Osteguna, 2024ko martxoak 28
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Hauteskundeen emaitzak

2015-07-08

Zaila da oraindik Estatu espainoleko zenbait Autonomia Erkidego eta tokiko erakundeetarako izan berriki diren hauteskundeen benetako ondorioak zehaztea. Erabateko gehiengorik gabeko egoeretan, politika demokratikoak helburu herrikoiak adosteko gaitasuna frogatu behar duelakoan gaude. Horretarako, ‘sukalde’ lan isil eta kementsua ezinbertzekoa da, ahalezko partaide politikoen aldeko umiltasun eta jendearekiko konpromiso garden eta tinkoaren laguntzaz. Hego Euskal Herrian pairatzen dugun banaketa politiko-administratiboaren ingurumarian, porrot eta garaipen erlatiboak ere banatu dira. EAJ-PNV eta PSE-PSOE alderdiek Gipuzkoan arnasa hartzeko emaitzak lorturik, Bizkaiko jeltzaleen gotorlekua ziurtatuta, prest omen daude haien zuzendaritzak EH Bilduri azken lau urteetako txanpona itzultzeko. EH Bilduk, Gipuzkoan behintzat, hezkuntza lana, egindako akatsez gain, nahiko garesti ordaindu duela pentsatu dugu, eta ez soilki hiri hondakinen kontura. Izan ere, Nafarroa Garaiko Barkos andreak ongi badakiela erakusten ari den ildoan, boterea erabiltzeko bide eta formak helburu politikoak bezain garrantzitsuak dira zalantza izpirik gabe, are gehiago Gipuzkoako jeltzale eta sozialisten oposizio basatiaren aurrean. Datozen tokian tokiko agintari berrien politikak aurrerapauso edo atzerakada ekarriko duen hurrengo hauteskundeetan zehaztu arte, elkarbizitza sustatzea eta hiri eta herrietako jendearen egoera hobetzea dira babestu beharreko gehiengoaren aldeko helburu nagusiak. Bitartean, Ciudadanos eta Podemos alderdi etorri berriek ezarri nahi duten politika egiteko estilo eta antolaketa ezberdinek norainoko eragina izanen duten, bereziki alderdi horien bozkak agintaritza berria hautatzeko beharrezkoak diren leku eta erakundeetan, ezezagun nagusietariko bat izanen da. Ziurtasunik eza gainditzeko bidean, krisialdi ekonomikoaren aurrean hartu beharreko lehenengo neurriak lirateke adierazle egoki bat, casta-ren ezagutu ditugun politiken aldean. Ez dago bertze modu batean aritzeko tarte zabalik, baina, egon, badago.