2017ko Apirilak 30
Gora joan

Glokalia

Ignazio AIESTARAN
Ignazio AIESTARAN

Angela Davis lehen aldiz Herbert Marcuserekin ediren zenean, azken honek itaundu zion: «Ziur zaude filosofia ikasi nahi duzula?». Erran nezake galdera horretan ezkutatzen denak eraman ninduela EHUn lan egitera. Kultura zaurgarritik zenbait lekutan idatzi eta idazten dut: azken urteotan Argiako blogean, orain Jakinen. Gorputzen lanean buru eta eskuaren arteko hausturarik ez, mundu global batean Paul Celanen meridianoari jarraitzen diot Iraultzaren Plazatik.

Hildakoen eta bizidunen arteko ekonomia

2017-03-10

2017ko urtarrilaren 2an John Berger eleberrigile, olerkari eta saiogilearen heriotza jakin bezain fite, berak izkiriaturiko ‘Twelve theses on the economy of the dead’ [‘Hildakoen ekonomiari buruzko hamabi tesi’] euskaratzea erabaki nuen nire blogean. Omenaldi xumea ez ezik, hildakoen eta bizidunen arteko komunitatearen ikerketa ere izan zen. Idazle fin horren ildoari jarraiki, baiezta dezakegu hildakoek bizidunak inguratzen dituztela. Bizidunak hildakoen erdigunean bizi dira. Erdigune horretan daude denboraren eta espazioaren dimentsioak, baina erdigune hori inguratzen duena denboragabetasuna da. Bergerren irizpide zorrotzaren arabera, erdigunearen eta bere inguruen artean hartu-emanak suertatzen dira, ohiki argiak izaten ez direnak. Hartu-eman horietaz baliatu dira erlijioak, mistifikazioak sortuz. Erlijioak kezkatuta egon dira hartu-eman horiek argiagoak egitearren, baina ez dute beti lortu, hartu-eman argiaren bakantasuna denboragabearen eta denboraren arteko muga ukigabe zeharkatu ahal duenaren bakantasunaren ondorioa delako.