Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Ekonomia

Joseba Barandiaran
Joseba Barandiaran

Prentsa nahiz zenbaki bidezko ekonomia behatzaile, ekonomialari tituluaz harago. Finantza alorreko ikasketak eta esperientzia oinarri, norbere mugak muga, gauzak modu sinplean azaldu eta ulertu zale. Betaurreko jakin batzuk ditugun jakitun, ezkerrera nahi baina eskuina sarri tiraka.

Europar hauteskundeak

2014-07-21

Hauteskundeen joko teoriak dio, bi alderdi nagusi lehiatzean, biek zentro politikoa eskuratu behar dutela, ‘batez besteko bozemailea’ erakarri, bozen gehiengoa lortu ahal izateko. Horren ondorioz gertatu da Europan, besteak beste, eskuin nahiz ezkerreko deitutako alderdien politiken berdintze handi bat, Frantzian Vallsekin edo Espainian Zapaterorekin, nolabait ‘pentsamendu bakarra’ edo neoliberalismoa hedatu duena eta zenbait herrialdetan (Austria, Alemania, Grezia...) alderdi nagusien koalizioak eratu dituena. Politika ekonomikoaren ikuspuntutik, zaila da, zinez, eskuma edo ezkerreko omen diren alderdien arteko ezberdintasun esanguratsuak topatzen. Espainiarako bolibartar alternatiba katastrofikotzat jotzen duen Felipe González bati, kasu, sei milioi langabetuen ilara ez zaio, itxuraz, hain katastrofikoa iruditzen.

Zentzu horretan, euroa txanpon duen Europak ez du lortu herritarren atxikipena sendotzea; kontrara, urruntze bat sumatzen da Brusela-Frankfurteko botere politiko ekonomikoarekiko. Moneta politika batu eta bakarra duen Eurogunean, politika fiskalak koordinatzea geroz eta zailago gerta liteke, bozemaileen logika nazionalagatik, indar zentripetoen gorakadagatik eta, oro har, krisiak Europako zenbait lurraldetan utzi duen kaltearen sakonagatik. Kontua da AEBek adierazle makroekonomiko okerragoak dituztela Europak baino (zor eta defizit mailan, urrutira gabe); aldiz, Europaren hauskortasunak bestelako politikak egitera eraman du (troika edo Kontseilua dira nagusi, eta ez gobernu federala edo bi ganberako parlamentu sendoa; inflazioaren aurkako borroka du helburu bakar banku zentralak, eta hazkundearen gaineko kezka izpirik ez; eta abar). Beraz, krisi ekonomiko asimetrikoaz gain (estatu ezberdinetan eragin hagitz ezberdinekoa baita), krisi politiko sakona ere bizi du Europak. 26 milioi langaberi esperantza amiñi bat emango liokeen ikusmolde sozialdun alternatiba supranazional sendo bat eratzeko ezintasuna ere tartean dela.

Bestalde, esker-eskuin ardatzari ardatz nazionala ere gehi dakioke azterketa konplexu eta osoago bat egite aldera. Baina bistan da boza ematen duten erdiek soilik parte hartzen duten hauteskundeetan, zilegitasun arazoez landa, zaila dela jendearen zinezko nahia zein den zehatz interpretatzen. Abstentzioan bertangoxo egin dutenek zeresan handia izan dezakete aurrera begira. Baina, oraingoz, Jon Sarasuak bota duen «hemengo ezkerra eskuina da» horri izango da «hemengo eskuina ezkerra da» kontrajarriko dionik ere.