Ostirala, 2024ko martxoak 29
Gora joan
Menua
Liburuaren Eguna

Euskarazko liburua, kopuruz gora baina bizitzaz labur

2017-04-21

Euskal liburu produkzioa %8 hazi da 2015ean; aurreko urtean baino 189 titulu gehiago argitaratu dira, eta kopuru horrekin, mende berriko daturik onenetakoa erdietsi du, 2008an gailurra jo eta ondorenetik. Krisiaren hasiera edo krisi gabeko bizitzaren azken urtetzat hartzen den 2008. urtean 2.597 tituluk ikusi zuten argia, eta 2015ean 2.353k. Bi kopuruen aldea ez da ikaragarria eta, agian, esan liteke errekuperatzen hasi dela liburu produkzioa. Baina bi zifra horien atzean dagoena ez da berdin-berdina: liburu digitalaren proportzioa 2015eko datuan nabarmen handiagoa da, 623 unitatekoa, kopuru osoaren %26,5. 2008an, unitate digitalen kopurua 107koa izan zen. Beraz, bistan denez, aldea nabaria da: digitalak gora egin du, eta gorantz doa, historikoak erakusten duenez. Liburu analogikoak ere gorantz egiten du urtez urte, baina alde txikiarekin, normala denez.

Berrargitalpenaren eskasia, diglosiaren adierazgarri

Eta normala denez, argitaratutako tituluen artean, nagusi nobedadeak dira, alegia, lehen edizioak, liburu berriak. Hori ohikoa da liburugintza normalizatua duten kultur sistemetan, baina berrargitalpenaren kopuruak ere zeresan handia du sistema horren izaera normal edo a-normalean. Alegia, zer proportzio gordetzen den nobedade eta berrargitalpenen artean. Euskarazko liburuari dagokionean, lau titulutik hiru berriak dira eta bat berrargitalpena. Eta proportzio hori, urtea joan urtea etorri, horrela gordetzen da. Proportzio horrek euskal kultur sistemaren normaltasuna edo jasangarritasuna adierazten al du? Bada, badirudi ezetz. Nobedade kopuruak engaina gaitzake, baina jaio orduko hiltzen den liburuak ez du kulturaren ekosistema luzarora aberasten. Horrenbestez, esan dezakegu diglosia islatzen dela, bereziki berrargitalpenak zein liburu motatan duen indarra eta zeinetan dabilen ahul begiratzen badugu.

Hezkuntza eta Irakaskuntzaren nagusitasuna

Begiratu dezagun, beraz, zenbat eta nola argitaratzen den alor bakoitzean. Produkzioa zortzi multzo tematikotan sailkatzen da: hezkuntza eta irakaskuntza liburuak; haur eta gazteentzako liburuak; giza eta gizarte zientzietako liburuak; helduen literatura; zientzia eta teknika alorreko liburuak; aisia liburuak; orotarikoak; eta erlijiokoak.

Sailkapen horri begiratuz gero, hezkuntza eta irakaskuntza liburuen nagusitasuna erabatekoa da –urtero bezala–, produkzio osoaren %42 baitagokio. 2015ean batez ere egin du modu nabarmenean gora, 990 titulu eman baitira argitara, aurreko urtean baino 177 gehiago. Igoera horren arrazoi nagusia liburu digitala da, hiru liburutik bat digitala baita; liburu digital horien %79 kasik kanpoko argitaletxeen eskutik plazaratu dira.

Haur eta gazte liburuaren alorra dator bigarren, %24,8 hartzen duela. Baina, lau puntu behera egin du 2015ean, 581 libururekin. Argitaratutakoen artean, ordea, itzulpenak gora egin du, eta %69 dira euskarara ekarritakoak. Beti izan ohi da asko itzulitakoa.

Gizarte zientzien alorreko liburuak eta helduen literaturarenak pareko daude, %12-13an, eta egin duen beherakadaren emaitza da, 358tik 307ra. Liburu mota honek gizarte esparru handia hartzen du, hasi filosofiatik eta geografia edo historiaraino, soziologia, etnologia edo hizkuntzalaritzatik barrena. Hori guztia elikatzeko 300 tituluk ikusi du argia euskaraz. Horietatik %26 digitalak. Apenas dago berrargitalpenik, ia denak titulu berriak dira. Gure diglosia kulturalaren seinale garbia da, liburu mota honek ez duelako egonkortasunik topatzen, beti da berri.

