzuetara kontzeptu horri heldu eta Ispasterko itsasertzean kokatu du Basanderearen irudia. Irudi modernoa, estilismo edo modari begira egindako lana da, arropa zehatz batzuen erakusleiho gisa. DressLab izeneko aldizkarian argitaratutako lana da, Bartzelonan egin eta zabalkunde internazionala duen tendentziako aldizkaria da berori. Berak ondo azaldu duenez, Basanderea erabili nahi zuen irudi moduan, lurra nahi zuen islatu, natura, giro hotzak, kolore gorriaren presentzia errekurrentea eta hegazti bat Basanderearekin, hegazti basati bat: hontza, hain zuzen. Mitologia horixe baita, ereduen alorra eta ez gertakariena. Northern Shore izena daraman seriea da, baina Gartzenek dioen moduan: «Udabarri ilune be bidali neutzien izenburuen artean, eguzkie, lorak, ortzadarra bakarrik ez baitire politek. Iluntasunetik eta hotzetik be gauze ederrak etorri litikez».

Ez dut uste, beraz, mitologia herdoilaren miresmenarekin bizi behar dugunik, orainera ekartzeko moduak hainbat dira.

Atharratze, historiatik mitologiara

Atharratzeko turismo bulego berrituan dago Herauskorritxe-Euskal Mitologiaren Etxea, uda honetan ireki berri ditu ateak. Berori ezagutzera eraman genituen uztailean Elkarrekilan Zuberoan udalekuko gazteak, mitologia egungo ikuspegitik ezagutu eta gazteenen iruditeria osatuz joateko asmoz. Euskal mitologiari buruzko irudi eta errepresentazioak XX. mendean ageri dira, ahoz jaso direlako kontakizun eta sinbolo oro; beraz, euskal mitologiak ikonografia gutxi du gaiaren inguruan.

Zuberoako Kakots kolektiboko lau artista gaztek askatasun guztiz berreraiki eta itxuratu dute euskal mitologiako iruditeria Atharratzeko espazio horretan, mitoa emozio edo sentsazio batetik sortzen baita, eta hala egin dute, beren erara, modu garaikidean. Sugestioa landu nahi izan dute, jendea beste irudi batzuk landuz joatea nahi izan dute, ez baita erraza jendeak mitologiako pertsonaiak nola ikusten dituen jakitea, Internetek eman ditzakeen irudiak bazter utzita.

Eszenografia oso bat dago bertan, turismo bulegoko lehen solairuan. Baina, sartu aurretik, eskaileretatik beha daiteke eraikinaren altuera osoa hartzen duen zuloa, hutsunea baliatu dutela irakurketa edo egoteko gune gisa, zuloaren goialdean sare baten gainean legoke gune hori; ziurgabetasuna, zuloa, amildegia nahi izan dute irudikatu.

Eta behin lehen solairura sartzean, erdian zurezko pareta bat, non bertan idatzi eta marraztutakoa ikusi eta ukitu daitekeen. Borobil formako pareta horren barruan, bideo instalazio bat dago, gune iluna. Guztira bost bideo instalazio daude, ez dituzte bideo esplikatibo moduan sortu, ikusleari sentsazioak sortzea izan baitute buruan, mitologia zer den baino, bakoitzak pentsatzea zer izan daitekeen. Bestetik, marrazkiak, sabaian ühülguaren edo trumoia irudikatzen duen eskultura bat eta zuberotar zaharren kontakizunak entzuteko bi espazio.

Esan dugunez, mitologia eta kontakizunen errepresentazioa ez direnez ugariak izan gurean, Atharratzeko gune honetan bisitariak modu librean marrazteko aukera ere izango du. Horretarako koaderno zuriak jarri dituzte, honako sarrera duten antzeko koadernoak: «Libüru hontan herensüge en marraztea proposatzen deiziegü. Pean, pertsonaje horri lotürik den leienda bat irakurgai da. Ez ahatz arkatza! Marrazketa hon».

Claude Labat ikertzailearen aholkularitza edo gidaritza izan dute erakusketa egiterako orduan, Labatek euskal mitologia orainalditik aztertzea du xede. Honakoa dio Labatek Atharratzeko espazio berri honen inguruan: «Artisten lan honetan edo erakusketara sartzean, utz ezazu zure gogoa itzulipurdikatzen».

Gu gara haria

Eric Dicharry antropologoari irakurri nion, bestelako gai batez ari zela, «frantses kulturan non Ni-a biziki inportantea den, euskal kulturan Gu-ak sekulako garrantzia dauka». Aurretik aipatutako pentsamendu kolektiboari arima-kolektibo kulturala deitzen dio berak. Ele-ekintza erresistentzia-ekintza da, zapalkuntzaren aurkako borroka bat ere. Beraz, jendea da haria. Ahoz aho kontatu diguten horri berbekin eman beharko zaio segida, dauden aukera guztiak baliatuz eta hariak luzatuz, berori gizarteratzeko ahalegina eskasa izan baita azkenaldian. Nahi bada, Atharratzeko gunea bisitatzeko gonbita egin auzokoari, lagunei, irakurleei.

Eta Juan Inazio Hartsuagak dioen moduan: «Hizkuntzalaritzan Koldo Mitxelenaren aroan bizi bagara ere, mitologian Manuel Larramendiren garaian gaude oraindik». Gai honen ikerketak herri nortasuna eta munduan kokatzeko gakoak eman ahal dituen bitartean, euskaldun ikasiak ezjakinak gara. Azken hamarkadetan gertatutako aldaketa kulturalek nahasmendua sortu dute, zer nondik datorren eta nola interpretatu gero eta zailagoa zaigu. Gizarte mailako joera eta jarreren esanahia ulertzen lagundu dezakeen beste tresna bat gehiago litzateke mitologiaren gaia, ulertzearekin batera nortasun berritu bat diseinatzeko anabasa honetan. Baina zoritxarrez naftalinaren usaina du, egun. Katebegi bat beharko luke izan euskal mitologia interpretatuak gaurko gizartean.