Danele Sarriugartek tesi edo diagnostiko argi batetik abiatzen du urtearen kultur balantzea: aro bat amaitu da euskal kulturan eta gauza berriak eraikitzen gabiltza, oraindik erabateko formularik asmatu gabe eta bizkarrean aje astunak daramatzagula. Kulturgintzaren hainbat esparrutan jartzen du begirada: euskalgintzaren diskurtsoak, kultur politika ereduak, literatura, itzulpengintza, antzerkia, artea, hedabideak...
Hedoi Etxartek Parisko atentatuak –urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren aurka eta azaroan hiriburuko hainbat leku publikotan egindako erasoak– ditu gogoeta gai, Mendebaldearen kontzientzia inarrosi duten gertakariak, zalantzarik gabe. Fanatismo erlijiosoaren azpian daude bestelako gako soziopolitikoak agerian uzten saiatzen da Etxarte.
Euskara behe-mailako jardunguneetan zokoratuta zebilen egoera soziolinguistikoa izendatzeko kontzeptu baliagarria da diglosia. Gaur egun euskara diglosiak ezarritako funtzioen konpartimentazio zurrunetik aske badabil ere, berragertu egin dira diglosiari gorazarreak, euskalgintza instituzionalaren eskutik. Diskurtso horiek aztertzen dira, eta ondokoa ondorioztatu: teorikoki hutsalak direla, eta atzerakoiak euskararentzat.