Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Kultura

Miren Artetxe
Miren Artetxe

Inoiz ezagutu ez dudan jendeak eta lekuek nostalgia sortzen didate. Ezagututakoek ere bai. Zerbait gustuko dudanean, gustatzen zait gerora sentituko dudan nostalgia unean bertan sentitzea. Gauza askok asaldatzen naute, eta pozten naiz. Ulertzen ez ditudan gauzek begiak zabaltzen dizkidate. Hortik idatziko dut kulturaz blog honetan. EHUn nabil irakasle eta ikerlari. Nire amona zain dago biloba lanean noiz hasiko.

'Busti'

2017-03-10

«Nori ez zaio gustatzen besteren hitz goxoak jasotzea, txaloak aditzea, loreak, lausenguak, losintxak hartzea? Baina beharrezkoena, barrutik datorkigun autoestimua da, egin behar zena egin dugunaren kontzientzia». Ari gintezkeen DSS2016z eta Observatorio de la Cultura deituak argitara eman berri duen Espainiar Estatuko Kulturaren gaineko urteroko txostenaz, baina, ez dezagun odol txarrik egin. Estitxu Eizagirreren hitzak dira, azken Argia Sarien banatze ekitaldiko hitzaldian. Besteren begiradarentzat egindakoa, izan ere, ez da gutxituontzat estrategiko, besteak gehiengoa izan ohi direlako maiz.

Busti emankizuna egiten aritu direnak haiek gustura ikusiko luketena ekoizten aritu dira: gazteentzat euskaraz pentsatutako ikus-entzunezko edukiak. Ipar Euskal Herriko gazte sortzaileei espazio bat eman eta ekimen kolektiboen berri eman duen web-telebista saioa da Busti. Satirikoa. Eta ez nolanahi sortua. Maiz beharretik sortzen direnez ekoizpen modurik ederrenak (esaldian ez bedi prekarizazioaren apologiarik irakur), auzolanean eta borondatez ekoitziak izan dira Busti emankizunaren zortzi atalak, hilabetez hilabete. Irudika ezazue autobus geltoki bat (saio bakoitzeko desberdina) eta bi aurkezle bertan. Gehitu horri herri ezberdinetako hogeitik gora gazte lanean, izan kameren atzean, izan gidoigintzan, izan esketxetan aktore lanetan, logistikan edo koordinazioan. Orain dela bi urte honelaxe aurkeztu ziguten emankizunaren sortzaileek lehen atala:

Kanaldude Herri Telebista eta ehKz gazte komunikazio proiektuak bultzaturik, Ipar Euskal Herriko gazteek gazteentzat eginiko webtelebista saio bat abiatzeko xedea plazaratu genizuen. Lehen bilkura publiko bat egin ondotik, 20 bat gazte bildu gira proiektua plantan eman eta emankizuna prestatzeko. Bost hilabetez lanean aritu gira, Kanalduderi esker oinarrizko bideogintza formakuntza jaso eta elkarrekin adosturiko edukia lantzen. Eta azkenean prest da: huna hemen Busti emankizunaren lehen alea.

Atal hark ia bost mila ikustaldi ditu orain. Eta azkenak ia lau mila. Jakinik Ipar Euskal Herriak 130.000 biztanle inguru dituela, horietarik 80.000 euskal hiztunak, eta horietariko gehienak aspaldi gazte izanak, eta suposatuz Hego Euskal Herriko ikusle guti izan duela emankizunak, ez dirudi batere marka txarra.

Proiektu honek eman du berea, eta dagoeneko ez da Busti-ren saio berririk bidean. Aldiz, abenduan Barañainen egin Gazteraiki topaketetan Gazte Telebistaren proiektuari oinarriak jarri zizkioten Euskal Herri osoko hainbat gaztek, eta otsailaren 4an egin zen proiektuan interesatutako gazteak elkartzeko lehen bilkura irekia. Baietz Busti-ko zenbait kide berriz pantailan ikusi.

Maialen Duguine taldekideak Argia-ri adierazi zionez, «denbora anitz pasa dugu proiektu honen inguruan, eta sari honek balorazio berezia ekartzen dio lantalde osoari. [...] Motibazioa pizten ahal digu beste proiektu batzuk aitzinatzeko». Ez dela beranduegi, alegia. (Txistea harrapatu dutenen artean, bi lagunentzako asteburupasa zozketatuko da Iratiko Besaro hotelean).

Ez dut esan. Busti-ko lantaldeak irabazi du aurten ikus-entzunezkoen Argia saria.

Bide batez, azpimarratzekoa da Argia sarien bidez –ere– Argia proiektuak Ipar Euskal Herriko kazetari eta komunikabideei Hegoaldeari begira ematen dien ikusgarritasuna. Sariak 1989an banatu ziren lehen aldiz, eta orduan Luzien Etxezaharreta irrati esataria izan zen saritua. 1990ean Emile Larreri eman zioten merezimenduzko saria. 1994an Irulegi-Xiberoko Botzari irrati alorrekoa. 2002an Pantzo Hirigarairi eta 2007an Jojo Bidarti. 2010ean Itxaro Bordari. 2012an eta 2013an Kanalduderi eta 2015ean Euskal Irratiei. Eta aurten Busti-ri ez ezik Amapola Morea-ri ere –Oiartzun eta Antxeta irratiek elkarlanean osatutako saioari– eman diote saria.

Baina, aizue, zuek zer nahi duzue? Ikus-entzunezko proiektu on bat, ala Iparraldekoa?