Asteartea, 2024ko apirilak 23
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Nafarroa Garaiko gobernuaren azken ekimenak

2015-12-15

Azken asteotan erresuma zaharreko Hegoaldean gobernu foralaren bi proposamenek urak harrotu dituzte, oposizioaren demagogia eta informazioaren manipulazioa ezin ageriagoan erakutsiz. Alde batetik, zerga gehiagorik jasotzeko erreforma fiskalaren aurrean inolako proposamen zehatzik egin gabe hasi dira gobernuko proposamenaren aurka egiten, estatu espainoleko inguruko lurraldeetan baino ezarpen tasa altuagoa izanen delako argudio soila erabiliz. Datorren urte fiskalerako iragarritako igoerak oso xumeak izanda ere, hileko 20 euro ingurukoak txikienak, 100 euro errenta altuenen kasuan, oposizioak ez du ezer entzun nahi. Kutsu neoliberaleko diskurtsoez gain, zergak guztiontzat ‘galdutako’ dirua balira bezala aurkezten dituztenak, politika fiskal horren eskutik Nafarroa Garaia hondoratzera doala ere erran eta entzun da. Oso zaila da baldintza horiekin negoziaketaren bat gauzatzea, ezer ez egitea proposatzen dutenekin hain zuzen. Inor ez da perfektua izaten, beraz, proposamena hobetzea posible da, progresibitate gehiago ezartzeko bidean, erraterako, eta halaxe aipatu dute Podemos alderditik. Baina gobernua sustengatzen duten indar politikoen arteko konponketa bat izan beharko dela eman du. Edozein modutan, erreforma hori bide onetik doala pentsatu dugu, nonbait motz geratu bada ere, kualitatiboki mezu zuzena ematen ari baitzaio Nafarroa Garaiko jendarteari, justizia soziala eta bideragarritasun finantzarioa elkarrekin uztartuz.

Bertzaldetik, irakasle plazak sortzeko deialdi publikoaren kariaz nahasmena egundokoa izan da, euskaraz irakasteko lanpostuak eskaintza publikoaren ia hiru laurdena izanik. Ez dabil oso fin Mendoza Hezkuntza departamentu burua, Haranburu jaunaren izendapen ezeztatua lekuko. Izan ere, lehenbiziko aldiz Parlamentuaren bozketa batean gobernuak galtzea ekarri zuen gaizki-ulertu edo komunikazio akats horrek, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren botoen laguntzaz. Gero giroa pixka bat baretu da, baina ezin ukatu laukotearen barruko pitzaduraren aztarnak. Podemos alderdiaren aldetik ñabardurak eta bigarren hausnarketarako deia entzun baditugu ere, aurkako botoaz damutzeraino, ez da gauza bera gertatu Izquierda-Ezkerraren partetik. Dudarik gabe, azken indar horrek mundu sindikal gazteleradunarekin dituen harreman estuak daude ustekabeko, edo ez hain ustekabeko, matxinada politiko horren atzean. Indarrean dagoen Nafarroa Garaiko Hezkuntza sistemaren bi ereduetan –gaztelerazkoa eta euskarazkoa– ingelesez ikasteko programa eskaini zuenean, UPNk bazekien hezkuntza publikoaren kudeaketan nahaspila ederra sortzen ari zela. Inolako plangintzarik gabe egin zuen, ‘euskarazko lerroen hazkuntzari aurre egiteko’, Barcina andreak presidente zenean adierazi zuen ildoan. Hala, ikasturte batetik bertzera, ehunka irakasle C1 ingelesezko maila izatera behartuta ziren, aurreko UPNren gobernuen aldetik inolako formakuntzarik jaso gabe. Pellokeria maltzur horren ondorioz, irakasle elebakarren egoera larriagotuz joan da azken urteetan, haien lanpostuak ‘soberan’ daudela erran baitzuen 2013an UPNren gobernuak berak eskatutako txosten ‘tekniko’ batek. Gauzak horrela, ezkerreko indar horren jarrera sutsu eta hertsia, eskuineko argudioak bereganatzen dituena, kezkagarria bezain ulergaitza iruditu zaigu. Komunikazio akatsak ez dira soilki gobernuarenak.