Osteguna, 2024ko apirilak 25
Gora joan

Ekonomia

Henrike Galarza
Henrike Galarza

NUPeko Ekonomia irakaslea naiz, nazioarteko ekonomia gaiak jorratzen ditut, bereziki moneta-teoria eta moneta-politika. Globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendu sozial eta herrikoietan parte hartzen dut.

Errefuxiatuak, iheslariak eta etxean geratu direnak

2015-12-10

Dagoeneko, Siriatik lehenbiziko errefuxiatuak Hego Euskal Herrira iritsi dira. Oso gutxi eta nahiko berandu etortzen ari dira –oraingo erritmoan ehun urte barru iritsiko lirateke azkenak, arduradun baten kalkuluaren arabera–, Europako Batasunaren ekialdeko mugak hormez eta laban txikiz janzten ari diren bitartean.

Berriki Maltako irlan izan den goi bileran milioiak dantzan jarri dituzte agintari europarrek, beti ere aipatu hesi eta labanek kostatu dutena baino askoz kopuru txikiagoan. Nola ez lotsatu? Mendebaldeko herri kapitalistek bultzatutako gatazka armatuek sortu duten tokian tokiko botere politikoen hutsunea ahantzarazi nahian edo, kexuka ibili dira gure ordezkari politikoak azenarioa, barkatu, dirua eman orduko, nori eman behar dioten zehazteko zailtasunez. Bere garaian armak banatzean ez zutenez hain zuhur jokatu, hor daude orain muturreko talde krudel batzuk biztanle xumeen aurkako etengabeko atentatuak eta exekuzioak burutzen, herri demokratikoek saldutako tresneria hilgarriak erabiliz.

Hango herrietan oraingo errefuxiatuek zuten aurreko bizitza desagerturik, gogora etorri zaizkigu, une batez, martirizatutako hiri eta herri horietatik atera ez direnak. Errefuxiatu eta iheslariek haien bizitza bidaian zehar arriskuan jarri eta gero, behin harrerarako zentroetan hala edo nola sarturik, ongi edo gaizki bizi izateko aukerak dituzte. Egia da zentro batzuetan, jende gehiegi egoteaz gain, egunoroko baldintzak ez direla hoberenak, leunki errateko; baina, orain arte behinik behin, bertan ez dute haien bizitzarako arriskurik jasan behar. Atzean geratu direnak, aldiz, behin-behineko kanpamendu edo herrixketan, hiriburuetan bezala, egunoro gorriak ikusten ari dira, mehatxu eta arriskuak ia alde guztietatik pairatzen ari dira, aliatuen bonbardaketak barne. Herri eta nazio horien garapen historikoarekin militarki nahastea nahiko erraza zuten munduko estatu boteretsuenek, orain ikustekoa da birrindutako jendarte zibilek berreskuratu eta indartzeko aukeraren bat izanen duten.