Asteartea, 2017ko Maiatzak 23
Gora joan
Menua

Argitalpenak

Jakin Taldearen hasierako asmoa eta eskaintza Jakin aldizkaria izan zen, eta gerora ere funts-funtsean aldizkaria izan da taldearen produktu nagusi eta gidaria. Baina liburugintza eta liburuak argitaratzearena ez da administrazio publikoak ezarritako aldizkariaren isilaldiak (1962-1964 eta 1969-1976) betetzeko bakarrik izan. Aldizkariaren inguruan liburuak ere argitaratzea aldizkako agerkariaren beraren eranskintzat hartu izan dute sarritan jakinkideek: aldizkariaren bitartez argitaratu ezin dituzten material idatziak kaleratzeko, edota aldizkariaren harpidedunei eskaintza gehigarria egiteko.

Aldizkariaren lehen aldiko hutsunea (1962-1964) betetzeko, hainbat liburu argitaratu ziren: Luis Villasanteren Kristau Fedearen sustraiak. I. Jainkoa (1962), Ignazio Omaetxebarriaren Euskera (1959) eta Joseba Intxaustiren Euskal Aditza (1960), esaterako. Bestalde, zenbait gai monografiko kaleratzeko argitaratu zituzten Europa (1965) eta Filosofiaren kondaira (1965) liburuak.

1969ko abuztuan, Espainiako Ministerio de InformaciĆ³n y Turismok Jakin aldizkaria legez kanpo utzi zuenean, 36. zenbakia inprimategian zegoen. Harpidedunekikoa nolabait betetzearren, zenbaki hori Jakin Sorta saileko lehen liburu bihurtu zuten, monografikoa eta taldean landua, Ipar Euskal Herria tituluarekin. 1975 bitartean hamar liburu atera ziren sail horretan.

Aldizkaria itxita eta Jakin Sorta saila bideratuta, bestelako proiektuak asmatu zituen Jakin Taldeak. Hasteko, Jakin Liburu Sorta izendatu zutena: Que-sais-je liburu sail frantsesa eredu eta amets, nolabaiteko euskarazko entziklopedia unibertsal eta orokorra bilatzen zen, jakintza modernoetako alor eta gai guztiak hartuko zituena, eta liburuxka monografikotan banatua. 1971-1981 urteetan 28 liburu argitaratu ziren sail horretan.

Bestalde, Jakin Bide saila sortu zen. Oinarrizko liburuak eskaini nahi zituen Jakin Bide sailak, eta bereziki hiztegi forman, urte batzuen buruan hiztegi entziklopedikoa osatzeko xedez. Hiru liburu baino ez ziren izan, baina aparteko ahalegin editoriala eskatu zioten taldeari, tamainagatik zein elaborazio-lanagatik: Luis Villasanteren Axularren Hiztegia (1973, 674 or.), Kristau bidea (1975, 498 or.) eta Axularren Gero (1976, 708 or.). Jakinen hiztegi berezituetan lehena Natur Zientziak. Hiztegia (1976) izan zen, Jakin Bide bildumaren barruan sail berri bat inauguratuz: Jakin Hiztegiak. Baina hurrengo hiztegiak UZEIk argitaratuko zituen.
Bildumetatik kanpo ere liburu batzuk atera zituen Jakinek urte hauetan: Antton Elizegiren Sustraietan (1976) eta Bitoriano Gandiagaren Uda batez Madrilen (1977), besteak beste. 1990eko hamarkadan, Jakin Irakurgaiak liburu sail berriari ekin zion Jakinek Joxe Azurmendiren ardurapean, helburu honekin: oinarrizko testuen bidez, pentsamenduaren dibulgazioa sustatzea eta giza zientzietako, filosofiako eta pentsamenduaren historiako autore eta auziak aurkeztea. 45 liburu argitaratu dira dagoeneko.

Oraingoz, Jakin Irakurgaiak saileko liburuen bertsio digitala ekarri dugu webgune honetara.