Ostirala, 2024ko apirilak 19
Gora joan
Menua

Jakin 201. Katalunia bidean: prozesu subiranistaren gakoak aztergai

2014-05-14

Kataluniako prozesu subiranista hartu dugu hizpide zenbaki berrian. Izan ere, prozesu independentistak gero eta indar handiagoa bildu du azken urteotan gizarte katalanean, eta 2014ko azaroaren 9ko galdeketari begira dago. Prozesu politiko horrek sustrai sakonak ditu Kataluniako klase politikoan ez ezik gizarte zibilean; areago, prozesuaren gidaritza bera hein handi batean gizarte zibilaren eskuetan dagoela esan genezake. Trantsizio subiranista horren gako nagusiak argitzen laguntzera datorren zenbaki honetan, lehenik sarrera orokor eta gainbegiratzailea eskaini diogu gaiari, eta, ondoren, Kataluniako gizartea bertatik bertara ezagutzen duten hainbat euskaldunen iritzia bildu dugu, gaiari buruzko ikuspuntu ezberdinak jasotze aldera.

‘Iraultza demokratiko bat Europaren bihotzean’ artikuluan, Vicent Partal kazetariak Kataluniako prozesu subiranistak azken urteotan izan duen bilakaera eta gorakadaren gako nagusiak aurkezten ditu.

Ondoren, Euskal Herriarentzako ere Kataluniako prozesu politikoak interes berezia duela aintzat hartuta, Kataluniako politika, ekonomia, kultura, komunikazio eta hezkuntza esparruekin lotura zuzena duten sei euskaldunengana jo dugu, ‘bide katalanaren’ gako nagusiei buruzko iritzia eman diezaguten. Itziar Aduriz, Martin Aranburu, Aitor Arruti, Aritz Galarraga, Gorka Knörr eta Elisabet Zunzunegik aztertu dituzte nork bere esparruko gakoak.

Egunen gurpilean sailean sinadura berri bat dugu: Nagore Amondarainek heldu dio Kultura atalari. Ekonomia, soziolinguistika eta komunikazioaren inguruko atalak, aurreko zenbakian bezala, Joseba Barandiaran, Dabid Anaut eta Gorka Juliok jorratuko dituzte, hurrenez hurren.