Osteguna, 2024ko apirilak 18
Gora joan
Menua
Jakin Irakurgaiak 47: 'Gizabere kooperatiboaz'

Gizaberea egoismoaren eta kooperazioaren artean, Joxe Azurmendiren eskutik

2016-05-19

Euskal Herrian badago pentsaera eta esperientzia kooperatibo bat. Eta munduan ere, azken urteotan, hainbat pentsamendu eta mugimendu dabil munduan ideia kooperatiboaren gainean: ekonomia solidarioa, ekonomia alternatiboa, jasangarria... Proiektu horietan guztietan kapitalismoa gainditzea edo eraldatzea bilatzen da. Sozialismoaren tradizio klasikoan beti (gehi ekologia, feminismoa, elementu berriagoak). Izan ere, kooperatibismoa sozialismoa da. Honezkero sozialismoa zer den, etiketa bat izateaz aparte, ez dago garbi, auzitan dago. Dena den, gure ‘kooperatibismo arizmenditarraren’ esperientziak badu oraindik, beharbada, sozialismo berri baterako interesik.

Badago, ordea, arazo antropologiko-filosofiko aurretiazko bat gizakiaren berezko izaerari buruz, kooperazioaren posibilitateari eta zentzuari buruz zuzenean diharduena:

  • Zer da berez gizakia: Hobbesen otsoa otso artean, elkarrekin beti lehian eta borrokan?, ala Rousseauren gizakume bihozbera lagunkoia?
  • Zer da gizakiarengan naturalago: egoismoa eta norgehiagoka, ala altruismoa eta kooperazioa?
  • Naturala ala antinaturala da kooperatibismoa? Eta kapitalismoa?

Azken urteotan eboluzioaz eta gizakiaren bilakaeraz diharduten biologo eta etologoek galdera horietara ekartzen gaituzte behin eta berriro.

Charles Darwinen eboluzioaren teoriatik abiatuta, auzi horiek azken 150 urteetan izan duten ibilbidearen berri eskaintzen du Joxe Azurmendik liburu honetan, batik bat autore hauen ekarpenei helduta: Charles Darwin bera, Herbert Spencer, Thomas H. Huxley, Piotr Kropotkin, Richard Dawkins, Edward O. Wilson, Frans de Waal eta Jose Maria Arizmendiarrieta.

Joxe Azurmendiren Gizabere kooperatiboaz liburuaren aurkezpena ('Jakin Irakurgaiak’ 47)
Joxe Azurmendi eta Lorea Agirre
Koldo Mitxelena Kulturunea, 2016-05-18