Asteazkena, 2024ko apirilak 24
Gora joan
Menua

Jakin 206: Kepa Enbeitari elkarrizketa luzea, eta Unai Iturriagaren ‘artikulu grafikoa’ kontrazalean

2015-02-25

Gai nagusi gisa, Kepa Enbeitaren historia bizia dakar 2015eko lehen zenbaki honek, haren ahotik ekarri ere, elkarrizketa luze bat egin baitiogu. 

Urretxindorraren biloba eta Balendin Enbeitaren seme zaharrena, Kepa Enbeita, erresistente bat da, eta bere ahotik Euskal Herriko azken bost hamarkadetako historia aletu daiteke. Ez bakarrik historia kolektiboaren ondorio delako, baizik eta, eta bereziki historia horretan bera eragile izan delako.

Sarritan ‘bazterretako’ borroketan ibili dela esan genezake, statu quoaren kontrako bideetan, eraldatzen, nekazaritzan, adibidez, edo Arabatik, herrigintzan. Biak hala biak eremu ‘periferikoak’. Eta hain zuzen, sarri gertatzen den legez, gurean ere, ‘zentroan’ baino ‘periferietan’ gertatzen dira gauzarik interesgarrienak, eta baita eraginkorrenak ere. Eroso ez egotearen ‘abantailak’ akuilatuta-edo. Horixe ikusten da, Kepa Enbeitaren ‘Historia bizia’ elkarrizketaren ondoren datozen bi artikulu mamitsuetan. Manex Agirre euskara teknikari eta bertsolariak Arabako euskalgintzaren gaineko erradiografia eta analisi zorrotza egin du, eta Mixel Berrokoirigoin ELBko kide eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakariak, berriz, Iparraldeko nekazaritzaren ingurukoa. Biak hala biak Enbeitak jorratu dituen eremuak.

Egunen Gurpilean atala berrituta dator. Bi artikulugile berri estrainatu dira bi zaharren ordez. Joseba Barandiaranek utzi eta Henrike Galarzak idatzi du Ekonomia atalean,  eta Dabid Anautek Txerra Rodriguezi eman dio erreleboa soziolinguistikako gaietan. Teknologia birtualez Gorka Juliok dihardu, eta Kulturaz, berriz, Nagore Amondarainek ohiko denez.

Bukatzeko kontrazala. Hutsa zegoena bete egin du Unai Iturriagak artikulu grafiko eder batekin.