Larunbata, Igandea, 2024ko apirilak 20
Gora joan
Menua

Jakin berria: 2014ko kultur balantzea

2015-01-15

2014ko kultur balantzearen idatzi nagusia Harkaitz Canok egin du. Canok, urtearen kultur balantzea osatzerakoan, kultur buruaskitasunaren aldeko aldarria egiten du. Kulturgintzako hainbat esparru zeharkatzen ditu bere azterketak: erakundeen eta sortzaileen arteko mesfidantzak, kultur politika ereduak, literatura eta liburugintza, memoriaren ‘moda’, zinemagintza, telebista...

Urtean zehar kulturaren alorrean gertatutakoaren balantzea egiten dute ondoren beste bederatzi egilek. Danele Sarriugartek zinemagintza eta itzulpengintzaren emariak aipatzen ditu, besteak beste; Iñigo Astizek Guggenheim museoaren hitzarmen berritzea, Donostia 2016 ekimena, Durangoko Azoka eta GEU jardunaldiak aztertzen ditu; Nora Arbelbidek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen aferaz dihardu; Alberto Barandiaranek, besteak beste, naziogintza prozesuan euskarari ematen zaion garrantziaren inguruan dagoen polemikaz egiten du gogoeta; Garazi Arrula, Antton Iturbe, Haizea Barcenilla, Koldo Almandoz eta Iñaki Etxelekuk, hurrenez hurren, literatura, musika, arte, zinema eta antzerkiaren eremuak jorratzen dituzte.

Joan Mari Torrealdaik, aurreko urteetan egindakoaren ildo beretik, 2013an euskaraz argitaratutako liburuen azterketa aurkezten du. Honako alderdi hauek landu ditu: lehenik, liburu produkzioaren zifren iturriak; bigarrenik, argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen izaera eta aniztasuna, argitaletxe emankorrenen aipamena eta kanpoko eta bertoko argitaletxeen ekoizpenaren konparaketa; hirugarrenik, argitalpenaren zenbakien inguruan, argitaratutako tituluen zifrak eta nobedadeak eta berrargitalpenak; eta, azkenik, gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa.

Gerardo Luzuriagak eta Roberto Kerexetak, 2007an, 2009an eta 2011n argitaratutako hiru artikuluri jarraipena emanez (‘Liburutegi digitalak’, Jakin 160; ‘Euskal liburutegi digitalak: 2007-2009’, Jakin 172; ‘Euskal digitalizazioa 2009-2011’, Jakin 185), azken bi urteotan Euskal Herriko liburutegi digitalen panoraman agertu diren proiektu berriak aurkezten dituzte, horien helbide elektronikoak eta ezaugarri nagusien deskribapena erantsiz.