Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan
Menua
JAKIN 207

Sarrionandiaren nazioa, Joxe Azurmendiren arabera

2015-05-06

Joxe Azurmendi eta Joseba Sarrionandia. Edo Sarrionandia, Azurmendiren begirada pean. Edo, Renan eta moroak. Behelainotan. Behelainotan ibiltzeko, bide bat markatu digu maparen gainean Joxe Azurmendik, Joseba Sarrionandiaren nazioaren bila ibili eta gero, zenbaki honetako artikulu nagusian. Lan interesgarri eta eder honetan, Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuaren kartografia osatzeko, Azurmendik berak berriki idatzitako Renan filosofoaren “nazio kontzeptuaren gezur interesatuaren” gaineko saiakera hartu du makulutzat, Sarrionandiaren nazioaren egia argira ateratzeko.

Azurmendiren hitzetan, liburu harrigarria da Sarrionandiarena, “arazo zailei buruz liburu zail bat irakurketa errazekoa”. “Esperimentu bat” da, arazoei goitik eta behetik, urrundik eta bertatik so egiten diena. Idazle durangarra ez da propio nazio kontzeptuaz ari saiakera horretan, baina ia inon zuzenean tratatu gabe, nazioaren kontzeptuak orrialde gehienak zeharkatzen ditu, modu sutil batean bada ere.

Sarrionandiak nazioa ez du kontzeptu huts, akademiko eta aratzean hartzen, baizik eta guztiarekin saretua, eta esperientzia pertsonal eta kolektibotik pentsatua. Eta horixe da, Azurmendiren esanetan, haren lehen lezioa: nazioarekin daukagun arazo behinena ez dela kontzeptuarena, nazioa kontzeptu bat baino sentimendu bat dela Sarrionandiarengan, bizipen eta interes propioek zurkaizten dutena. Eta hizkuntzaren arazoarekin errotik bat egiten duena, eta literaturarekin azaldu ahal dena. Eta, gainera, sinonimo izateraino edota nazioaren ideiak berak barnean irensteraino, estatuaren kontzeptuari lotua ageri dena. Eta, gehiago: Sarrionandiaren nazioak humanitatearen kontzeptu bat dakarrela barrenean, eta norbanakoa eta komunitatea inplikatzen dituela; eta gizatasun horretan, elkartasunaren eta gizartearen ideia propio bat formulatzen duela.

Hori dena da Sarrionandiaren nazioa, Azurmendiren begietara. Azken finean, zer da nazioa galdetzen den aldiro, zerbait zehatzagoa galdetzen ari garela dio Azurmendik. Sarrionandiaren kasuan, zer da Euskal Herria? galdetzen ari gara, Renanek qu’est-ce qu’une nation? galdetzen zuenean zer da Frantzia? galdetzen ari zen bezalaxe.

Sarrionandiari, azken finean, zer gara baino zertan ari gara da interesatzen zaion galdera. Eta horregatik dio Azurmendik, izatearena baino, “egitearen filosofoa” dela durangarra. Eta egite horretan txertatzen duela behelainotik ekarri duen esperantzaren gramatika hori.

Bernart Etxepare eta Ismael Larrea. Edo Sarrionandia, Unai Iturriagaren begirada pean. Izpegiko gainean, elkartu ditu, 400 urteko itxaronaldiaren ondoren, Etxepare eta Ismael Larrea moroa (Sarrionandiaren alter egoa) Kontrazaleko artikulu grafikoan.

Euskarazko ikerketa eta irakaskuntza unibertsitatean zertan aldatu den azaltzen dute ondorengo bi artikuluek. Ane Larrinagak eta Mila Amurriok unibertsitatearen nazioartekotzeak euskararen hautuan eragina izan duela azaltzen dute. Eta, Karmele Artetxek euskarazko ikerketa bigarren mailakotzat hartzen dela ondorioztatu du.

Bukatzeko, Egunen gurpilean atalean, Nagore Amondarainek artearen elikaduraz idatzi du, Henrike Galarzak TTIP nazioarteko merkataritza hitzarmena hartu du aztergai, Txerra Rodriguezek azkenaldiko ikerketa eta mapa soziolinguistikoei bota die begirada, eta Gorka Juliok euskara eta teknologia uztartzeko dekalogo bat osatu du.