Helduen literatura ere 2014ko kopurura ezin iritsi geratu da. Gutxigatik, hori bai. 301 titulutik 283ra jaitsi da, 18 titulu gutxiago. Eta kopuru osoarekiko pisua ere galdu du %14tik %12ra, bi puntu. Horren baitan, digitalak indar hartu du, bai poesian eta bai narratiban, eta %38,1 iritsi du. Jakina, narratibak du leku gehien, %62,2, eta oso atzetik dator bigarren tokian poesia, %17,6rekin. Itzulpenaren pisua ohikoa da puntu bat gorabehera, %27,5. Ahulgunea, alor honetan ere, berrargitalpen kopuruak markatzen du: hamar liburutik ia zortzi ez dira berrargitalpen.

Zientzia eta Teknika liburuei dagokienez, beheranzko joerarekin jarraitzen duen alorra da. 2014tik hona, hori bai, hazi egin da titulu kopurua, baina ez orrialde kopurua, agian liburu mota honetan %42,7 delako liburu digitala.

Bertakoak eta kanpokoak merkatu berean

Beraz, bertako eta kanpoko argitaletxeen produkzioaren alderaketak argazki zehatza eta esanguratsua ematen du. Editorialaren kokagune geografikoaren zabalerak eta nolakotasunak egiten du kanpoko eta bertakoen arteko bereiztea. Alegia, argitaletxe batek zein duen bere eragin eremu geografikoa. Espainia osoa edo Frantzia osoa edo Euskal Herri osoa izatea, esate batera, argitaletxe denek hemen egoitza izanagatik, ez da gauza bera, horrek erabakigunea noren esku dagoen adierazten baitu. Eta horrek badu garrantzirik, horren arabera aldatzen baitira batzuek eta besteek gure ekosistema editorial eta kulturalean duten inplikazioa, hezkuntza curriculumean duten eragina edota euskal edizio industrian suposatzen dutena. Hortxe dago gakoa.

Beraz, ekoizpen osoa 2.353 titulukoa izan bada, 990 bertako argitaldarien eskutik kaleratu dira, 837 kanpokoen eskutik eta 526 bestelakoen eskutik. Bertakoek kanpokoek baino 153 titulu gehiago eman dituzte argitara, baina atentzioa ematen duen datua beste bat da: hezkuntza eta irakaskuntza multzoan gertatzen dena. Eremu horretan bertako argitaletxeek 310 titulu eman dituzte argitara eta kanpokoek 608. Aldea ikaragarria da, 298 titulu gehiago erabakigunea Euskal Herritik kanpo duten argitaletxeen eskutik, hau da, produkzioaren %61,4. Bertokoek hiru eremutan egiten dute lan gehien: hezkuntzako ikasmaterialetan, haur eta gazteen liburugintzan eta helduen literaturan, baina bai gizarte liburuak, bai zientzia liburuak eta bai aisia liburuak ere lantzen dituzte. Kanpokoek hezkuntzako ikasmaterialetan eta haur eta gazteen liburugintzan jartzen dute indar guzti-guztia. Alegia, ez dira integratzen euskal liburuaren ekosisteman, ez dute elikatzen, ez dute interesik.

Datu horiek guztiek begien bistan uzten duten arazoetan larriena zera da: hezkuntza proiektu gehienak (euskarazkoak eta erdaretakoak) inportaziokoak direla, horien curriculuma Euskal Herritik kanpo diseinatzen dela. Horrek dakarren soka luzea da oso, euskal geografiaz, euskal historiaz, ikuspegi euskaltzaleaz, Euskal Herriaren zatiketa administratibo-politikoaz edo euskal curriculum propio eta beregainaz... Eta txarrena: errealitate hori egonkortua dago jada, egun argitan gertatzen ari da, eta euskalgintzak, sektoreak, alderdi politikoek eta administrazioek arreta minimoa jarri gabe.